Albistea entzun

Dimisioa

Harkaitz Millan Gipuzkoako Kultura diputatuak dimisioa eman du, atxilotua izan ondotik

Agintarien kontrako atentatua egitea leporatuta atzeman du Ertzaintzak, Donostiako taberna batean izandako istilu batean. Maria Jose Telleria izanen da haren ordezkoa.

Harkaitz Millan, urriko prentsaurreko batean.
Harkaitz Millan, urriko prentsaurreko batean. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Uxue Rey Gorraiz -

2022ko azaroak 27

Dimisioa eman du Harkaitz Millanek, orain arte Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatu izanikoak. Larunbat gauean izaniko istilu batzuk direla-eta eman du pausoa. Zenbait hedabidek plazaratutako informazioaren arabera, Donostiako Parte Zaharreko taberna batean atxilotu zuten Millan, autoritateari erresistentzia egitea egotzita. Horregatik, kargua uztea erabaki du PSE-EEko kideak. Ahaldun nagusi Markel Olanok onartu egin du dimisioa, eta izendatu du haren ordezkoa: Maria Jose Telleria, Kultura zuzendari nagusia.

PSE-EEk adierazi du Millanek «arrazoi pertsonal batzuengatik» hartu duela kargua uzteko erabakia, eta ez du motibo horietan gehiago sakondu. Kontrara, hedabide batzuek jakinarazi dute taberna batean izandako liskar bat dagoela dimisioaren atzean. El Diario Vasco hedabideak azaldu duenez, Millanek emakume bat «molestatu» zuen, eta irainka hasi zitzaion. Hori ikusirik, ostatuko segurtasun langileak kalera bota zuten Millan, eta Ertzaintzari deitu zioten, hura kontrolatzeko. Horien arabera, Poliziak dio ertzain baten kontra egin zuela Millanek, eta horregatik eraman zutela atxilo, «agintarien kontrako atentatua» egotzita.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ez du atxiloketa ez baieztatu eta ez ukatu, baina Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok agiri bat plazaratu du esateko Millanen dimisioa berehala onartu duela, «gertaera larriak direla eta». Gaineratu duenez, Foru Aldundiak «urteak daramatza halako gertaerek lekurik ez duten Gipuzkoa eta foru gobernu eredugarri baten alde». Gogoratu du erakundeak 2016. urtean onartu zuela erakundearen segurtasun sistema, eta hori ezinbestean bete behar dutela aldundiko kideek eta goi kargudun publikodunek.

Gipuzkoako El Diario Vasco egunkariari eginiko adierazpenetan, Millanek esan du ez duela «ezer asko» gogoratzen. «Ez dakit inork edarian zer edo zer bota ote zidan edo ez», gaineratu du.

Emakume baten kontra jo izana «sinesgaitza» dela uste du: «Gaya bainaiz». Dimisioa eman duela esan du, ezin baita normal lan egin halako gertaera baten ostean, «nahiz eta une bateko kontua izan, eta ez duen zertan eguneroko lanean eragin». Gaineratu du ez duela asmorik bolada batez lan publikorik egiteko.

Joan zen ostiralean, indarkeria sexistaren aurkako mezu bat idatzi zuen Twitterren, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira. Twitterreko bere kontua ezabatu du gaur.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

<em>Mozal legearen</em> aurkako protesta bat, iazko otsailean. ©ELOY ALONSO / EFE

'Mozal legearen' erreforma ahalbidetzeko eskatu die PSOEk EH Bilduri eta ERCri

Xabier Martin - Jon O. Urain

Gaur batzartuko da Herritarren Segurtasunerako Espainiako Legea aldatzeko lantaldea. EH Bilduk ez du onartuko erreforma «light» bat
Ikasle Abertzaleen agerraldia, atzo, Gasteizen. ©BERRIA

IAk salatu du 34 ikasleri espedientea irekiko dietela

Berria

Manifestazio bat egingo dute otsailaren 16an Gasteizen, besteak beste, EHUn «kontrol soziala amaitu» dadin
Mertxe Aizpurua Espainiako Kongresuan. ©JUANCARLOS HIDALGO / EFE

'Mozal legearen' erreforma ez blokeatzeko eskatu die PSOEk bazkideei

Xabier Martin

EAJko Aitor Estebanek uste du orain arte adostutako zuzenketak egun indarrean dagoen legea hobetzen dutela. EH Bilduko Mertxe Aizpuruak, berriz, ohartarazi du Espainiako Gobernuak «hitzemandakoa» bete beharko duela koalizioaren babesa jaso nahi badu Herritarren Segurtasun Legearen erreformarako.

PSNk atea itxi dio Mañeru eremu mistoan sartzeari

Berria

Etzi bozkatuko dute proposamena parlamentuan. Alzorrizek esan du ez dela gaiaz «hitz egiteko garaia»

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.