Ayuso gotzain

Jose Ignazio Ansorena - Musikaria
2022ko azaroaren 18a
10:57
Entzun

Kezka eragin zidan irratiak: Gipuzkoako gotzain berria Ayuso zela eta Madriletik zetorrela. Handiagoak gertatu izan dira Erromako elizan. Fede onez pentsatu nuen: kaskagogorrenei emakumeen apaizgoaren alde eginarazteko trikimailua ote? Ez, baina. Gizonezkoa da eta beltzez jantzita dator. Pertsona jator eta kriterio zabalekoa omen da. Beharko. Ebanjelio hitzak Berri ona adierazi nahi duela ahaztuta baitago bazterretan. Euren buruak eliztartzat dituzten askoren artean ere.

Madriletik berri onak, orain eta beti: Barrionuevok aitortu du, harroxko samar, nolakoak egin zituzten GALen kontuarekin. Horren harira berriro ikusi dugu hedabideetan Felipe González espetxe atarian hura eta Rafael Vera besarkatzen. Ez da harritzekoa Feijóok ahantzi nahi izatea orain laurogei urteko gerra, orain hogeita hamarrekoa ahaztuta dutenean. Hamar urteko zigorra omen zuten haiek eta hiru hilabete eskas osatu. Baina kondenaren hiru laurdenak bete arren, hirugarren gradua ematen zaien ETAko presoak berriro zulora daramatzate, nahikoa ez direlako damutu. Barrionuevoren iguala.

Ministro ohia, beste garai batean biziko bagina, santu egin zezaketen, Fernando Katolikoaren antzera. Antzinakoa baita erlijioaren eta politikaren arteko nahastea. Espainian zentzu erlijiosoa ematen zaio, berez antolamendu administratiboa besterik ez den estatuaren batasunari. Goiburu txatxu eta arriskutsu haiek: «Nahiago Espainia gorria, apurtua baino», «Espainia unibertsaltasunerako helmuga unitatea da»... Francoren eskolek, propagandak eta pulpitoek populazioaren geneetan ongi itsatsi zituzten. Eta horregatik sedizio delitua Zigor Kodetik erauzteko erabakiak hainbeste buru-bihotz berotu izana. Generalisimoaren jarraitzaileak bizi-bizirik baitaude monarkia hispanoan, eta ez dute bereari ekiteko aukerarik galtzen.

Ez da soilik inguru hauetako kontua: Brasilen Poltsanarrok ia irabazi dio Lulari, zale asko errezoan belauniko jarrita. Eta Trump berriro trumpkeriak egiteko pronto, Liburu Santuak aipatzen. Italiako Kaskamelonio andereak ere «kristau» izatea ezaugarri duela garrasi egin du. Izu-ga-rri-a, bereziki kristauentzat.

Britainia Handian Charles errege berriari arrautzak bota dizkion gazteari zigortxoa jarri diote: arrautzak kalera eramateko debekua. Espainian salbuespen iberikoak energiaren prezioetatik kanpo ere badu eragina. Juan Carlos errege, emeritu baina errege, hor zehar dabil isipu guztiek bedeinkatua. Inguratu zen berriro Galiziara, balandro lasterketa bat irabaztera (soilik lehiatzera ez baita etortzen) eta txalo-txalo egin zioten. Errege iheslariari inork arrautzarik botaz gero, zer proposatuko lukete txalogileek? Urkatu, urkatu! Nik aldiz: Txorizoa arrautzekin ongi lotzen da!

Azaroaren 11n, San Martin, txerriak akabatzeko ohitura zen euskal baserrietan, eta gure auzoko tabernetan odolki pintxoak erregalatzekoa. Joandakoan lagun batek galdetu dio kamarero bati horrelakorik bazuten (ordaintzeko asmoz) eta honen begiradak dena adierazi dio: Zer da hori? Tradizio zaharra galtzen ari.

Ez nago ahaztuta: datorren igandean, azaroaren 20an, monarkia ezartzera behartu gintuen diktadorea hil zeneko berrogeita zazpigarren urteurrena izango da. Ea erregeak baztertzeko egunaren tradizio berria jartzen dugun. Arrautzekin edo gabe.

Fernando Prado Ayuso, ongi etorri. Lagun gaitzazu ikasten Zesarri Zesarrena eta Jainkoari berea nola eman. Amen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.