Lan gatazkak

Greba eta zaintza lanak uztartzearen beharra

Bost greba egun ezarri dituzte Bizkaiko zahar etxeetako langileek, ELAk deituta. Erresidentzietan, langile gehienak emakumeak dira. Grebaren ekintzetan parte hartzeko, etxeko zaintza lanak kudeatu behar dituzte.

Bizkaiko Ibaizabal-Nerbioi eskualdeko zahar etxeetako langileak, Basauriko Bizkotxalde zahar etxean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2022ko azaroaren 21a
17:47
Entzun

«Guk argi daukagu, gu funtsezkoak gara, patronala ez. Bizkaiko erresidentzietako langileak greban, gora emakumeon borroka!». Ozen entzun zitekeen gaur goizean Ibaizabal-Nerbioi eskualdean erresidentzietako langileen aldarrikapena. Bost eguneko greba hasi dute, ELA sindikatuak deituta. Bost kotxe erresidentziaz erresidentzia ibili dira, auto karabanarekin. Lehenengoak zeraman bozgorailua. «Ikus dezatela zahar etxe guztietatik igaro garela, hori da helburua», azpimarratu du Soraya Garcia ELAko ordezkariak. Bizkaiko beste lau eskualdetan ere auto karabanak antolatu dituzte. Greba egunetan parte hartzeko, emakumeek maila pertsonalean dituzten zaintza lanak kudeatu behar dituzte.

Ibaizabal eskualdeko grebalariek Basauriko ELAren egoitzaren aurrean egin dute hitzordua. Bizkaiko erresidentziak borrokan! lelodun kamiseta berdea jantzita, sindikatuaren banderak autoetan banatu, leihoetan kartelak jarri eta Basauriko Bizkotxalde zahar etxera jo dute. Klaxona jotzeari utzi gabe, kartelak jarri dituzte sarreran, eta Berdintasun plana, Enplegu egonkortasuna edota bestelako mezuak zituzten papertxoak bota dituzte. Herri bereko Alai eta Bidebieta zahar etxeetan berdina egin dute, eta San Miguel auzora abiatu dira gero. Bertan, erresidentzian zegoen egoiliar batek agurtu ditu barrutik, langileekin bat zetorrela argi utzi nahian.

Urte eta erdi baino gehiago daramate langileek hitzarmen barik. Hamar negoziazio mahai egin dituzte baina patronalaren «proposamen bakarra» soldata izoztea izan da. «Soldata egoitza publikoetako langileenekin parekatzea eskatzen dugu», aldarrikatu du Sorayak. Horrez gain, lanaldi osoko kontratazioak, langile gehiago kontratatzea eta langileak lehen egunetik ordezkatzea exijitu dute.

Sektore feminizatua

Basauritik Ugaora bidean, emakumeek hurrengo egunak errepasatu dituzte. «Ni ezin izango naiz goizeko zazpietan joan, haurrak eskolara eraman behar ditut», esan du grebalari batek. Sektore feminizatua da zahar etxeetako langileena. Greba egunetan, etxeko zaintza lanekin uztartu behar dituzte antolatzen dituzten ekintzak. «Metalaren sektoreak goizeko seietan piketeak antolatzen dituenean, gizonek ez dituzte horrelako buruhausteak izaten», salatu du Garciak. Izan ere, zaintza ez ezik, zaintzaren antolaketa ere emakumeen gain geratzen da, kotxean zihoazen kideek adierazi dutenez: «Hori karga mental bat da, guk pentsatu behar dugu dena nola antolatu».

Ugaoko zahar etxea pegatinaz, kartelez eta zarataz bete dute, eta alboko herrira mugitu dira gero, Arrigorriagara. Aurreko greba gogoratu dute bidean. «2017an, 5.000 langile baino gehiagoren lan baldintza hobetzea lortu genuen, 368 eguneko greba eta gero», azaldu du Garciak. Greba horretan, patronalaren aldetik jasotako erantzunak azalarazi zituzten, besteak beste, «zuen hobekuntzak nire potroetatik irtengo dira» bezalako esaldiak entzun behar izan zituzten. «Hori da sektore feminizatua delako; gizon bati hori ez zioten esango».

Arrigorriagan zerbitzu minimoetako langileak leihoetara atera dira, grebalariekin batera, zarata egitera. Galdakaon, Plazakoetxe erresidentziako egoiliarrak izan dira leihoetatik grebalariak agurtu dituztenak.

Galdakotik Usansolora, eta Usansolotik Bediara. Tartean, Garciak gogoratu du azken urteetan patronalek 255 miloi euro publiko jaso dituztela, «baina enpresarentzat onurak baino ez direla izango». Horrez gain, zehaztu du langileek %16,5eko galera metatu dutela erosteko ahalmenean. Gaur egungo inflazioa kontuan hartuta, ehuneko handia suposatzen du horrek. «Gailetak 50 zentimo baino gehiago garestitu dira supermerkatuan!», adierazi du gidatzen duen emakumeak. «Zer gertatzen da hemen? Galdera hori egiten diot neure buruari supermerkatuko prezioak ikusten ditudanean», gehitu du gidariaren alboan, bandera eusten duen emakumeak. Bitartean, klaxonaren zaratak errepidea bete du. Eta bozgorailutik aldarrikapenak entzun dira: «Zaintzak esku pribatuetan jarraitzen du».

Azken geralekua Galdakaoko Zuhatzu auzoa izan da. Kale oso bat erresidentziaz beteta dago han. Eskualdeko erresidentzietan ikusgarritasuna bermatuta, lehenengo greba eguna amaitutzat eman dute emakumeek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.