GERRA UKRAINAN

NATOren lehen zantzuen arabera, Polonian lehertutako misila Ukrainakoa da

Aliantzak Moskuri egotzi dio gertatutakoaren erantzukizuna. Kievek berean dirau, eta esan du Errusiak egin zuela erasoa. Zelenskik eskatu du leherketa gertatu den eremuan «ikerketa bateratua» egiteko.

Poloniako Polizia, atzo, leherka gertatu zen lekutik gertu. EFE
Igor Susaeta - Mikel O. Iribar
2022ko azaroaren 16a
10:32
Entzun

Polonian atzo lehertutako misila Ukrainako armadarena zela dioen hipotesia gero eta indar handiagoa hartzen ari da. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen lehen zantzuen arabera, Ukrainakoa da Poloniako Prezewodow herriko etxalde batean —Ukrainako mugatik gertu— erori eta eztanda egin ondoren bi pertsona hil zituen misila. NATOko idazkari Jens Stoltenbergen esanetan, Ukrainako aireko indarrek misilak jaurti zituzten «Errusiako misil bat erorarazteko». Aliantza Atlantikoko beste kide batzuek —Poloniak, kaltetu nagusiak— eta AEB Ameriketako Estatu Batuek azken orduetan iradoki dituzten ondorioen bide beretik jotzen dute Stoltenbergen ondorioek.

Hori bai, NATOko idazkari nagusiak Kremlini egotzi dio gertatutakoaren «erantzukizuna», argudiatuta Ukrainaren aurka hasitako gerraren eta erasoen oldearen «emaitza zuzena» dela. «Ukrainak, jakina, eskubidea du herrialdeko hiriak eta azpiegiturak suntsitzea helburu duen misil errusiarren olatua eraisteko», erantsi du. «Ukrainak ez du errurik», laburbildu du.

Stoltenbergek agerraldia egin baino ordu batzuk lehenago, Poloniako presidente Andrzej Dudak prentsaurrekoa egin du Varsovian, eta, esan duenez, «ziurrenik» Ukrainak jaurti zuen atzo herrialdeko Prezewodow herriko etxalde batean lehertu zen misila. Aitzitik, gaineratu du «ezerk» ez duela adierazten erasoa «nahita Poloniaren aurka egindakoa» izan zenik. Gobernuko bilera egin eta jasotako frogak aztertu ostean, Dudak adierazi du «ziurrenik» jaurtitako «S300 misila Sobietar Batasunaren garaian» egin zutela.

Bestalde, Poloniako lehen ministro Mateusz Morawieckik baieztatu du ez dela beharrezkoa izango NATOren IV. artikulua indarrean jartzea; lege horrek aliatuen arteko kontsultak aurreikusten ditu, lurraldearen osotasuna, independentzia politikoa edo edozein alderdiren segurtasuna arriskuan dagoenean. Dudak eta Morawieckik agerraldia egin ostean, Poloniako Gobernuak NATOko kideei jakinarazi die lurraldean lehertu zen misila Ukrainako armadak jaurti zuela, Bruselan egindako bileran.

Aurreneko azterketek iradoki zutenez, Ukrainako indarrek jaurti zuten Errusiak jaurtitako beste bat erorarazteko. Hori kaleratu du Associated Press berri agentziak, AEBetako funtzionarioak aipatuz. Joe Biden AEBetako presidenteak G20koen bileran, Balin (Indonesia), nabarmendu duenez, «ziurrenik» ez zuten Errusiatik jaurti. «Zantzu batzuek diotenez, Ukrainaren misil antiaereo bat zen. Lehen informazioen arabera, eta egin duen bidea aintzat hartuta, ziurrenik ez zuten Errusiatik jaurti». Halere, NATOko iturri batek Reuters albiste agentziari esan dionez, Etxe Zuriko maizterrak aliantza militarreko aliatuei adierazi die misila Ukrainako aireko defentsarena zela. NATOren eremuan erori zen, eta bi laborari hil zituen.

Errusiak hasieratik ukatu zuen bere erantzukizuna, Defentsa Ministerioak kaleratutako ohar baten bidez. Azpimarratu zuen «nahita» egindako «probokazio bat» zela gertatutakoa, eta, gaur ziurtatu duenez, Polonian lehertutako misila Ukrainako armadarena da, jaurtigaiaren zatien argazkiak aztertu zituzten aditu errusiarren arabera. Hain zuzen, Errusiako armadako bozeramaile Igor Konaxenkovek zehaztu du S-300 aireko defentsaren misil zatiak direla, eta erantsi zehaztasun handiko erasoak «Ukrainako lurraldean bakarrik» egin zituztela atzo, «eta ez Ukrainaren eta Poloniaren arteko mugatik 35 kilometrora».

Ikusi gehiago: Tentsioa areagotu da Polonian, haren mugan izandako leherketa batengatik

NATOk eta Poloniako ordezkariek albistea iragarri ondoren, Kievek «berehalako» eskaera egin du leherketa gertatu den eremura bertaratzeko eta «azterketa bateratua» egin ahal izateko, Ukrainako Defentsako goi funtzionario eta segurtasun nazionaleko kontseiluko idazkari Oleksi Danilovek esan duenez. Gaineratu du Ukrainak espero duela bere aliatuek ondorioetarako oinarri izan duten informazioa helaraztea.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Errusiari egotzi zion atzo erasoa, eta adierazi zuen gatazka «beste koska bat» estutzea eragingo zuela gertatutakoak. Estoniak, Lituaniak eta Letoniak «elkartasuna» adierazi zioten Poloniari, eta ohartarazi zuten «Errusiako misilak» NATOren eremuan erortzea «oso arriskutsua» litzatekeela gatazkaren garapenerako. Bide horretan, Zelenskiren aholkulari Mikhailo Podoliakek Moskuri egotzi dio Europako ekialdeko zatia «aurreikusi ezinezko gudu zelai bilakatzea», Reuters berri agentziari idatzitako adierazpen batean. «Nire ustez, logika bakar bati heldu behar zaio. Errusiak hasi du gerra, eta Ukrainari masiboki erasotzen dio».

Errusiako Segurtasun Kontseiluko presidenteorde Dmitri Medvedevek, berriz, gogor hitz egin du Mendebaldearen eta Ukrainaren aurka: «Poloniako etxalde baten aurka 'misilekin egindako erasoaren' historia ukrainarrak gauza bakarra erakusten du: Mendebaldeak, Errusiaren aurkako gerra hibridoarekin, mundu gerra hasteko aukera handitzen duela», txiokatu du Errusiako Federazioko presidente ohiak.

Lasaitasunerako deia

Bitartean, Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek eskatu du probokazioak «eteteko» Poloniako gertakariaren inguruan. Errusiako TASS albiste agentziak jasotakoaren arabera, Turkiako presidenteak begi onez hartu du Moskuk eraso horretan parte hartu ez izana, eta ohartarazi du tentsioa «areagotzen» duela misilak Errusiak egin zituela errepikatzeak. «Errusiaren jarrera errespetatu behar dut, Errusiak esan baitu misila ez zela harena. Guretzat, hori garrantzitsua da».

Txinako Gobernuak, berriz, «lasaitasunerako» deia egin du. «Informazioa ikusi eta aztertu dugu. Egungo egoeran, alde garrantzitsu guztiek lasai egon behar dute, egoerak okerrera egin ez dezan», esan du Atzerri Ministerioko eledun Mao Ningek. Era berean, nabarmendu du Asiako erraldoiak jarrera «argia eta sendoa» duela Ukrainako «gaiaren» inguruan, eta «krisia modu baketsuan konpontzeko elkarrizketaren alde» egin du Maok, China News albiste atariak jaso duenez.

Ukrainako gerraren gaitzespena

G20ko kide diren herrialdeen «gehiengoak» irmo gaitzetsi du Ukrainako gerra, eta «arma nuklearrak erabiltzeko erabilera edo mehatxua» errefusatu du, gaur, Indonesiako goi bileran egindako adierazpenean. Ohar bateratuak dio «beste jarrera batzuk» egon direla eztabaidan Ukrainako egoerari buruz, eta erantsi G20koena ez dela «fororik egokiena gisa horretako segurtasun arazoak konpontzeko». G20ko kide guztiek sinatutako adierazpenak, Errusiak barne, «nazioarteko legeari eusteko» eta «bakea eta egonkortasuna babesteko» beharra nabarmentzen du.

Ebakuatzeko asmorik gabe
Errusiako armadak atzo Ukrainako energia azpiegiturei egindako erasoak gorabehera, Kievek ez du herritarrak ebakuatzen hasteko intentziorik. Herrialdeko presidentearen bulegoko buru Kirilo Timotxenkok elkarrizketa batean adierazi du argindar sarea «egonkortzeko ahaleginean» ari direla. Zazpi milioi herritar argindarrik gabe geratu ziren.

Bestalde, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak gaur Balin esan du Vladimir Putin Errusiako presidentea prest dela zerealen esportazioari buruzko akordioa berritzeko. Larunbatean amaituko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.