Hiriburuko Ametza ikastolak ez du gas berogailurik eta ur berorik izanen neguan
Ikastetxea gasez hornitzen duen enpresak 6.000 eurotik 45.000 eurora igo die tarifa.

Datorren astelehenetik eta, gutxienez, Eguberriak bitarte, gas berogailurik eta ur berorik gabe egonen dira Hiriburuko (Lapurdi) Ametza ikastolako 99 ikasleak. Izan ere, ikastetxeak duela sei urte kontratatua zuen enpresak gutun bat igorri die, datorren hilaren 21ean prezioak igoko direla erranez. Ikastolak azaldu duenez, 6.000 eurotik 45.000 eurora igo diete tarifa, eta ezinezkoa zaie diru kopuru hori ordaintzea.
Prezioen igoera horri aurre egiteko, bi irtenbide dituzte esku,artean. Lehenbizikoa, jada planteatu dutena da: neguan gasa ez erabiltzea. Bigarrena, guraso elkarteak hilabetero ordaintzen duen kuota hogei euro garestitzea da. Modu horretan, gurasoek egiten dituzten ordainketak %50 garestituko lirateke.
Epe luzerako irtenbideak ere planteatu dituzte. Batetik, egoitza kudeatzen duen Euskal Elkargoari panel fotovoltaikoak jartzeko eskatu diote, energiaren gastua murrizteko. Bertzetik, kontuan hartuta Frantziako Gobernuak kontrolpeko prezioak ezarri dituela argindarraren prezioa gehiegi ez igotzeko, bertze aukerarik ez bada, berogailu elektrikoak jarriko dituzte ikasgeletan.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.