Euskal Presoak

Ibai Aginagaren ongietorrian parte hartzea egotzita, beste hamabost lagun deitu dituzte deklaratzera

Azaroaren 17an eta 18an deklaratu beharko dute, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Beste hiru lagunek abuztuan deklaratu zuten, «terrorismoa goratzea» leporatuta.

Amnistiaren aldeko manifestazio bat, Iruñean, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2022ko azaroaren 15a
16:32
Entzun

Espainiako Audientzia Nazionalak, denera, hemezortzi lagun deitu ditu deklaratzera Ibai Aginaga euskal presoaren ongietorrian parte hartzea egotzita. Berangon (Bizkaia) izan zen hori, martxoaren 13an. Hori salatu du Tinko amnistiaren aldeko eta errepresioaren aurkako erakundeak; talde horretako kideak dira akusatuetako bi.

Haietako hamabostek azaroaren 17an eta 18an deklaratu beharko dute; beste hiru lagunek abuztuaren 22an deklaratu zuten. «Terrorismoa goratzea» leporatzen zieten hirurei, baina haiek ukatu egin zuten hori egin izana; azaldu zuten ekitaldi «pribatua» izan zela, eta ez zutela deliturik egin.

Auzipetuek ohar bat plazaratu dute gertakizunak salatzeko: «Sumario honen nondik norakoak norbanakoen aurkako eraso judizial bat baino askoz ere urrunago doaz. Ertzaintzaren, Espainiako Poliziaren eta, batez ere, Guardia Zibilaren txostenetan, militantzia eta antolakunde politiko ezberdinen aurkako jazarpena antzeman daiteke». Jarraipenak eta antolakunde politikoen gaineko kontrola salatu dituzte. Alde horretatik, Tinkok salatu du Berangoko auziak hainbat antolakunde politiko jartzen dituela jopuntuan; besteak beste, Tinko bera.

Gehitu dute errepresioak ez duela helburu indibiduala, kolektiboa baizik, eta, «nahi eta nahi ez», kolektiboa izan beharko duela eman beharreko erantzunak ere: «Deklaratzera deituak izan garenok askatasun politikoaren defentsa egitearen beharra azpimarratu nahi dugu. Hortaz, euskal langile klaseari gonbita egin nahi diogu martxan jarriko ditugun salaketa dinamiketan parte hartzeko», amaitu dute.

Azaroaren 19an prentsaurrekoa egingo dute Berangon (Bizkaia), eta atxikipenak bildu nahian dabiltza: norbanakoenak, kirol taldeenak, musika taldeenak, kultur elkarteenak, eragileenak...

Hogei urtez preso

Aginaga, hogei urte inguru preso egon ostean, martxoan atera zen Basauriko (Bizkaia) kartzelatik, eta ongietorria egin zioten Berangoko frontoian. Vox alderdi politikoak, Villacisneros fundazioak eta Dignidad y Justicia taldeak salaketa aurkeztu zuten ekitaldiaren harira, eta, horri erantzunez, ikerketa bat abiatu zuten. Kandaru kultur elkarteko hiru kide inputatu zituzten lehenik: ekitaldiaren antolaketan parte hartu izana egotzi zien Ismael Moreno magistratuak.

Orduan, elkarteak salatu zuen «kriminalizazio kanpaina mediatiko, politiko eta judizial bat» abiatu zutela haren kontra, ekitaldiaren aurretik eta horren ondoren. Horrez gain, adierazi zuen Berangoko Udalak ere jarri zizkiela zigorrak.

EPPK presoen kolektiboak jakinarazia zuen halako ekitaldiak era pribatu batean egingo zituztela Berangoko ongietorria egin zenerako. Sortuk ez zuen bat egin ekitaldiarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.