Udal hauteskundeak

Enrique Maiak argitu du ez duela erabaki alkatetzara aurkeztu ala ez

Goizean zabaldu da Maiak politika uztea erabaki duela, baina hark argitu du ez duela erabakia hartu oraindik. Prentsaurrekoa eman du egoera argitzeko, eta esan du denbora behar duela erabakitzeko.

Enrique Maia, 2019an alkate makila hartu zueneko ekitaldian. JESUS DIGES, EFE
Uxue Rey Gorraiz - Joxerra Senar
2022ko azaroaren 23a
08:47
Entzun

«Erabakia ez dago hartuta. Nire buruan sartu beharko zenukete jakiteko». Enrique Maiak gezurtatu egin du hautagai izateari utziko diola. Goizean goiz zabaldu da notizia: Enrique Maia ez da Iruñeko alkategai izanen 2023ko udal hauteskundeetan. Zenbait hedabidek plazaratu dute albistea, eta, ikusirikikusmin handia sortu dela eta komunikabideak atzetik zituela,Iruñeko udaletxean elkartu ditu kazetariak.

Maiak albistea baieztatzea espero bazen ere, oraingoz ez dago albisterik. Maiak ez du halakorik egin. Esan du erabakia hartu gabe duela eta denbora behar duela. Denbora horiek «errespetatzeko» eskatu du. Aurretik «Eguberriak aldera» iragarriko duela esan, eta gauza bera errepikatu du oraingoan.

Maiaren arabera, bere barne gogoeta horretan, arrazoi pertsonalak eta politikoak elkartzen dira, eta osotasun horretan «guztiak du bere pisua». Diario de Navarra-k albistea kaleratu zuenez, mundu guztiak pentsatu du erabakiak UPNren baieztapen ofiziala zuela. Hala, agerraldian, albiste hori kaleratzeak alderdi barruko mugimendu bati erantzuten dion galdetuta, Maiak erantzun du hori «politika fikzioa» dela eta ez duela pentsatzen. Haserre agertu da kaleratutakoarekin: «Errespetu falta handia izan da».

Zergatik bihurtu da orduan oraindik albiste ez den zerbait albiste? Astearte gauean, Noticias de Navarra-ko berri batean Maite Esporrin PSNko hautagaiak adierazi zuenez, Maiak iraganean esan zion ez zela berriz hautagai izanen. Halakorik jakinarazi ez zuenez, bart zuzenean Maiari galdetu zioten, eta, hark gaur esan duenez, ez zuen «ez baieztatu, ez gezurtatu».

Aukera hori irekita uzteak eta aurretik bere inguruneari ziklo politikoa burutu duela adierazteak bere agurra aurreratzea ekarri du, eta horrela handitu da elur bola. Haatik, UPNren gaur egungo zuzendaritza bidegurutze batean dago, eta Javier Esparza presidentearentzat kolpea izan daiteke Iruñearen moduko udal esanguratsu batean kapital politiko handiko hautagai hori galtzea. Esparzaren lidergoa ahuldurik dago, eta UPNko presidenteorde izanik, Maia haren konfiantzazko gizona da. Ematen du Maiak oso kontuan duela barne egoera hori.

Maiak hamabi urte eman ditu politikan. 1999tik 2011ra bitartean, Yolanda Barcina alkate zela, hirigintza arloko arduradun eta gerente izan zen, eta, Barcinak gobernurako urratsa egin zuenean, politikaren lehen lerrora jauzi egin zuen Maiak. Une hartan ez zen pertsona ezaguna, baina hiru legealditatik bitan alkate izan da. Iragan legealdian, oposizioburu izan zen.

Mugimendu gehiago

Hain justu ere, PSNn ere aldaketak izanen direlako albistea zabaldu eta biharamunean iritsi da Maiarena. Atzo, Santos Cerdan PSOEko antolakuntza idazkariak iragarri zuen gaur egungo Nafarroako Ekonomia eta Ogasun kontseilari Elma Saiz izanen dela PSNren Iruñeko alkategaia. Maite Esporrin ordezkatuko du.

Ikusi gehiago: Elma Saiz izango da PSNren Iruñeko alkategaia

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.