Ospitaleetako amatasun unitateen segurtasuna zorroztuko du Eusko Jaurlaritzak

Besteak beste, identifikazio txartel elektroniko bidezko sistema bat ezarriko da amatasun unitateetan sartzeko. Basurtuko jaioberri baten lapurretaren ostean indartuko ditu neurriak.

Basurtuko erietxea. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko azaroaren 15a
13:17
Entzun

Joan den urrian Basurtuko (Bizkaia) ospitalean jaioberri bat lapurtu ondotik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitaleetako amatasun unitateen segurtasuna eta jaioberrien protokoloa indartzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eman du horren berri, gaur, Eusko Jaurlaritzaren gobernu bileraren ostean. Pazientearen segurtasuneko adituen taldeak egindako gomendioei jarraikiz hartuko ditu neurriak: amatasun unitateetako langileen identifikazioari eta zaintzaileen eta bisitarien sarbideari lotuta daude horiek. Besteak beste, identifikazio txartel elektroniko bidezko sistema bat ezarriko da amatasun unitateetan sartzeko, hala, aurrerantzean, langileek eta senideek erabili beharko dute sistema hori. Horrez gain, ospitaleetako sarbideetan hobekuntzak egingo dira, eta eraikinen kanpoaldean kameren bidezko zaintza sistemak indartuko dituzte. Basurtuko ospitalearen kasuan, pabiloiaren alboetako ateak itxi egingo dira, eta alarma bat jarriko da larrialdietako atean.

Zazpi amatasun unitate daude hiru lurraldeetako ospitaleetan: bat Araban, bi Bizkaian eta lau Gipuzkoan. Guztietan indartuko dira segurtasun neurriak, Sagarduik azaldu duenez. Neurri batzuk martxan jartzen ari direla esan du Sagarduik, baina beste batzuk —eraikinetako segurtasunari dagozkionak— ospitale bakoitzaren ezaugarrien arabera moldatuz joango dira.

Eraikinetako segurtasun neurriak zorrozteaz gain, jaioberrien protokoloa «modu eraginkorragoan» zabaltzeko neurriak hartuko dira amatasun unitateetan. Pazientearen segurtasuna lantzen duen taldeak gomendio batzuk egin ditu alde horretatik. Ez nazazue bakarrik utzi izeneko protokoloa idatziz emango zaie beti gurasoei, eta kanpainaren infografiak eta kartelak paratuko dira logeletan. Langileen identifikazioari eta uniformeei dagokienez, taldeak proposatu du langileek beti txartel pertsonala soinean eramatea, eta uniformeen zaintza berrikustea eta hobetzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.