ERABAKITZEKO ESKUBIDEA

Gure Esku-k Itsasargia prozesua abiatu du, tesia eta ildoak gaurkotzeko

Erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak «datozen urteetarako norabidea adostu» nahi du. Apirilaren 22an azalduko dituzte ondorioak, eta Frantziako Tourra Euskal Herritik abiatuko dela baliatu nahi dute aldarriak zabaltzeko.

Gure Esku-ko kideak, gogoeta prozesuaren aurkezpenean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
jon olano
2022ko azaroaren 18a
20:54
Entzun

Gure Esku-k 2013ko ekainaren 8an aurkeztu zuen bere burua publikoki, handik urtebetera giza kate batera deituta, eta, beraz, datorren urtean hamarkada bat beteko du dinamikak. Orain, «burujabetzaren bidean jauzi bat egiteko asmoz», eztabaida prozesu bat martxan jarri du, Itsasargia izenekoa, erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak datozen urteetan hartu beharreko norabidea adostu, eta «tesi eta lan ildo nagusiak zein antolaketa eredua
birpentsatzeko». Dinamikak 11 puntu proposatuko ditu eztabaidarako; horien artean, nabarmenduko du Gure Esku «eragile subiranista» eta nazionala dela, «herri akordio zabalen alde» egingo duela, eta «ildo mobilizatzaile eta ahalduntzaile anbiziotsu bati» eutsiko diola.

Josu Etxaburu Gure Esku-ko bozeramaileak atzo eman zuen eztabaida prozesuaren berri, Bilbon eginiko agerraldi batean. Zehazki, Itsasargia proposamen politikoa joan den larunbateko Bazkideen Batzar Nagusian aurkeztu zuten, eta ordutik martxoaren 5era bitartean, bazkide bakoitzak aukera edukiko du proposamenean eztabaidagai izango den puntu bakoitzaren inguruan adostasuna edo desadostasuna agertzeko eta ekarpenak egiteko,
Gure Esku-ren webguneko Plaza plataformaren bidez. Era berean, eztabaida saioak antolatuko dituzte, Hego Euskal Herriko hiriburuetan gutxienez, eta, herrietako kideen ekimenez, nahi adina herri eta eskualdetan.

Martxoaren 25ean bazkideen ezohiko batzar bat egingo dute, eta orduan aurkeztuko dute proposamen politiko eguneratua. Batzar horretan zein Plaza online plataformaren bidez bozkatu ahalko dute kideek. Prozesuan, lau mahai inguru ere egingo dituzte, eta, azkenik, apirilaren 22an, nazioarteko konferentzia bat egingo dute. Konferentzia horretan gizarteratuko dituzte Itsasargia prozesuaren ondorioak.

Eztabaida abiatzeko agirian jaso dutenez, Gure Esku-ko kideak izango dira abiapuntua, baina «herri dinamikatik harago iristeko bokazioarekin» jarri dute
martxan gogoeta: «Bidelagun izan nahi duen edonori zabalduko diogu atea, eta interesgarri iruditzen zaigun jendea berariaz gonbidatuko dugu». Erabakietan parte hartzeko orduan, baina, ezinbestekoa izango da Gure Esku-ko bazkide izatea: «Gogora dezagun bazkideen ekarpen ekonomikoak direla Gure Esku autofinantzatzeko oinarria, baina ez dugula nahi inolaz ere kuota inor bazkidetzeko oztopo izaterik».

Horrela, «Gure Esku-ren komunitate zabalari» proposatu diote bazkidetu dadin eta prozesuan parte har dezan, «eta aukera duenari norberak hauta dezakeen diru ekarpena egin dezan».

«Eragile subiranista»

Proposamen politikoari dagokionez, abiapuntuko testuan adierazi dute Gure Esku «eragile subiranista» dela eta erabakitzeko eskubidea dela haren «balio oinarrizkoena», eta «aurrerantzean ere» hala izaten jarraituko duela: «Burujabetza osoa nahi dugu gure bizitzen jabe izateko, gure komunitatean eragiten duten auziei buruz erabakitzeko, eta mundu garaikide honetan herri gisa aurrera egiteko. Honenbestez, Gure Esku eragile subiranista da, eta Euskal Herriaren subiranotasuna erdigunean kokatuko du».

Burujabetzari lotuta, «burujabetzaren aldeko eragileen arteko elkarlana» sustatuko du, eta «burujabetzen aldeko borrokekin bat» egingo du. «Edonola ere, eragile bakoitzak bere tokia eta ahotsa behar du izan, eta guk ere badugu geurea: Gure Esku-k subiranotasun politikotik egingo dio ekarpena gizarteari». Gaineratu du eragile «nazionala» dela eta Euskal Herria duela ardatz: «Euskal lurralde guztietan baliagarria izango den proposamen politiko bat garatzeko ahalegina egingo du, eta, era berean, lurralde bakoitzeko berezitasunak aintzat hartuz, proposamen berezituak eskainiko ditu. Alegia, erritmo ezberdinetako estrategiei dimentsio orokor bat emango die».

Aliantzak ere hizpide dituzte txostenean; «herri akordio zabalak» lehenetsiko dituzte: «Uste dugu gizarte eragileen eta herritarren hitza aintzat hartu gabe ez dagoela herri akordioez hitz egiterik». Horregatik, «gobernantza demokratikoa» aldarrikatuko dute, eta herritar, eragile, alderdi eta erakundeak aintzat hartuko dituzten «herri akordio zabalak josteko» lan egingo dute. Haatik, «herri dinamika bezala, jarrera aktibo eta proaktiboa» izango du, eta «gainerako aktoreen jarrera bat ala beste izan», ez du utziko «inork Gure Esku-ren jarduera baldintzatzerik». Bestalde, nazioartearen ildoan ere sakondu nahi du mugimenduak.

Ildo mobilizatzaileari dagokionez, Frantziako Tourra Euskal Herritik abiatuko da datorren urteko uztailean, eta hori baliatuko dute, «ekintza deigarriak» eginda, dinamikaren aldarriak zabaltzeko.

GAKOAK
Itsasargia agirian, Gure Esku-k ez- tabaidarako 11 puntu proposatu ditu, ildo politikoari eta antolaketari buruzkoak.

Subiranotasuna erdigunean. «Gure Esku eragile subiranista da. Eztabaida publikoan ahots propioa izango du, eta nortasun eta diskurtso subiranista berri bat eraikiko du».

Subiranotasuna eta burujabe-tzak. «Burujabetzen aldeko borrokekin bat eginda, Gure Esku-k subiranotasun politikotik egingo dio ekarpena gizarteari».

Euskal Herria ardatz. «Gure Esku eragile nazionala da, eta Euskal Herria du ardatz. Erritmo ezberdinetako estrategiei dimentsio orokor bat emango die».

Herri akordio zabalen alde. «Gure Esku-k herritar, eragile, alderdi eta erakundeak aintzat hartuko dituzten herri akordio zabalak josteko lan egingo du».

Munduko subiranistekin elkarlanean. «Gure Esku-k burujabetzarako bidean dauden herriekin elkartasunetik elkarlanera jauzi egiteko apustua indartu egingo du».

Nazioarteko aitortza baterantz. «Nazioartean erreferendumak egiteko joko zelaia arautzeko bidean egin litezkeen ahaleginak babestu eta sustatuko ditugu».

Gizarte aktibo eta ahaldundua. «Herritarron aktibazioa da garapen kolektiborako bermea».

Tokian tokiko antolaketa. «Orain arte ezagutu izan dugun egituraketatik sare izaera handiagoa izango duen antolaketa eredu baterantz joko dugu».

Zuzendaritza Kontseilua eta Idazkaritza. «Salbuespenik ezean, hauteskundeak bi urtean behin egitea eta Zuzendaritza Kontseiluko kideen erdia berritzea hobetsiko da».

Egitura juridikoa. «Bazkideon Batzar Nagusia izango da elkartearen organo gorena, eta bazkideok soilik izango dugu botoa emateko eskubidea».

Finantzaketa. «Gure Esku herri dinamika libre bat da, bere burua autofinantzatuz, burujabetza ekonomikoari eusteko gai delako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.