Indarkeria matxista

Sexu jazarpenaren aurkako neurriak negoziazio kolektiboan txertatzea galdegin du ELAk

Prekaritateari buruzko kanpainaren barruan egindako inkesta batean, 183 jazarpen kasu antzeman ditu sindikatuak. Enpresa gehienek protokolorik ez dutela salatu du.

Bengoetxea, Fernandez eta Gallego, gaur, datuak aurkezteko agerraldian. MONIKA DEL VALLE/ FOKU
Maite Asensio Lozano.
2022ko azaroaren 23a
17:53
Entzun

Lan eremuan sexu jazarpena pairatu duten emakumeei «ahotsa eta aitortza» emango die ELAk ostiralean, indarkeria matxistaren aurkako egunaren harira Agurainen (Araba) egingo duen ekitaldian. Sexu jazarpena lantokietan, sekretu kolektiboa lelopean, arreta berezia jarri nahi dio sindikatuak gaiari, besteak beste, datu kezkagarriak iritsi zaizkiolako eskuartera: prekaritatearen inguruko kanpainaren barruan egindako galdetegi batean, 183 jazarpen kasuren berri eman dute emakumezko langileek eurek. Enpresei eta erakunde publikoei neurriak eskatu dizkie ELAk, eta halakoak negoziazio kolektiboan txertatzea galdegin du: «Ezinbesteko aldarria izan behar du».

Izan ere, enpresetan ia ez dago bortizkeria molde hori atzemateko eta jorratzeko neurri loteslerik, sindikatuko Genero Ataleko kide Jone Bengoetxeak salatu duenez: «Ez dira martxan jartzen sexu jazarpenaren aurkako prebentzio eta aktuazio protokoloak, ezta horiek eskatzen dituzten baliabideak ere». Zehaztu du enpresak behartuta daudela halako protokolo bat izatera, baina ez erregistratzera, eta lan ikuskaritzak ez duela jardun hori kontrolatzen: «Ez diete isunik jartzen protokolorik ez daukaten edo betetzen ez duten enpresei».

Ondorioz, erasoetako asko «ezkutuan» geratzen dira. Deustuko Unibertsitateak egindako ikerketa bat ekarri du gogora Bengoetxeak: «Lantokiko sexu jazarpen kasuen %92 salatu gabe geratzen dira». Erantsi du bortizkeria horrek sarri eragiten duela emakumeek lana uztea: «Arrisku psikosozialengatik hartutako bajen edo lan baimenen atzean halako erasoak daude maiz».

Eremu soziosanitarioan

Datu fidagarririk ez dagoen arren, ELAk eskuratu dituen zenbakiek «izebergaren punta» adierazten dute, Leire Gallego Genero eta Gizarte Ekintzako arduradunaren hitzetan. 402 enpresetako langileei egindako inkestetan 183 kasu azaleratu dira, gehienak, eremu soziosanitarioan, hau da, zahar etxeetan eta etxez etxeko laguntza zerbitzuan. Gallegok onartu du datua ezin dela orokortu, justu sektore horretan egin dituztelako inkesta gehienak, baina uste du «arazoaren neurria» eman dezakeela: «Lan arlo guztietan gertatzen da sexu jazarpena». Eta erantsi du bereziki zaurgarriak direla zaintzaileak: «Eremu feminizatua da, eta prekarioa: langile ratioak oso txikiak dira, beraz, sarri bakarrik egon behar dira espazio itxietan». Gallegok zehaztu duenez, antzeman dituzten erasoak fisikoak, ahozkoak edo psikologikoak izan dira. «Denak dira larriak, eta denak dira ikusezinak».

Ikusezintasun horrek, era berean, zaildu egiten du jazarpenari aurre egitea. Nahia Fernandezek azaldu duenez, emakume batek sindikatura jotzen duenean laguntza eske, «kasuz kasu» aztertzen dute nola jardun: «Batzuetan lantokian kolektiboki antolatzea hobesten dugu, beste batzuetan auzitara jotzea gomendatzen dugu». Gaitzetsi du erantzun instituzionalak «berandutu» egiten direla, eta enpresek ez dutela beti zuzen jarduten: «Haien izen ona zikintzeko beldur izaten dira. Baina, gutxienez, kautelazko neurriak hartu beharko lituzkete, hala nola urruntzea, eta noski, emakumeen lan baldintzak okertu gabe».

Edonola ere, berretsi du biktimentzat oso zaila izaten dela salaketa egitea, bai juridikoki, bai sozialki. «Indarkeria matxista nahasten da lan eremuko indarkeriarekin: enplegua galtzeko beldurra, lan baldintzak arriskuan jartzekoa... Guretzat halako kasu bat bada greba egiteko arrazoia, baina erasoa jasan dutenentzat ez da erraza izaten, eta guk haien nahiak eta erabakiak errespetatu behar ditugu».

Neurriak, enpresei eta instituzioei

Oztopo horien aurrean, hainbat neurri ere eskatu dituzte ELAko ordezkariek: enpresei, «protokolo eraginkorrak» lantzeko, eta lanpostuen balorazioan arrisku psikosozialak ere jasotzeko; eta erakundeei, protokolorik ez duten enpresak zigortzeko. «Erregistro ofizial bat sortu behar luke Jaurlaritzak, berdintasun planekin bezala, eta ikuskaritzaren kontrola areagotu», adierazi du Gallegok. Jazarpena jasan duten langileei laguntza integrala eskaintzea ere galdegin dio Emakunderi. Sindikatu barrura begira, ELAk negoziazio kolektiboen «lehen lerrora» ekarri nahi du gaia, eta horretarako protokolo propioa landu du, «lantokiz lantoki eramateko», Fernandezek adierazi duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.