Osasuna

Epaileak eutsi egin dio bihotz kirurgia Basurtutik ateratzeko prozesua eteteko erabakiari

Arabako administrazio auzitegiak ez du onartu Eusko Jaurlaritzaren helegitea, eta Basurtuko unitatea ixteak «kalteak» eragin ditzakeela berretsi du; gaineratu du Jaurlaritzak kalte horiek «mespretxatu» dituela. Autoaren arabera, auziari buruzko epai irmoa hartu bitartean zerbitzua desegiteak eragina izango luke haren berregitean.

Bihotz kirurgia Basurtotik ateratzearen kontra uztailean egindako mobilizazio bat. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Julen Aperribai.
2022ko azaroaren 17a
13:06
Entzun

Arabako Administrazio Auzitegiak ez du onartu Eusko Jaurlaritzaren helegitea, eta eutsi egin dio Basurtuko Ospitaleko (Bilbo) Bihotzeko Kirurgia Zerbitzua Gurutzetako Ospitalera lekualdatzeko proiektua behin-behinean eteteko erabakiari. Azaroaren 4an hartu zuen auzitegiak kautelazko neurria, medikuek abiatutako auzibidea argudiatu bitartean, argudiatuta prozesuak aurrera jarraitzeak «kalteak» eragin ditzakeela.

Gaur publiko egindako autoan, epaileak dio kautelazko neurriaren «premia» justifikatuta dagoela, zerbitzuaren lekualdatzea egiteko ezarritako data kontuan hartuta —Jaurlaritzak gaur itxi nahi zuen Basurtuko bihotzeko kirurgia zerbitzua—. Haren arabera, Basurtuko zerbitzua ixteak zuzenean eragingo dio zerbitzu horri auziaren gaineko epai irmoa ematen denean, hura ixtearen kontrakoa bada: «Ezin izango da berreraiki edo martxan jarri zerbitzu bera osasungile eta espezialista berberekin, ezta oraingo ezagutza eta esperientzia mailarekin ere». Ez du aintzat hartu, alde horretatik, Jaurlaritzaren argudioa, zeinaren arabera zerbitzu bat desegiten den modu berean berregiten baita.

Auzitegiaren arabera, gainera, ezin da baztertu zerbitzua desegiteak «kalteak» eragingo lizkiekeenik hainbati, ezta kalte horiek «atzeraezinak» izan liratekeenik ere. Langileei eragingo liekete, batetik, eta euren «jarduera adarraren konpetentzian galera» eragingo. Eta, bestetik, epaileak kontuan hartzen du Basurtukoa ospitale unibertsitarioa dela: «Dagoeneko ez luke bihotz kirurgiako unitaterik izango, unibertsitateko formazioan eta erresidentzia fasean eskari handikoa duen unitate bat. Horri gehitzen zaio ikerketa lanen galera. Kalteak antzekoak izango lirateke bihotz kirurgian, neumologian eta hemodinamikan esku hartzen duten diziplina anitzeko taldeentzat».

Jaurlaritzak, ordea, kalte horiek «mespretxatu» egin dituela dio, eta «zehaztasun falta» egotzi. Epaileak, baina, argudiatu du zehaztasun handiagoa ezin dela eman, itxierak zapuztuko lituzkeen helburuak ez daudelako plan jakin baten barruan, baizik eta osasun langile bakoitzaren «espektatiben» eta garatu nahi dituen "konpetentzien" barruan . Kalteak, gainera, ekonomikoki «konponezinak» liratekeela dio.

«Eraginkorrena», egungoari eustea

Kautelazko neurria mantenduta zerbitzuaren eraginkortasuna galduko litzatekeela ere argudiatu zuen Jaurlaritzak helegitean. Hari erantzunez, autoak dio Jaurlaritzak zerbitzuen «bateratzea» deitu dionak esan nahi duela Basurtuko bihotz kirurgiako unitatea ixtea. Haren ustez, hobe da dagoneko funtzionatzen duen eta eraginkortasuna erakutsia duen zerbitzu bat mantentzea, eraginkorragoa izango dela ziurtatuta ez dagoen beste sistema batera aldatzea baino. «Funtzionatzen duten gauzen egoera defendatzeaz gain, esango dugu, osasungintza publikoari dagokionez, interes orokorra dela bizitzarik ez galtzea, hori eragozteko baliabideak baldin badaude. Eraginkortasuna, modu ekonomikoan neurtua, helburu horren menpe egongo litzateke».

Irizpide hori kontuan hartuta, epaileak erabaki du lehentasunezkoa dela orain martxan den zerbitzua ez ixtea: «Hitz batean, baliabideak egun Basurtuko ospitalean daudenez, interes orokorrak, lehentasunez, ditugun baliabideak mantentzera garamatza, eta ez ixtera, lekualdatzera eta moldatzera».

Autoaren berri izan ostean, agerraldia egin du Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, eta jakinarazi du berriz helegitea jarriko diotela neurriari, nahiz eta auzitegiaren erabakia errespetatzen duen. «Ezin diogu uko egin gure zerbitzuak hobetzea ekarriko duten neurriak aurkezteari», adierazi du, eta gaineratu du zerbitzuaren lekualdatzeak «irizpide zientifikoei» erantzuten diela. Beste leku batzuetan ere neurri bera hartu izan dutela argudiatu du; bestek beste, Espainiako komunitate autonomo batzuetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.