Eusko Legebiltzarra

Itxaron zerrendak murrizteko «optimizazio plan bat» eskatu diote Osakidetzari

Osasun Sailaren datuen arabera, ebakuntzetako itxaron zerrenda %27 igo da 2019ko uztailetik: egun, 23.831 paziente daude ebakuntzaren zain Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk eta PP+C’s-k eskatu dute ebakuntzetako dekretua betetzeko.

Gasteizko Txagorritxu ospitalea. RAUL BOGAJO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko azaroaren 17a
12:03
Entzun

Ebakuntzetako itxaron zerrendak murrizteko «optimizazio plan bat» egiteko eskatu dio Eusko Legebiltzarrak Osakidetzari. EAJk eta PSE-EEk egin dute eskaera, EH Bilduk aurkeztutako mozio bati aurkeztutako zuzenketa batean. Testuan, gobernua sostengatzen duten bi taldeek zera galdegin diote Osakidetzari: berrikus ditzala itxaron zerrenden poltsak espezialitateen eta ospitaleen arabera, bai eta ebakuntza gelen, giza baliabideen eta ospitaleetako kanpo kontsulten eskaintza osasun antolamenduaren arabera ere. Halaber, OTI bidezko lehen kontsulten eskaintzaren berrikuspen orokorra egiteko eskatu dute ospitale eta osasun zentro guztietan. Lehen mailako arretako eta osasun antolamenduko proba osagarrien zorroa berrikusteko ere eskatu diote Osakidetzari. Horrekin batera, bi taldeek ontzat jo dute Osakidetzan lanpostuak handitzeko eta egonkortzeko abiatuko den prozesua, eta ziurtzat jo dute horrek ere eragina izango duela itxaron zerrendak murrizteko.

Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuek agerian uzten dute ebakuntzetako itxaron zerrendak luzatu egin direla azkenaldian. «Osakidetzako ebakuntzetako itxaron zerrenda gero eta luzeagoa da, eta horrek pazientearen osasunean eragina dauka». Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak egin du ohartarazpena, hitza hartu duenean. Uberak berak gogora ekarri ditu Osasun sailak uztailean emandako datuak: guztira, 23.831 herritar daude presazkoak ez diren eta programatuta dauden ebakuntza baten zain; duela hiru urte, 18.702 ziren. Pandemia aurreko datuekin alderatuta, beraz, %27 igo da ebakuntza baten itxaron zerrenda hori. 30 egunetik beherako itxaron zerrendan 7.414 herritar daude, eta 30 egunetik gorako itxaron zerrendan, berriz, 16.417. 180 egunetik gorako itxaronaldian, aldiz, 1.074 herritar daude. Espezializazioaren arabera, horra aurtengo uztaileko datuak: onkologian, 623 herritar zeuden itxaron zerrendan; bihotz kirurgian, 110; traumatologian, 6.595 eta kirurgia orokorrean, 3.715.

Pandemia «aitzakia»
Zenbakien atzean herritarrak daudela gogoratu du Uberak, «beren patologiekin, gaixotasunekin, kezkekin, beldurrekin», eta eskatu du pandemiaren «aitzakia» albo batera utzi eta «anbiguotasunik gabe» gaiari heltzeko. Besteak beste, Osasun sailari galdegin dio ebakuntzetako gehienezko itxaron zerrendak arautzen duen 65/2006 Dekretua bete dezala. Eta, horretarako, galdegin dio estrategia bat abian jar dezala eskualdeko ospitaleak eta ospitale unibertsitarioak elkarrekin antolatzeko, atzeratutako ebakuntzak egunean jartzeko. Osasun profesionalei begira, berriz, Osakidetzan atxikitzeko kontratazio eredua alda dezala galdegin dio Jaurlaritzari, kategoria guztietako osasun profesional gehiago prestatuz eta lan kontratua formakuntza eta ikerketa ibilbideari lotuz.

Eskaera berarekin bat egin du Elkarrekin Podemos-IU taldeak. Iñigo Martinez legebiltzarkideak azpimarratu du COVID-19aren pandemiak ez ezik, Osakidetzak dituen «egiturazko arazoek» ere eragin dutela itxaron zerrendak luzatzea, eta lehen arretaren egoerak ere eragin zuzena izan duela. Horregatik, lehen arreta hobetzeko baliabideak eskatu ditu zuzenketa baten bidez. Izan ere, gogoratu du ebakuntzetako itxaron zerrenden jatorria, besteak beste, lehen arretan dagoela: «Atzerapenak daude lehen kontsultak egiteko, proba diagnostikoak egiteko, espezialistekin ordua lortzeko...».

PP+C’s ere bat etorri da EH Bilduren eta Elkarrekin Podemos-IUren kritikekin. Laura Garridok azpimarratu du osasun sistema baten «kalitatea» itxarote zerrenden arabera ere neurtzen dela eta, alde horretatik, Osakidetzak asko duela hobetzeko.

EAJk eta PSE-EEk, bestalde, aitortu egin dute ebakuntzetako itxaron zerrendak luzatu egin direla, baina pandemiaren ondorioei egotzi diete. EAJren izenean Elena Letek adierazi du pandemia ez dela amaitu, eta oraindik osasun sistemaren egunekoan igarri egiten dela. Hala ere, ezinbestekotzat jo du Osakidetzak osasun asistentzia optimizatzeko plan bat egitea, itxaron zerrendak murrizteko. Hain justu, EAJk eta PSEk hitzartutako zuzenketa batean jasota dago eskaera hori. Bilkuraren amaieran egingo da bozketa, eta zuzenketa hori onartuko du Eusko Legebiltzarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.