Alderdiak

EH Bilduk itxitzat jo du aurrekontuen negoziazioa Eusko Jaurlaritzarekin

Koalizioak osoko zuzenketa jarriko dio gobernuaren 2023ko aurrekontuen proiektuari, ez duelako ikusi exekutiboan «akordio batera gerturatzeko inolako asmorik».

Maddalen Iriarte, aurrekontuen negoziaketaren inguruan azalpenak ematen. L. RICO / EFE
xabier martin
2022ko azaroaren 22a
15:38
Entzun

EH Bilduk ez ditu babestuko Eusko Jaurlaritzaren 2023ko aurrekontuak. Koalizioak jakinarazi du itxitzat jotzen duela gobernuarekin zabalik zuen negoziazioa, aurrekontuen bozketan ezezkoa saihesteko. EH Bildun ez dute ikusi exekutiboaren aldetik «akordio batera gerturatzeko inolako asmorik».

Hirugarrenez elkartu dira koalizio subiranistaren batzorde bat eta Pedro Azpiazu Ogasun sailburuaren taldea 2023ko aurrekontuen inguruan negoziatzeko. Proiektua EAJren eta PSE-EEren gehiengoarekin aterako da aurrera, edonola ere, baina babes hori Jaurlaritza osatzen duten alderdiak ez beste taldeekin handitzeko saio batean dago Azpiazu.

Orduerdiko batzarra nahikoa izan da, ordea, EH Bilduko kideek azken erabaki bat hartzeko aurrekontuen inguruan. 2023ko proiektua ez du babestuko koalizioak, Maddalen Iriarte Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak azaldu duenez. «Ez dugu negozitzeko benetako asmorik ikusi, eta ez gara antzezteko ariketa batean egongo». Negoziaketa bukatutzat jo du.

«Eusko Jaurlaritzak ez dio erantzun EH Bilduk egindako proposamen bakar bati ere», azaldu du Iriartek. Osakidetza indartzea «ezin da atzeratu», haren arabera; ezta alokairuen prezioen arazoa, energiaren auzia eta politika fiskalaren aldaketa ere. Koalizioak «betetzeko erraza den eskaera» egin du zergen alorrean, Iriarteren hitzetan: «eztabaida irekitzea» dagokien erakunde eta eragileekin.

2022ko aurrekontu akordioaren herena

2023ko aurrekontu orokorrak Gobernu Kontseiluan onartu aurretik EH BIlduri deitu ez izana deitoratu du berriro koalizioko bozeramaileak. Jaurlaritzaren egungo bazkide bakarra aurrekontuetan EH BIldu dela gogoratu du Iriartek, eta esan du beste erakunde batzuetan bazkideekin elkartzen direla gobernuak aurrekontuak aurkeztu aurretik.

Diru kopuru zehatzak aztertzen ere hasi da Iriarte. Azpiazuren taldeak 54 milioi euroko balioko aldaketak eskaini dizkio koalizioari. Bada, kalkulatu du kopuru hori 2022ko aurrekontuetan EH Bilduk Jaularitzarekin egindako akordioaren balioaren herena dela. «Horrek argi uzten du gobernuaren asmoa zein den», esan du Iriartek. «Sailburua apur bat gerturatu izan balitz», koalizioak akordio bat lortzeko dena emango zuela helarazi du, «beste batzuetan gertatu izan den moduan».

Horrez gain, Iriartek onartu du koalizioak ez duela begi onez ikusi Azpiazuk PP+C's taldearekin izan duen hurbilketa hezkuntza alorrean haren babesa lortzeko. Elkarrekin Podemosen ere oso gaizki hartu dute Jaurlaritzaren saio hori. EH Bilduko bozeramaileak gobernuaren sailen arteko «komunikazio eskasari» egotzi dio saio hori gertatu izana.

Guzak horrela, «txiklea luzatzen» egotea izango litzateke negozitzen jarraitzea, Iriarteren ustez, «herritarrekin leialak ez izatea». Horregatik, negoziaketa itxitzat jo du koalizio subiranistak, eta kontu orokorrak bueltatzea eskatuko du Eusko Legebiltzarrean.

Ogasun Sailak, berriz, uste du EH Bilduren proposamenaren funtsean koalizio horren oinarrizko interesak jasotzen direla, eta Sailak ikusi du aurten «ez dela tarterik egon» akordio batera iristeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.