Zientzia

Paleoeuskaldunaren lagunik onena

Txakurren historiaurreari ekarpen garrantzitsuak egin dizkiote azken urteotan Euskal Herrian topaturiko aztarnek. Urnietako txakurra duela bi urte, eta Zestoako txakurra oraingoan (Gipuzkoa).

Zestoako Erralla harpean topaturiko zakur humeroaren hainbat ikuspegi. EHU
Edu Lartzanguren.
2022ko azaroaren 23a
17:02
Entzun

Noski, izenburuko paleoeuskaldunarena anakronismo bat da. Adituak eztabaidan dabiltza duela 2.000 urteko baskoi zorionekoak euskaldunak ote ziren, eta ez daude ziurtatzeko paleolitoan gaurko Euskal Herrian bizi zirenak zein hizkuntzatan egiten zuten. Baina gauza bat ziurra da: haien etxeko zakurrek zaunka egiten zuten, gaurkoek bezala. Azken urteotan, bazterrotako zakur zaharrak protagonista izan dira munduan Canis lupus familiaris espeziearen historia biologikoa argitzeko eginiko ikerketetan.

«Europako etxe txakur zaharrenetariko bat Euskal Herrian bizi izan zen», ondorioztatu du EHUko zientzialari talde batek, aste honetan bertan ScienceDirect atarian argitaraturiko ikerketan. Duela 17.000 urteko humero hezur bat (aurreko hankako hezurra da) aztertu dute, eta ondorioztatu dute etxeko txakur batena zela.

Zestoako Erralla kobazuloan (Gipuzkoa) aurkitu zuen hezurra Jesus Altuna arkeologoak zuzenduriko talde batek, 1985. urtean. Ia osorik zegoen, eta ikusi zuten kanido batena zela. baina orduko teknologiak ez zuen aukerarik eman bereizteko otso, azeri, edo txakurren aztarnen artean, denak Canis familiakoak direlako.

Zestoako zakurraren hezurra aztertu duen taldea: Conchi de la Rua, Santos Alonso, Montse Hervella eta Neskuts Izagirre

EHUren Giza Biologia Ebolutiboko taldeak berriz aztertu du orain hezurra, Conchi de la Rua irakaslearen zuzendaritzapean. Haren formari erreparatu diote, karbono-14aren teknikaren bitartez zehaztu dute horren adina, eta haren DNA aztertu dute. Ondorioak: etxeko txakur bat zen, duela 17.410–17.096 urtekoa. «Beraz, Errallako txakurra Goi Paleolitoaren Madeleine aldian bizi izan zen, eta, horrenbestez, Europako etxeko txakur zaharrenetariko bat dela esan daiteke», adierazi dute.

«Emaitza hauek ikusita, litekeena da otsoaren etxekotzea orain arte uste zen baino lehenago gertatu izana, Mendebaldeko Europan behintzat», adierazi du De la Ruak.

Txakur motak

Beraz, ordurako bazen txakurra gizakiaren lagunik onena, edo onenetakoa behintzat. Baina bazeuden ordurako txakur motak, gaur artzain txakurrak, labritak eta modako border collie-ak dauden bezala?

2020an, Historiaurreko txakurren jatorria eta ondare genetikoa nazioarteko ikerketaren emaitzak argitaratu zituen Science aldizkariak. Historiaurreko 27 txakurren DNA aztertu zuten, Europako, Ekialde Hurbileko eta Siberiako aztarnategietako hezurretatik ateratako laginetatik.

Ondorioztatu zutenez, bazeuden zenbait txakur mota Izotz Aroan, duela 11.000 urte baino gehiago, hau da, gizakiek beste animaliarik etxekotu baino lehen. Jatorri genetiko ezberdineko gutxienez bost txakur mota bazeudela frogatu zuten.

Azterketa egiteko, Urnietako Marizulo harpean topaturiko txakur baten aztarna erabili zuten, beste askoren artean. Jose Migel Barandiaranek 1962 eta 1967 bitartean induskatu zuen kobazulo hori. Marizuloko txakurra «ertaina» zen, 15-20 kg artekoa.

Baina txakur hori Zestoan topaturikoaren ondorengoa ote zen? Antza denez, ez. Izan ere, duela 4.000-5.000 urte baino lehen, Europan txakur mota asko zeuden, baina historiaren une batean, aniztasun hori galdu egin zen, eta gaurko Europako txakur guztiek aurrera egin zuen txakur mota azpitalde estu batetik datoz, ziurrenera kontinentera gero sarturiko gizataldeek eurekin ekarritakoak.

Beraz, Europako etxeko txakur zaharrenetariko bat Euskal Herrian bizi izan zen, bai, baina, ziurrenera, Zestoako Errallako zakurra ez zen Pinttoren birramona.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.