euskal presoak

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzaren «prebarikaziozko jarrera» salatu du Sare Herritarrak

Plataformak jakinarazi du faltsuak direla gradu progresioen aurka fiskalak erabilitako argudioak. Sei presoren gradu aldaketak atzera bota ditu Auzitegi Nazionalak, eta beste 11 ebazpenaren zain daude.

Sare Herritarraren agerraldia, gaur, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iosu Alberdi.
2022ko azaroaren 22a
11:49
Entzun

Sare Herritarrak adierazi du 2022an «urrats garrantzitsuak» egin direla euskal presoen egoerari dagokionez, baina gogorarazi du oraindik ere «salbuespenezko espetxe politika» jasaten dutela: «Aurrera egin dugu gure helburuetan, baina oraindik bide luzea dugu egiteko». Hala, plataformak azaldu du lanean ari direla urtea amaitu aurretik urruntze politika behin betiko desagertu dadin, eta urratsak eskatu ditu gradu progresioei ezartzen dizkieten «oztopoak» saihesteko. Hala, abenduaren 10ean mobilizatzeko deia egin dute, Durangon, Etxerako bidean oztoporik ez! Gradu erregresiorik ez! lelopean.

Sareren arabera, zigorraren erdia betea dute 110 euskal presok (EPPKko kideen %64); beraz, hirugarren gradua eskuratzeko moduan leudeke. Hala, gradu progresioen aldeko txosten teknikoak daudenean aldaketak babesteko eskatu du, argudiatuta «salbuespenezko espetxe politikarik» ezarri ez balitzaie horiek guztiak baldintzapean aske egongo liratekeela «seguruenik»: «Pribilegiorik ez, baina mendekuzko jarreretan oinarritutako salbuespenak ere ez».

Argudio gisa, Espainiako Espetxeen Lege Organiko Orokorreko 72.3 eta 72.4 artikuluak aipatu ditu. Izan ere, haien arabera, ez da presorik eduki behar bigarren graduan hirugarrenean egon badaiteke. «Espetxe Administrazioak badaki euskal preso horietako batek ere ez duela erabiliko erdi askatasuna delituak egiteko edo ihes egiteko», azaldu du plataformak.

Errealitatea, baina, bestelakoa da. Sareren datuen arabera, 2022ko otsailetik hona 32 presok jaso dute hirugarren gradura aldatzeko baimena, eta zenbaitek horma bat topatu dute Madrilen. Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak zenbait errekurtso aurkeztu ditu, horiek atzera botatzeko. Sei kasutan —azkena, atzo—, Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak bat egin du harekin, eta bigarren gradura itzuli dira presoak. Beste lautan, berriz, gradu progresioaren alde egin du epaitegi hark. Era berean, beste 11 preso ebazpenaren zain daude.

Gradu progresioen aurka egiteko, fiskaltzak behin eta berriz argudiatu du euskal presoek ez dutela damurik adierazi, ez dietela biktimei barkamena eskatu eta ez diotela justiziari lagundu. Sareren ustez, ordea, argudio horiekin «gutxietsi» eta «mespretxatu» egiten dituzte euskal presoek «eragindako kaltea aitortzeko» aurkeztu dituzten idazkiak.

Era berean, fiskaltzak erabilitako beste zenbait argudioren berri ere eman du plataformak. Besteak beste, adierazi izan du presoei «oraindik denbora asko» falta zaiela zigorra betetzeko, eta zenbaitek ez dituztela aurrez espetxe baimenak jaso. Lehen kasuan, hirugarren gradua lortzeko baldintza da zigorraren erdia beteta edukitzea, eta hori gradu progresioa eskatu duten guztiek betetzen dute. Gainera, Sarek gogorarazi du gomendio bat dela aurrez espetxe baimenak izatea, eta nabarmendu du fiskaltza dela haiek eskuratzea «boikotatzen» duena, «sistematikoki» baimenen aurka eginda.

«Muturreraino eraman dituzte beren prebarikaziozko jarrera judizialak, eta errekurtsoetan argudiatzen dute preso hauek ez dutela ETA erakundearekiko lotura hautsi», adierazi du Sarek fiskaltzaren jarreraz. Gogorarazi du erakunde armatua duela 11 urte desagertu zela, «ultraeskuin politiko eta judiziala etengabe bestelakoak argudiatzen ari bada ere». Izan ere, plataformak uste du fiskaltza «ultraeskuin politikoaren arma juridikoa» bihurtu dela, irizpide juridikoak albo batera utzita.

Hori ikusita, bi bide landu behar direla adierazi du. Batetik, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio berriz onartzeko Madrildik ukatu diren hirugarren graduak. Bestetik, 5/2003 Lege Organikoa aldatzea exijitu du, tokian tokiko espetxe zaintzako epaitegiek hartu ditzaten baimenen eta gradu progresioen inguruko erabakiak: «Onartezina da 500 kilometrotik gorako distantziara dauden epaileek eta fiskalek erabakitzea zer dagokien preso horiei».

Hemeretzi, urrun

Zenbait hilabeteko geldiunearen ostean, Sarek uste du uztailetik aurrera «aurrerapen handia» egin dela presoak Euskal Herriratzeko prozesuan. Oraintxe, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko hemeretzi kide daude Espainiako kartzeletan preso —beste hamabi daude Frantziaren menpeko espetxeetan—, eta Espainiako Barne Ministerioak aurreko astean iragarri zuen horietatik bost Euskal Herriratuko dituztela.

«Cadizen ETAko 190 preso izango bagenitu, legea urratuko genuke», adierazi zuen duela gutxi Espainiako Barne ministro Fernando Grande-Marlaskak, eta hitz horiek erabili ditu Sare Herritarrak Madrilek martxan duen espetxe politikaren aurka egiteko. «Argi baduzue urruntze politikak legea urratzea dakarrela, zergatik eutsi diozue 30 urte luzez?», galdetu dute plataformako kideek. Are gehiago, larritzat jo dute legearen kontrakotzat jota ere «mendekuan oinarritutako espetxe politikari» eustea, eta oraindik ere euskal presoak egotea Espainiako espetxeetan.

Egoera kontuan izanda, Sarek adierazi du «astiro bada ere» helburuak betetzen ari direla espetxe politika arrunta aplikatzeko bidean. Hala, mobilizatzen jarraitzeko deia egin du: «Haiek konfrontazioren alde egin dute; guk bizikidetza defendatzen jarraituko dugu».

Hurrengo protesta handia urtarrilaren 7an izango da, Bilbon. Herritarrei bertan parte hartzeko deia egin die Sarek, ez dezaten isiltasuna erabili bi hamarkada preso daramatzatenen «sufrimendua luzatzeko»: «Giza eskubideen defentsa guztion ardura da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.