euskal presoak

Joseba Arregi berriz espetxeratu dute, gradu aldaketa baliogabetuta

Arregik 76 urte ditu, eta horietatik 31 egin ditu espetxean 

Joseba Arregi, artxiboko argazki batean. CHEMA MOYA / EFE
Iosu Alberdi.
2022ko azaroaren 21a
18:47
Entzun

Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, Joseba Arregi preso oñatiarraren (Gipuzkoa) gradu progresioari jarritako errekurtsoaren alde egin du Espainiako Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak, eta Martuteneko espetxera (Gipuzkoa) itzuli behar izan du, bigarren graduan. Arregik 76 urte ditu, eta horietatik 31 espetxean igaro ditu. Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak otsailean onartu zuen hari hirugarren gradua ematea, espetxeko tratamendu batzordeak haren alde egin ostean. Arregiren aurkako erabakiarekin, sei dira Espainiako Auzitegi Nazionalak aurten atzera botatako gradu progresioak.

Etxerat-ek «etxera itzultzeko bidea» oztopatzea leporatu dio Auzitegi Nazionalari, eta «haserrea eta gaitzespena» adierazi ditu. Izan ere, jakinarazi dute hainbat patologia dituela «hainbeste urteko espetxeratzearen ondorioz», eta 2019ko ekainean bete zituela zigorraren hiru laurdenak. Are gehiago, Frantziako espetxeetan egindako hamar urteak zenbatuz gero, jada aske egongo zela adierazi du elkarteak. Hala, Arregiren askatasunaren alde deituko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du.

Arregi 1992tik dago preso; 2000. urtean Espainiaratu zuten, eta 30 urteko espetxe zigorra betetzen ari da. 2019ko abenduan gerturatu zuten Villenako (Herrialde Katalanak) kartzelatik Villabonakora (Asturias), eta 2020ko urrian Euskal Herriratu zuten. Aurtengo otsailetik, berriz, etxean ari zen zigorra betetzen. Martxoan jarri zuen Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak gradu progresioaren aurkako helegitea, eta orain berriz espetxeratzeko agindu diote.

Seigarrena

Orain arte, fiskaltzak gutxienez hemeretzi gradu progresioren aurka egin du, eta Auzitegi Nazionalak hamar ebazpen eman ditu oraingoz. Etxerat-en arabera, sei kasutan —Arregi, Aitor Esnaola, Mikel San Argimiro, Xabier Atristain, Gorka Martinez eta Iñaki Bilbao Gaubeka— aintzat hartu du fiskaltzaren eskaera, eta presoek kartzelara itzuli behar izan dute. Beste lau auzitan, berriz, hirugarren graduaren aldeko erabakia hartu du.

Halere, fiskaltzak bereari eusteko aukera du, eta hala egin du Gorka Vidal euskal presoaren kasuan, esaterako. Espetxe zaintzako epaitegiak gradu progresioaren alde egin arren, errekurtsoa jarri du. Presoek ere badute euren aurkako erabakiari helegitea jartzeko aukera. Bi kasuetan, Auzitegi Nazionaleko Lehen Zigor Salak du azken hitza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.