Garraio publikoa

Renfeko 10.000 erabiltzaileri baino gehiagori eragin die Andoain eta Irun arteko etenak

Gaur jarri dute martxan Donostiako behin-behineko geltokia, baina espero baino beranduago. 04:00 aldera ziren zirkulazioa zabaltzekoak; arazoa, ordea, 12:30erako konpondu dute.

Donostiako geltokia, artxiboko irudi batean. Gaur zen martxan jartzekoa behin-behineko geltoki berria. GORKA RUBIO / FOKU
2022ko azaroaren 28a
09:29
Entzun

Milaka bidaiari lanera edo ikastetxera heldu ezinik geratu dira gaur goizean, Renfeko tren zerbitzua bertan behera geratu baita Andoainen eta Irunen artean (Gipuzkoa). Renfek emandako datuen arabera, 31 treni eragin die etenak, eta 10.000-11.000 bidaiari ingururi. Izan ere, konpainiak ez du ordezko autobus zerbitzurik jarri 10:30ak arte, gutxienez. Ordu horretatik aurrera, lineako autobusetan joan dira Renfeko bidaiariak, harik eta 12:30ean tren zerbitzua berrezarri duten arte. Iñaki Arriola Garraio sailburuak barkamena eskatu du gertatutakoagatik.

Astebururako iragarria zuten etena, baina autobus zerbitzua izango zela esan zuten Renfeko arduradunek. Izan ere, gaur zen martxan jartzekoa Donostian eraiki duten behin-behineko geltokia, abiadura handiko trenarentzako geltoki berria eraiki bitartean. Antza denez, ezin izan dute zirkulazioa garaiz abiatu astelehen goizean, baina berandu arte ez dute jarri ordezko autobus zerbitzua. Gaur 04:00 aldera berriz zabaldu behar zuten zirkulazioa, baina, azkenean, 12:30ak arte ez dute egin.

Julian Padiernak, Renfek Gipuzkoan duen buruak, Euskal Trenbide Sareari egotzi dio etenaren erantzukizuna, ez dituelakoan errailak garaiz eman. Argudiatu du ez zegoela autobusik ordezko zerbitzua martxan jartzeko.

Adif Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzaileak Twitterren jakinarazi duenez, «Hernani eta Pasaia artean gertatutako intzidentzia bategatik» geratu da zerbitzua bertan behera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.