Dokumentazioa

Artxiboetan barna sartzeko

Baionako mediatekak zutik eman 'Bilketa.eus' ataria berritu dute. 26.000 dokumentu biltzen ditu digitalizaturik, eta ikerketa bide berriak eskaintzen ditu. Bilatu nahi den hitz oro kausi daiteke edozein dokumentutan. Liburu zaharrak, ikonografiak, prentsa zaharra… denetarik atzeman daiteke.

'Bilketa.eus' atariko pantaila irudi batzuk. BERRIA
Iñaki Etxeleku.
2022ko azaroaren 25a
12:06
Entzun

Bilketa.eus ataria osoki arraberritu dute. Baionako mediatekak akuilatu Interneteko leiho horrek euskal funtsa deitzen den artxibotik dokumentu aldi handia biltzen du digitalizaturik, eta nornahik aise miatzeko gisan dira. Artxibategi anitzetako bildumen bateratze bat bezala egin du.

2015ean ireki zuten Baionako mediatekatik Bilketa.eus ataria. Aurten jauzi berria eman dute, goitik behera berriz eginez, Baionako mediatekako euskal saileko Marie-Andree Ouretek erran duenez: «Berriz egina izan da osoki, eta dituen edukiak ere aldatu dira. Gehitu zaizkio anitz, anitz dokumentu; bereziki, numerikoak». Aitzineko bertsioan ez ziren arras 1.500 dokumentu; oraingo honetan, 26.000 dokumentu inguru bildurik dira.

Dokumentu batzuen bistaratzeko jauzi teknikoa egin du atariak. Besteak beste, digitalizatua izan den prentsa zaharraren erakusteko. «Prentsa zaharra dokumentu berezia da. Atariak berak behar du gisa hartarat egina izan bistaratzeko. Egitura berezia du, liburu bat baino konplikatuagoa dena. Sarean sartzeko behar izan dugu beste atari bat ezarri». Halaber, irudi ikonografiko batzuekin, Ouretek zehaztu duenez: «Bereizmen handiko irudiak direlarik, ezin genituen sarean eman».

Ondorioz, ikonografia frankoz emendatu dute eskaintza. Horrez gain, Parisko BNF Frantziako Liburutegi Nazionalarekin duten partaidetza dela medio, han digitalizatu euskal funtsa guzia sartu dute. «Duela hamar urte ez zituzten eginak». Berriki arte, beraz, BNFk bere barneetan atxikitzen duen euskal literaturako lehenbiziko liburu argitaratua, ikur bilakatu dena —Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae—, ez zuen digitalizatua. Baionako mediatekarekin egin hitzarmenari jarraikiz, digitalizazio gastuen erdia bere gain du Parisko egiturak. BNFk duen Gallica atarian, Baionako funts numerizatua —mediatekakoa, Ikasena, Euskal Museokoa, nagusiki— ikusgai jarri dute, Bilketa.eus-ek Gallica-ko euskal funtsa jarri duen bezala. «Atari berriarekin aski urrun joan gara haien funtsa gure atarian emateko maneran».

Luzaz, euskal funtsa zerrendatu, lematizatu, sailkatu eta digitalizatu gabe egon da BNFn, beste hainbat artxibategitan bezala. Orain Parisen atxikia den gehiena egina dela dio Baionako mediatekan numerizazioaz eta Bilketa.eus atariaz partez arduratzen den Peio Jorajuriak: «BNFk egin du lan hori, eta baditugu andana bat sartuak. Gero, eskuizkribuetan bada oraindik lantzekoa». Jakinik, BNFk partaidetzak badituela beste mediateka eta artxibategi batzuekin. Hala nola Okzitania Tolosako liburutegiarekin. «Han badituzte Gallica-ren bidez ikusten ahal diren euskal funtseko 212 dokumentu», gehitu du Jorajuriak. Baina bada oraino miatzekorik, Ouretek dioenez: «Ezin dezakegu erran itzulia egin dugunik», nahiz Okzitania Bordelen, Pauen eta Tolosan, eta Parisen berean, badenaren berri handizki badakiten.

Beste ekarpen tekniko guztiz baliagarria dakar bertsio berriak erabiltzailearentzat: dokumentuetan beretan hitzak bilatzen ahal dira. Hitz bat joz, non agertzen den ikus daiteke. Konparazione, jende deiturak, leku izenak, edo beste.

‘LINGUAE VASCONUM PRIMITIAE’

Bernat Etxeparek 1545ean argitaratu liburuaren bertsio zaharrena osoki ikus daiteke Bilketa.eus atarian. «Guretako garaipen bat da», erran du Jorajuriak. Liburua argazkitan harturik ikusten ahal da hostoz hosto. Horrez gain, badu bulta bat atariko eramaileek dokumentuari datxekiola esplikazio artikulu bat argitaratua dutela. Etxepareren liburuari buruz, duela zenbait urte egin zutela oroitarazi du Jorajuriak: «Artikulu oso bat badugu esplikatzeko zergatik interesgarria den; testu zati batzuekin, itzulpenekin. Focusa egin genuen bakarrik Kontrapas-i buruz».

Azken xehetasun bat. Linguae Vasconum Primitiae-ren (LVP) bertsio zahar horren azala ageri da atarian. Azal horren gainean noble arma edo ikur bat bada. Aurelia Arkotxa euskaltzain eta unibertsitarioak aztertu zuen. Armarria, haren arabera, Bourbon Condeko Luis I.a kalbindarrarena da (1530-1569). Conde hori Joana Labrit Nafarroako erreginaren koinata zen. Joana, Margaritaren alaba zelarik. «Iduri luke LVP-k printze Condea baino lehenago beste jabe bat ukan zukeela. Norbaitengandik errezebi ote zuen oparitzat liburua? Joanarengandik? Eta Joanak berriz Margarita Heptameron-en autorea eta ebangelisten zaintzailea zenarengandik? Jakina da Margaritak liburutegi onak bazeuzkala Nafarroako bere lurretan», dio Aurelia Arkotxak liburuak ukan dukeen ibilibideaz.

Hori hala balitz ere, beste galdera bat utzi du zintzilik Aurelia Arkotxak berak bere ikerketan: «Noiz iritsi ote den liburua Bibliotheque Royalera, gaur Bibliothèque Nationale de la France deitzen den lekura?». Barneko titulu orrian agertzen den kolore gorriko zigulutik, Arkotxak dio erran daitekeela LVP 1735. urtearen inguruan sar zitekeela Bibliotheque Royale errege-liburutegian.

DONIBANE LOHIZUNEKO ARRADA

Zortzi mapa dira. Mende eta aro desberdinetakoak. Zortziek Donibane Lohizuneko arrada eta portu ingurua irudikatzen dute. Lehenbizikoa 1.600. urtekoa da. Azkena, gaur egungoa.

Mapek Donibane Lohizune eta Ziburu arteko arradak izan duen bilakaera agerian ematen dutela dio Jorajuriak: «Herri baten historia kontatzen ahal da hauekin. Donibane Lohizunen, itsasoan desagertu diren auzoak badirela, adibidez. Zubia ere, mende guztiz urrunago ematen dute».

Mapa gehienak BNFko bilduman atzemanak izan dira.

MOURGUIART BIHI SALTZAILEA

Eskualduna kazetaren 1922ko hazilaren [azaroa] 17an, ortzirale egunez atera zen zenbakiko iragarki bat aipatu dute Ouretek eta Jorajuriak, egin dituzten hautaketa adierazgarrien artean. Dokumentu digitalizatuetan nahi den hitza jorik intereseko den gauza oro atzeman daitekeela erakusteko. «Dena interesgarri da, hondarrean. Behar da hautatu», dio Ouretek.

Baionako «Mourguiart» bihi saltzailearen publizitate bat da. Molde eta hiztegiarendako azpimarratu du Ouretek. Hazi mota zerrenda bat dakar: Ogi garbitua hazitako, trefla, luzerna, paucha, zingila, allubria, ilhar-chehe, baba eta lore mota orotarik saltzen da saltegian. «Jada, hiztegiaren aldetik, bikaina da. Eta jende batzuendako egun guzitako gauza zen». Oureti ohargarria zaio Baionako saltegia zela, eta ez bakarra Eskualduna-n iragarkia ezartzen zuena. «Bazen, beraz, publiko euskaldun hori. Bazen harreman bat hizkuntzaren barna egiten zena. Pentsa daiteke Baionako karriketan, orduan, euskara gehiago entzuten zela gaur baino; ez zuten Ahobizi txapa ematearen beharrik…».

Beste xehetasun franko eta ikerketa gai agertzen dira kazetetan: ferietako kabala primetako sari eramaileak nor ziren, eskoletako emaitzak, enkantean saldu etxaldeak edo lurrak. «Anitz jende izen ateratzen da; toponimia bada —etxe, auzo izenak—. Anitz gauza ikasten ahal da pertsona eta bizimoldeei buruz», dio Ouretek.

Arlo berean, baina ez hizkuntza berean, Je Journal de Saint-Palais frantsesezko kazeta digitalizaturik da, osoki. 1902tik. Ez zen bakarrik Donapaleuko eta Amikuzeko berriez osatua, Jorajuriak gogorarazi duenez: «Kontatzen du barnealdeko bizi osoa: Amikuze, Zuberoa eta Baxenafarroa kasik osoki». Bilatuz kausi daitezke denborako Donapaleuko auzitegiko epaiak, besteak beste.

ELIZANBURU, CERQUAND, WEBSTER

Beste perla franko agertzen dira digitalizaturik. Dokumentu zaharren bitxikerietan barna ibiltzea gustuko duen zalearen doi.

Bilketa.eus atariko arduradunek Jamattitt Elizanbururen (1828-1891) eskuko kaiera azpimarratu dute. Elizanburuk eskuz idatzi bertsoak eta partizioak ikus daitezke.

Halaber Jean-François Cerquand (1816-1888) ikerlari frantsesak XIX. mende hondarrean argitaratu euskal ipuin bildumak ikus daitezke, lehenbiziko bertsioan.

Wentworth Webster (1828-1907) linguista ingelesaren eskuizkribuak ere bistaratzen ditu atariak. Hor ere ipuinak dira bildurik, Julien Vinson hizkuntzalari frantsesak (1843-1926) egin euskarazko zuzenketak agertzen direlarik dokumentuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.