Energia

Gainkostu energetikoari aurre egiteko 20 milioiren laguntzak banatuko dituzte Nafarroan

Baldin eta otsailaren 1etik irailaren 30era bitartean iragan urteko epe berean baino 2.000 euro gehiago ordaindu badituzte energiaren fakturan, enpresek aukera izango dute laguntza jasotzeko.

Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilaria eta Mikel Irujo, iaz. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2022ko azaroaren 21a
14:05
Entzun

Bihartik aurrera eska dezakete laguntza Nafarroan jarduten duten enpresek. Nafarroako Gobernuak aurkeztutako laguntza deialdiaren arabera, gehienez milioi erdi euro jasotzen ahalko ditu konpainia bakoitzak. Mikel Irujo Garapen Ekonomikoko kontseilariaren hitzetan, laguntzok «guztiz beharrezkoak» dira, eta sektore guztiekin izandako elkarrizketaren emaitza dira.

Energiaren garestitzea leuntzea du helburu laguntza deialdiak, eta gobernuak baldintzen berri eman eman du gaur, Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Zehaztutakoaren arabera, baldin eta otsailaren 1etik irailaren 30era energiaren kostua iazko epe berekoa baino 2.000 euro garestiagoa izan bada, gainkostuaren %100 emango zaie enpresei.

Besteak beste, argindarraren eta gas naturalaren tarifa hartuko da kontuan, baina baita beste kostu energetikoak ere: hala nola ontziratu gabeko petrolioaren likidotutako gasak eta azpiegitura komunen zentral batean sortutako isuri termikoak. Enpresak plaka fotovoltaikoen, energia eolikoaren edo gas naturalaren bidez sortutako argindarra saldu badu, horren bidez jasotako dirua kendu egingo zaio gainkostuari, laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko orduan.

Laguntza jaso ahal izateko, beharrezkoa izango da enpresek beren jarduera ekonomikoa Nafarroan egin izana iazko otsailaren 1etik. Deialditik at geratuko dira finantza erakundeak, baita energia elektrikoa eta gasa garraiatzen eta banatzen duten enpresak ere.

Urte amaierarako prest

Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak azpimarratu du laguntza deialdi horren beste helburuetako bat dela laguntza «ahalik eta azkarrena» iristea onuradunei, eta asmoa da urte amaierarako jaso ahal izatea. Saizek gogora ekarri du legealdi berezia izan dela egungoa: «Zoritxarrez, gobernuak plan bereziak eta presazko laguntza neurriak ezarri behar izan ditu, hiru urte eta erdian azaleratu diren bat-bateko egoeren eraginpean egon diren sektoreetarako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.