Peio Etxelekuk dei egin die hautetsiei bere talde politikora batu daitezen

Kanboko hautetsiak gutuna bidali zien ostiralean Euskal Hirigune Elkargoko hautetsi guziei. Beste 35 hautetsik bat egin dute Etxelekuren deiarekin. Gobernantza eredu deszentralizatuago bat aldarrikatu dute.

Euskal Elkargoko batzarra, uztailean. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko azaroaren 14a
10:10
Entzun

Egin du urratsa Peio Etxelekuk. Elkarrekin herriarentzat lelopean Euskal Hirigune Elkargoko beste 35 hautetsirekin batera instituzioaren baitako talde politiko bat osatzera doala jakinarazi du, eta bertan parte hartzera gomitatu ditu gainerako hautetsiak. Ostiral gauean bidali zien gutuna elkargoko gainerako hautetsiei, «ildo ezberdinetako hautetsiak biltzen dituen» etiketa politikorik gabeko «talde askotarikoa» osatzeko asmoa duela jakinarazteko. Kanboko (Lapurdi) hautetsi, Errobi lurralde eremuko erreferente eta EAJko Ipar Buru Batzarreko presidentea da Etxeleku, eta, taldean EAJko beste kide batzuk badira ere, aurreikusi bezala, bultzatu duen taldeak ez du marka hori eramanen. Defendatuko dituzten balioak zehazten dituen zazpi puntuko testu baten inguruan bildu dira. Egitura deszentralizatuago bat eskatu dute, besteak beste: «Gure Elkargoaren antolakuntza politiko eta administratiboak gure herriak eta lurraldeak errespetatu behar dituela aldarrikatzen dugu».

Azken asteetan gero eta gehiago aipatzen zen gaia zen talde politikoen sorrera. Ezkerreko abertzaleek prest dute hautetsien zerrenda. EH Baik bultzatu du, baina ez du alderdiaren etiketarik eramango; oraindik ez dute eskaera ofizialik egin. Etxelekuren inguruan ere talde bat sortzeko mentura bazela jakina zen, horri buruz mintzatzeko «goizegi» zela erran zioten BERRIAri, 35 hautetsien zerrendan agertzen diren bik. «Beharbada hori da entzunak izateko dugun modu bakarra», adierazi zuen iniziatiban parte hartu duen herri txiki bateko auzapez batek. Hautetsiei bidalitako gutunean, taldearen sorrera berantenez abendu hasierarako eginen dutela diote.

Oraingoz, ez da beste talderik osatuko denik espero, ez Frantziako ezkerraren espazio politikoan, ezta Etxegarairen inguruan ere. Emmanuel Alzuri Bidarteko (Lapurdi) auzapezaren inguruan saiakera batzuk badirela diote ahots batzuek, baina oraingoz inork ez du baieztatu ahal izan.

Espero bezala, herri txikietako ordezkariak batu ditu nagusiki Etxelekuk. Baina badira Lapurdi kostaldeko zenbait hautetsi ere. Horien artean Guillaume Barucq Biarritzeko hautetsia eta Manuel de Lara eta Manuel Vaquero Donibane Lohitzunekoak. «Ez gira oposizioko Talde baten gisa aurkezten, baina bai proposamenak egingo dituen talde baten gisa, aterabide alternatiboak edo osagarriak landuko dituena», adierazi dute aurkezpen testuan. «Herri txikien alde» jarduteko borondatea agertu dute, betiere «interes komuna eta lurralde osoaren zerbitzatzea» izanez «ezaugarri nagusia».

Beste gobernantza eredu bat

Ipar Euskal Herri barnealdeko herri txikiek duten sentimendu bat da Euskal Hirigune Elkargoan badela lurraldeen arteko desoreka. Haserre horren bozgorailu izan da Etxeleku azken hilabeteetan, eta arlo horretan aldaketak egitea proposatzen du «Euskal Hirigune Elkargoaren bizi politikoaren arraberritzeko nahikaria» agertuta bere inguruan bildu den hautetsi taldeak.

Honela diote balioak aurkezteko testuaren bigarren puntuan: «Gure elkargoaren antolakuntza politiko eta administratiboak gure herriak eta lurraldeak errespetatu behar dituela aldarrikatzen dugu». Ipar Euskal Herria osatzen duten lurralde historikoen «historia eta berezitasunak errespetatzea», baina, bereziki, «subsidiariotasun printzipioan oinarritua den egitura deszentralizatu bat», hobetsi dute. Haien iritziz azken urteetan Baionak hartu duen «zentralismotik» atera, eta herriko etxeei eta lurralde eremuei botere gehiago emateko borondate bat izan daiteke. Hara ere, ez dute zehaztu nola aurreikusten duten deszentralizazio hori.

Horrez gain, Euskal Elkargoko erabakietan «lurraldeko hautetsien lehentasuna eta hitz hartzeko gaitasun librea babestuko dituen prozesu demokratikoak segurtatzea» aipatzen dute: «Erabakitze eta gauzatze prozesu ahal bezain deszentralizatuak martxan ezarriz. Eta horren bidez, erantzun egokitu eta zuzenak, lurraldeen artean ekintza orekatzaileak martxan direla segurtatuz». Hau dio, halaber, laugarren puntuak: «Nahi dugu elkargo bat elkartasunaren eta Ipar Euskal Herriko lurraldeek sufritzen duten ezberdintasunen ttipitzearen alde jokatzen duena».

Etxelekuk egin du lehen urratsa. Ikusi beharko da nola erantzuten duten gainerako hautetsiek, eta zer borondate erakusten dute sortzear doazen talde politikoei baliabideak emateko. Oraingoz iraultza handiegirik espero ez bada ere, elkargoko funtzionamenduan talde politikoen aldagaia sartzea Ipar Euskal Herriko instituzioa sortu denetik gertatu den aldaketarik nabarmenetakoena izanen da ezbairik gabe.

Sinatzaileen zerrenda

Alexandre BORDES, Erango (Nafarroa Beherea)
Christine ERDOZAINTZI-ETXART, Arhantsusi (Nafarroa Beherea)
Christian GUILLEMIN, Arrueta-Sarrikota (Nafarroa Beherea)
Emmanuelle DALLET, Basusarri (Lapurdi)
Michel LAHORGUE, Basusarri (Lapurdi)
Pascal NEGUELOUART, Behorlegi (Nafarroa Beherea)
Daniel DARASPE, Berrogaine-Larüntze (Zuberoa)
Guillaume BARUCQ, Biarritz (Lapurdi)
Michel ETXEBERRI, Lekuine (Lapurdi)
Bruno JAURIBERRI, Duzunaritze-Sarasketa (Nafarroa Beherea)
Peio ETXELEKU, Kanbo (Lapurdi)
Gerard BIDEGAIN, Garruze (Nafarroa Beherea)
Philippe MASSE, Haltsu (Lapurdi)
Anne-Marie NADAUD, Heleta (Nafarroa Beherea)
Jean-Louis ETXART, Ilharre (Nafarroa Beherea)
Xavier LACOSTE, Irissarri (Nafarroa Beherea)
Marc LABEGUERIE, Jatxu (Lapurdi)
Francis DAGORRET, Bastida (Lapurdi)
Patrick ETXEGARAI, Landibarre (Nafarroa Beherea)
Ximun AKOZEBERRI, Larraine (Zuberoa)
Laurence SAMANOS, Larresoro (Lapurdi)
Jean Pierre HARRIET, Luhuso (Lapurdi)
Alain DUBOIS, Makea (Lapurdi)
Herve DAMESTOI, Lekorne (Lapurdi)
Pascal DANTIACQ, Oragarre (Nafarroa Beherea)
Manuel DE LARA, Donibane Lohizune (Lapurdi)
Manuel VAQUERO, Donibane Lohizune (Lapurdi)
Régine LARRANDA, Donoztiri (Lapurdi)
Pierre EIHERABIDE, Donazaharre (Nafarroa Beherea)
Andre LARRALDE, Donaixti (Nafarroa Beherea)
Beñat ARRABIT, Arrossa (Nafarroa Beherea),
Thierry SANSBERRO, Zuraide (Lapurdi)
Laurent INTXAUSPE, Donibane Garazi (Nafarroa Beherea)
Michel IDIART, Lasa (Nafarroa Beherea)
Claire DUTARET-BORDAGARAI, Uharte-Garazi (Nafarroa Beherea)
Marc SAINT ESTEVEN, Milafranga (Lapurdi)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.