Literatura

Hans Magnus Enzensberger idazle eta itzultzailea hil da

XX. mendeko intelektual alemaniar ezagunenetako bat izan da. 70etik gora liburu utzi ditu, eta Bigarren Mundu Gerraren osteko pentsalari laudatuenetakoa izan da

Hans Magnus Enzensberger, 2006ko argazki batean. VIKTOR CHLAD / EFE
mikel lizarralde
2022ko azaroaren 25a
18:37
Entzun

Hans Magnus Enzensberger idazle eta itzultzaile alemaniarra atzo hil zen, Munichen (Alemania), 93 urte zituela. «Poeta, saiakeragile, biografo, editore eta itzultzailea, eragin handiko intelektual alemaniarra izan zen», azaldu du Suhrkamp argitaletxeak ohar baten bitartez.

Enzensberger Kaufbeurenen jaio zen, 1929an, eta, 1944-1945ean armadan izan ondoren, literatura eta filosofia ikasketak egin zituen, lehendabizi Alemanian bertan, eta ondoren Parisko Sorbona Unibertsitatean. 1955ean, doktoretza lortu zuen Clemens Brentano idazle erromantikoaren teoria poetikoari buruzko tesiarekin. 1955 eta 1957. urteen artean, Stuttgarteko irrati kate batean lan egin zuen erredaktore gisa, eta, hain zuzen ere, 1957an kaleratu zuen bere lehen poema liburua: Verteidigung der wölfe (Otsoaren defentsa).

1965. eta 1975. urteen artean, Gruppe 47 taldeko kidea izan zen, eta Kursbuch literatur aldizkariaren editorea. Gerora ere, 1980an beste aldizkari bat sortu zuen: Transatlantik.

Bere ibilbidean hamarretik gora poema liburu eta prosazko zazpi lan argitaratu zituen, eta antzerkia eta haur literatura ere jorratu zituen. Nolanahi ere, saiakerak eta pentsamenduari lotutako lanak argitaratzeagatik egin zen ezagun batez ere. Hain zuzen ere, bere saiakeretan Europaren historia eta egoera soziala aztertu zituen, besteak beste.

Dibulgazioaren zalea ere bazen Enzensberger, eta, hain justu, esparru horri lotutako liburu batekin (Der Zahlenteufel. Ein Kopfkissenbuch für alle, die Angst vor der Mathematik haben), matematikak haurrei azaltzeko ahalegina egin zuen.

Ruper Ordorikak Enzensbergerren testu bat moldatu zuen Bihotzerreak (1985) diskoko Berreziketaren zailtasunari buruz kantuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.