Durangoko Azoka

Durangoko Azokak 930 nobedaderekin berreskuratuko du ohiko itxura

Abenduaren 7tik 11ra 248 erakusmahai izango dira Landako Gunean, eta 250 kultur ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte. Pandemia aurreko datuen pare daude kopuru horiek Gerediaga elkartearen ustez, eta ohiko azoka bat espero dute.

Gerediaga elkarko eta Durangoko Azokako guneetako ordezkariak, Durangon, programa aurkezten. MARISOL RAMIREZ/ FOKU
Inigo Astiz
2022ko azaroaren 24a
13:46
Entzun

«Azoka berreskuratu nahi dugu, giroa berreskuratu nahi dugu, eta jaia berreskuratu nahi dugu». Leheneratze bat espero du aurten Gerediaga elkarteak Durangon (Bizkaia). Bi urteko gorabeheren eta murrizketen ostean, pandemiaren aurretik zuen itxura berreskuratuko du Durangoko Azokak abenduaren 7tik 11ra bitartean, eta Landako Gunean izango den erakusmahai kopurua, nobedade zerrenda eta zuzeneko emanaldien programa aipatu dituzte horren ikurtzat. 248 stand izango dira —264 izan ziren 2019an—, 930 nobedade aurkeztuko dituzte —689 liburu, 141 musika produktu, 46 aldizkari eta bestelako 54 lan—, eta 250 kultur ekitaldi antolatuko dituzte —200 izan ziren 2019an—. Eta, hain justu, horregatik hautatu dute Eztanda leloa aurtengorako, Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko kudeatzaileak azaldu duenez. «Urte bi zailak pasatu ditugu, baina tunel ilun horren amaieran argi handi-handi bat ikusten genuen. Eta uste dugu hau izango dela pandemia aurreko azoka berreskuratzeko urtea, eta nahi dugu hau jai handi bat izatea».

Ikusi gehiago:Euskaraz argitaratzen diren liburu eta diskoen erakusleihoa

Gune guztiekin eta programa osoarekin itzuliko da Durangoko Azoka aurten, beraz, eta haren nondik norako nagusiak aurkeztu dituzte gaur. Webgunean ere kontsulta daiteke jada egitaraua, osorik. Zehaztu dutenez, gainera, Badok atariarekin elkarlanean, indar berezia egingo dute musikaren sektorea sustatzeko.

MUSIKAREN PLAZA

Gaztelurrutiak esan duenez, Durangoko Azokan «oraindik» saldu egiten dira diskoak, biniloak eta bestelakoak, baina bihurgune handi batean murgilduta irudikatu du sektorea. Musikagintza banatzeko egungo joerek bazterrean utzi dituztelako euskarri fisikoak, eta sortzaileentzako diru iturria murriztea ekarri duelako horrek. Eta horri erantzuteko hiru bide zabaldu ditu azokak.

Batetik, nabarmendu egingo dute musikariei eskainitako esparrua Landako gunean. Musikaren Plaza deituko dutena ikusgarriago egingo dutela zehaztu du Gaztelurrutiak. Horrez gainera, Badok atariarekin batera, azokan salgai diren nobedade guztien kasuan, diskoko kanta bat entzun ahal izateko aukera emango duen QR kode bana ere jarriko dute erakusmahaietan. Eta, azkenik, orain arte ez bezala, diskoak ez ezik, kamiseta, bisera edo boltsak saltzeko aukera ere izango dute musikariek.

AHOTSENEA

Hamabost urte beteko ditu aurten Ahotsenea guneak, Miren Narbaiza musikari eta gunearen koordinatzaileak gogoratu duenez .«2007 hartan hasi ziren Durangoko Azoka salerosketa gune bat baino zerbait gehiago izan zitekeela irudikatzen». Eta pozik azaldu da urteurrena ohiko azoka batean ospatu ahal izango dutelako. «Jendea nahieran sartu eta irtengo da, eta desiotan gaude normaltasun hori bizitzeko, egunetik egunera. Uste dut merezi dugula denok, hainbeste puzzle osatzen ibili eta gero».

Plateruena kafe antzokian egingo dituzte musikariek zuzeneko aurkezpenak. 47 talde igoko dira agertokira beren lanak aurkeztera, eta izen zerrenda bat ere aipatu du Narbaizak, Delirium Tremens, Xsakara, Merina Gris, Ines Osinaga eta Kokein tartean. Streaming bidez ere zabalduko dituzte saio horiek. Literatur solasaldiak, berriz, Bartolome Ertzilla musika eskolan egingo dituzte.

IRUDIENEA

Guztira, 24 film luze, hamabost film labur, web-serie bat eta podcast bat eskainiko ditu Irudienea guneak, Durangoko Zugaza zinema aretoan, baina ezbairik gabe Irati filmaren emanaldi bereziak erakarriko du arretarik handiena. Abenduaren 10ean izango da hori, 12:30ean.

Antolatzaileek zehaztu dutenez, aurrez ere, Paul Urkijo zinema zuzendaria maiz izan da bertan bere lanak aurkezten, eta, urte horietan izandako harremanaren fruitu da emanaldi berezia. Hasieran, azoka egunak heltzerako areto komertzialetan egotekoa zen filma, baina estreinaldi komertziala otsailera atzeratu, eta, beraz, are bereziago bilakatu du horrek Durangoko emanaldia. Egunean bertan jarriko dituzte sarrerak eskuragai, Irudienean bertan, 10:30etik aurrera. Bi gonbidapen jaso ahalko ditu bakoitzak, eta ilarak sortzea ere espero izatekoa da, hortaz.

SZENATOKIA

San Agustin antzokia da Szenatokia gunearen egoitza. Bertan egingo dira irekiera ekitaldi ofiziala eta itxiera ekitaldia ere. Horrez gainera, ordea, antzerki eta dantza pieza laburrak ikusteko aukera ere eskainiko du abenduaren 8tik 11ra bitartean. Hamabi taldek hartuko dute parte programan, bakoitzak bi edo hiru pase eskainiko ditu egunean, eta, beraz, 29 saio izango dira agertokian. Komedia, drama, pole dantza ikuskizunak, antzerkia, dantza eta bestelakoak izango direla aurreratu dute. 12:30etik 20:00etara izango dira emanaldiak.

SAGUGANBARA

Pozik azaldu dira Saguganbara guneko antolatzaileak ere, bi urteren ondoren azkenik aretoa berriz ere osorik eta mugarik gabe baliatu ahalko dutelako. Haur, gazte zein helduentzako pentsatutako proiektuak hartzen ditu guneak, eta, aurkezpenez gainera, eguerdietan irakurketa librerako txokoa ere izango du bisitarientzat. Usue Egia ilustratzaileak diseinatuko du aurten gunearen dekorazioa.

TALAIA ETA KABI@

Ordu erdiko aurkezpenak antolatzen ditu Gerediagak Talaia izeneko aterkipean. Zabalkunde lanetarako espazioa da, eta Landako Guneko Areto Nagusia izan ohi du egoitza. Aurten, Kabi@ gunearekin batera erabiliko du, ordea, gune hori, eta txandaka baliatuko dute biek. Abenduaren 8an, 10ean eta 11n egingo dituzte Talaiako aurkezpenak eta mahai inguruak, eta abenduaren 7an eta 9an hartuko du Kabi@ multimedia gaiei buruzko guneak.

Kabi@ gunearen programazioak, beraz, 7an eta 9an hartuko du Areto Nagusia. Irakasleentzako eta ikasleentzako tailer eta aurkezpenak egingo ditu lehen egunean, eta «gamer villa» bat bilakatuko dute aretoa ostiralean. Bideo jokoetaran aritzeko eta rol jokoetan aritzeko aukera izango dute bisitariek goizez, eta arratsaldean ere bi alor horiei buruzko mahai ingurua antolatu dute.

TRANSMISIOA

Ikasle Eguna ere berreskuratuko du azokak abenduaren 7an. 1.500 ikasle hartuko ditu goizean azokak, eta haientzako tailer sorta bat antolatu du Gerediaga elkarteak, azoka osatzen duten guneekin elkarlanean. Horrez gainera, abenduaren 9an Gazte Eztanda ere antolatuko dutela iragarri du Gerediaga elkarteko kudeatzaileak. Gaztelurrutia: «Mundu aldrebes honetan euskal kultura transmititze ezak kezkatu egiten gaitu, eta gazteei dei berezia egin diegu azoka honetara etorri eta arakatu dezaten azokak dauzkan ertz guztietan». Horregatik, ahalegin berezia egin dute egun horretako programan gazteak bereziki kontuan hartzeko.

'DA! PRO'

Landako guneak abenduaren 7an zabalduko ditu ateak, baina izango da bestelako ekitaldirik ere lehenago. Abenduaren 5ean egingo dute DA! Pro, esaterako. Duela lau urte jarri zuten martxan proiektua, eta sortzaileek eta programatzaileek elkar ezagutu ahal izateko gune bat sortzea izan zuten buruan. Aurten, familientzako hamabi ikuskizun aurkeztuko dituzte batetik, eta musikari lotutako hamahiru proiektu ere bai bestetik.

AZOKA DIGITALA

Aurrez aurrekoa egiteko ezintasunak bultzatu zituen Gerediaga elkartekoak 2020an, lehenengoz, azoka digitala sortzera. Eutsi egin diote proiektuari geroztik, ordea, eta, aurten, abenduaren 7tik 10era eskainiko dute Durangoko Azokan aurtengo nobedadeak erosteko aukera. Aurten behintzat proba egin nahi dutela iradoki dute Gerediaga elkarteko ordezkariek. Gaztelurrutia: «Aurrez aurreko azoka oso-oso-osoa izango dugu, baina mantendu egin dugu online azoka ere, ikusi nahi dugulako ohiko azoka batean zer funtzio bete dezakeen».

'ZU NON, HAN DA!'

Pandemiak behartu zituen Zu non, han da! izeneko programa abiatzera, baina «oso arrakastatsua» izan da esperientzia, antolatzaileen hitzetan. Azoka egunak amaitu ostean, Euskal Herriko ehun liburu denda baino gehiagora helduko dira Durangoko Azokaren oihartzuna. Nobedadeak jarriko dituzte erakusleihoetan, eta, horrez gainera, aurten, lehenengoz, hainbat liburu eta disko aurkezpen ere egingo dituzte denda horietako batzuetan.

AURREKONTUA

Guztira, 670.000 euroko aurrekontua du azokak aurtengorako —675.450 eurokoa zen 2019koa—. Erakunde publikoen laguntzak, babesle pribatuen laguntza eta azokan erakusmahai jartzen duten partaideen ekarpena ere kontuan hartuta. Horiek dira diru azokaren iturri nagusiak, eta guztiei ematen dizkiete eskerrak Gerediaga elkarteko ordezkariek.

APARKALEKUAK

Azoka egunetarako, Landako gunetik urrunen dauden aparkalekuetarako autobus zerbitzua ere jarriko du Gerediaga elkarteak. Hogei minutuan behin egingo dute joan-etorria. Edonola ere, Durangora ahal dela garraio publikoz joateko deia egin dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.