Albistea entzun

Euskalgintza

Idurre Eskisabel izango da Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi berria

Karguan hamabi urte egin dituen Paul Bilbao ordezkatuko du Durangon, Kontseiluaren 25. urteurreneko ekitaldian. Lehentasuntzat jo du «kohesio sozialaren eta justizia sozialaren arloan» lan egiten duten eragileekin aliantzak sendotzea.

Idurre Eskisabel.
Idurre Eskisabel. Euskalgintzaren Kontseilua Tamaina handiagoan ikusi

Julen Aperribai -

2022ko azaroak 28

Aro aldaketa Euskalgintzaren Kontseiluan. Azken hamabi urteetako idazkari nagusi Paul Bilbaok (Getxo, Bizkaia, 1971) ez du segituko, eta Idurre Eskisabel izango da aurrerantzean kargu horretan.

Kazetaritzan eta antropologian lizentziaduna da Eskisabel (Beasain, Gipuzkoa, 1970), kazetaritzan ibilbide luzea egindakoa, Euskaldunon Egunkaria-n eta BERRIAn. Horrez gain, hedabide askotan kolaboratzaile ibili izan da, eta, egun, pentsamendu feministari eskainitako Eskafandra bildumako edizio taldeko kidea da, baita Lokatza podcastaren egileetako bat ere. Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeko kide ere bada, Hizkuntza eta Genero atalekoa. EHUko Kazetaritza graduan irakasle izan da oraintsu arte.

Euskararen eta feminismoaren arteko harremanaz egindako gogoetengatik ere bada ezaguna. 2019an, Trikua esnatu da. Euskaratik feminismora eta feminismotik euskarara saiakera liburua argitaratu zuen, Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariarekin batera. Lehenago, 2018an, Goseak janak poema liburua plazaratu zuen.

Izendapenaren berri emateko bideoan, Eskisabelek adierazi du «erantzukizunez eta lanerako gogoz» eman diola baiezkoa idazkari nagusi kargua hartzeko proposamenari. Hizkuntzaren auzia «gizartearen lehentasunetara» eramatea eta aliantzetan sakontzea jarri ditu helburutzat, euskalgintzako eragileekin nahiz euskalgintzatik kanpo aritzen direnekin: «Kohesio sozialaren eta justizia sozialaren arloan aritzen diren eragile guztiekin, hain justu, hizkuntzaren auzia, euskararen biziberritzea, arlo horretakoa delako».

Mende laurdenarekin bat

Garai berezian dator kargu aldaketa. Izan ere, bihar zortzi 25 urte beteko dira Kontseilua eratu zutenetik. Mende laurdena ospatzeko, ekitaldia egingo dute egun horretan, Durangoko San Agustin kulturgunean (Bizkaia), eta han hartuko du kargua Eskisabelek. Han izango dira Kontseiluko lehenengo idazkari nagusi Xabier Mendiguren eta Bilbao ere.

«Euskararen normalizazio prozesua azkartzeko sozialki zein politikoki eragiteko xedearekin» sortu zen Euskararen Gizarte Eragileen Kontseilua, 1997ko abendu hartan. Hamaika adostasun eta proposamen ondu ditu ordutik; besteak beste, Bai Euskarari akordioa eta ziurtagiria, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa eta Batuz Aldatu adostasun soziala. Azken hori adostasun politiko bihurtzeko asmoz, talde eragile bat sortu da berriki. Euskararen normalizazioaren aldeko gizarte eragileen bilgunea ere bada. 26 bazkide oso ditu, eta lau so egile.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sindikatu Medikoko kideak, atzo, greba hasi aurreko elkarretaratze batean. ©VILLAR LOPEZ / EFE

Ultimatuma eta greba hotsak

Ion Orzaiz

Sindikatu Medikoak ezezko borobila eman dio Nafarroako Gobernuaren eskaintzari, eta grebari eutsi dio. Eskaerak: soldata igoera handiagoa, esklusibotasuna eta gobernuaren solaskide bakarrak izatea
Mutilentzat bakarrik den Erain ikastetxea, Irunen (Gipuzkoa), artxiboko irudi batean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Jaurlaritzak ituna eten egingo die sexuka bereizten duten eskolei

Edurne Begiristain

Hurrengo ikasturtetik aurrera kenduko zaie finantzaketa. Bildarratzek esan du «ahalik eta modu adostuenean» egin nahi dutela prozesua, eta ikastetxeekin harremanetan direla
 ©JON URBE / FOKU

«Diktaduraren aurkako indarkeria kondenatu beharra ez dut ulertzen»

Xabier Martin

Frankismoak 1960tik 1975era Gipuzkoan eragindako biktimak identifikatzeko ikertzen aritu da. Uste du erakunde batzuk«deseroso» daudela ETA sortu zeneko aro historiko horri erreparatzean.
Presoak desfilatzen, 1960ko hamarkadan, Langraiz Okako espetxean (Araba); Alfer eta Gaizkileen Legearen arabera kartzelatu zituzten horietako asko. ©JAVIER GOMEZ

Moral bikoitzak kondenatuak

Iraia Vieira Gil

'Alferrak eta gaizkileak' izateagatik atxilotu zituztenak omentzeko erakusketa bat egin du aldundiak Gasteizen. Orduan ahotsik izan ez zutenei lekua eman nahi izan diete gaur.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.