Autobusa doakoa izango da Gasteizen hamabi urtetik beherakoentzat

Abenduaren 12an sartuko da indarrean neurria, Gorka Urtaran alkateak iragarri duenez. Joan den urrian, Eusko Legebiltzarrak atzera bota zuen neurri bera Araba, Bizkai eta Gipuzkoako garraio publikoan ezartzea, EAJren eta PSE-EEren botoekin.

TUVISAren autobus bat Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko azaroaren 17a
13:41
Entzun

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak iragarri duenez, abenduaren 12tik aurrera hiriko autobus zerbitzua doakoa izango da 5 eta 12 urte bitarteko umeentzat. Hiriko autobusa doan erabili ahal izateko, azaroaren 21ean Gasteizko Udalaren webgunean erabilgarri jarriko dute doako garraio txartela eskuratzeko formularioa. Txartel hori 5 eta 11 urte bitarteko umeek erabili ahal izango dute, 5 urtetik beherakoentzat dagoeneko doakoa baita garraioa. Formularioarekin batera, garraio txartela lortzeko baldintzak eta eskakizunak zein diren jakinaraziko da. Aurreikusi dute neurriari esker 28.000 bidaiarik doan bidaiatu ahal izango dutela Gasteizen.

Gogoratu behar da joan den urrian Eusko Legebiltzarrak, EAJren eta PSE-EEren botoekin, atzera bota zuela hamabi urtetik beherakoentzat hiru lurraldeetako garraio publikoa doan izateko eskaera. EH Bilduk egin zuen eskaera, eta Elkarrekin Podemos-IUk babestu zuen, baina, proposamen hori onartu beharrean, jeltzaleek eta sozialistek aurkeztutako osoko zuzenketa onartu zuten. Hala, legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu zion garraio publikoaren operadore publiko guztiei proposatzeko tarifen deskontu sistema progresibo bat ezartzea.

Astelehenean, berriz, Bizkaiko Batzar Nagusiek atzera bota zuten Bizkaibuseko bidaiak doakoak izatea hamabi urtetik beherakoentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.