GAL

Garcia Danboreneak diputatu ohi gisa jasotzen duen pentsioa eteteko eskatu du Unidas Podemosek

Koalizioaren ustez, estatuaren krimenen «inpunitatearen» erakusle da 2.063,75 euroko laguntza ekonomikoa.

Garcia Danborenea, bere aurkako epaiketan. J.M. PASTOR / EFE
2022ko azaroaren 22a
11:19
Entzun

Unidas Podemosek Espainiako Kongresuko presidente Meritxell Bateti eta Senatuko haren homologo Ander Gili eskatu die eteteko Ricardo Garcia Danboreneak diputatu ohi gisa jasotzen duen laguntza ekonomikoa. PSE-EEren Bizkaiko idazkari nagusi ohia 1998an zigortu zuten, Segundo Mareyren bahiketagatik. Hala, koalizioaren esanetan, «terrorismoaren biktimen duintasunaren eta memoriaren aurkako erasoa da» jasotzen duen diru laguntza.

UPko Pilar Garrido, Roberto Uriarte eta Juantxo Lopez de Uralde diputatuek aurkeztu dute idatzia, eta gogoratu dute GALekin lotura izateagatik zazpi urteko espetxe zigorrera kondenatu zutela Garcia Danborenea; handik hiru urtera, indultua eman zion Jose Maria Aznarren gobernuak. Hala, UPko kideek salatu dute halako laguntza ekonomikoak jasotzea estatuaren krimenen «inpunitatearen» adibide dela, eta «ahalik eta azkarren» atzera egiteko eskatu dute. «Konpromiso demokratikoa» ere exijitu diete botere publikoei, justizia «biktima guztientzat» izan dadin. Horretarako, oinarrizkotzat jo dute Sekretu Ofizialen Legea aldatzea, GALen ingurukoak argitzeko.

PSE-EEko Bizkaiko idazkari nagusi ohiak hilabetean 2.063,75 euro jasotzen ditu, 1982tik 1989ra Kongresuko diputatu izategatik. Izan ere, 2006ko Pentsio Parlamentarioen eta bestelako Prestazio Ekonomikoen Araudiaren arabera, ganberetan pentsio bat jasotzeko adina denbora egin ez duten diputatu eta senatari erretiratuek laguntza bat jasotzeko aukera dute hala eskatzen badute.

Eskaerak Kongresuko eta Senatuko mahaien babesa izan behar du; kideen hiru bostenen aldeko botoa. Kide horiek ezartzen dituzte diru kopurua eta baldintzak ere. Gaur egun, 39 dira halako laguntzaren bat jasotzen duten parlamentari ohiak, eta, horien artean, Garcia Danborenea da diru gehien jasotzen dutenen artean bigarrena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.