HIRIGINTZA

Donostiako Udala eta Espainiako Gobernua ados jarri dira Loiolako kuarteleko lursailak erosteko

Udalak egungo kuartelaren bi eraikin mantenduko ditu, EAEko Auzitegi Nagusiak iaz eman zuen epaia errespetatzeko.

Loiolako kuartelak. GORKA RUBIO / FOKU
jon olano
2022ko azaroaren 15a
10:34
Entzun

Donostiako Udala eta Espainiako Defentsa Ministerioa ados jarri dira, bigarrenak aurrenekoari Loiolako kuartelen lursaila saltzeko. Eneko Goia alkateak presazko agerraldi bat egin du gaur goizean, akordioaren berri emateko. Salerosketa 73,3 milioi euroan adostu dute, prezio horretan eremu berriaren urbanizazio kostuak sartu dira, eta hitzarmena urtearen amaieran edo 2023aren hasieran sinatuko dute. Hortik aurrera, lurrak udalarenak izango dira. Egitekoak dituzten lanen artean daude bi zubi berri eraikitzea eta lurzoruaren maila bi metro igotzea, uholdeak eragozteko.

Eremua 17,5 hektareakoa da, eta, Goiaren hitzetan, 1.500 - 1.700 etxebizitza inguru egiteko aukera izango du udalak. Bestelako ekipamendu publikoak ere sortu nahi dituztela gaineratu du alkateak. Akordio horrek jasotzen du ministerioak Ulian dauzkan sei hektarearen salmenta ere.

Bide malkartsua

Goiak nabarmendu du «hiriaren erreklamazio historiko bat» dagoela eskakizunaren atzean, baina gogora ekarri du lurzoru horiek udalak eskuratzeko prozesua ere: 2020an EAJ Espainiako Gobernuarekin aurrekontuak negoziatzen ari zela, ados jarri ziren salerosketa horren prezioa finkatzeko. Horren ondorio da gaur aurkeztutako akordioa.

Prozesua, ordea, «luzea eta konplexua» izan da, Goiaren hitzetan; elkarri luzapen bat eman zioten bi aldeek, eta tartean «eragozpen» bat izan zuten: EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen udalak ezingo zituela kuartelak eraitsi, horiek babestutako ondaretzat jo zituelako. Epai hori betetzeko, egungo kuarteleko bi eraikin mantenduko ditu udalak, eta horiek ekipamendu publikoetarako erabiliko ditu.

Militarrak, lau urtez

Behin lurzoruak udalaren esku egonda, udalak eta ministerioak adostu dute militarrek lau urtez jarraitzea Loiolan, hori delakoan horiek beste norabait aldatzeko behar den epea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.