Autogobernua

Txibitek Foru Hobekuntza goraipatu du «batasun konstituzionalaren baitan»

Autogobernua pribilegioa dela aldarrikatzen dutenen aurrean, «pedagogia egin behar» dela aldarrikatu du Madrilen Nafarroako Gobernuko lehendakariak

Senatuan egindako ekitaldian parte hartu dutenak. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE
joxerra senar
2022ko azaroaren 28a
18:01
Entzun

Aurten 40 urte bete ditu Foru Hobekuntzak eta urteurreneko ekitaldi nagusia Senatuan ospatu du Nafarroatik joandako ordezkaritza zabal batek. Bere diskurtsoan, Txibitek nabarmendu du arau bat baino askoz gehiago dela, «herritarren bizi kalitatea, ongizatea eta gizartearen kohesioa hobetzeko» erreminta delako.

Gaineratu du urratsez urrats Nafarroa bere gain eskumenak hartzen joan dela 40 urtetan «erakunde arteko leialtasunaren eta batasun konstituzionalaren barruan».

Madrilen Txibiterekin batera izan dira Unai Hualde Parlamentuko presidentea; gobernuko hainbat kontseilari (Elma Saiz, Javier Remirez, Santos Indurain...); UPNko, PSNko eta Ahal Dugu-ko ordezkariak. Halaber, Jaime Igancio del Burgo eta Yolanda Barcina presidente ohiak bertaratu dira.

Bi eskumen legealdian

Legealdi honetan, espetxeetan presoei osasun arreta emateko eskumena eta gutxieneko diru sarreren errentari buruzko akordioa erdietsi da Madrilgo gobernuarekin; trafiko eskumena, berriz, 2019ko maiatzerako Nafarroara itzultzeko konpromisoa hartua zuen Espainiako Gobernuak baina oraingoz ez du hitza bete.

Txibitek espero du «lehenbailehen» hitzartuko dela, «presarik gabe, baina etenik gabe». Txibiteren arabera, «lasaitasunez eta leialtasun instituzionalaren baitan» Foru Hobekuntza garatzeko asmoa dute. Horren erakusle.2001etik lehen aldiz bi eskumenen transferentzia hitzartu dela azpimarratu du.

Espainian, autogobernua kritikatzen dutenei ohartarazi die egungo eredua babesten duen gehiengo sozial bat dagoela.

Ildo beretik Ander Gil Senatuko presidenteak kritika zabarra gaitzetsi du. Ulergaitza egiten zaio autonomia estatuaren eredua amaitu nahi izatea eta aldi berean autonomia erkidegoetan gobernatu nahi izatea.

Geroa Bairen kritika

Nafarroako Parlamentuko presidentea, Jose Mari Aierdi gobernuko presidenteorde bigarrena eta Koldo Martinez senatari autonomikoa ekitaldian izan dira. Dena den, Geroa Baik «ulertezina» deritzo Foru Hobekuntzaren 40. urteurrenaren ospakizun bakarra Madrilen egiteari. Geroa eta EAJren arteko koalizioak ez du ulertu beste behin nolatan herritarrak alboratu diren eta nolatan aukeratu den Madril «jakinik 40 urtez estatuak modu iraunkorrean ez duela Foru Hobekuntza bete»,

iraganari dagokionez, duela 40 urte Foru Hobekuntzaren eratze prozesua irmo kritikatu zuten alderdi abertzaleek negoziazioetatik at geratu zirelako eta bestelako estatutuekin alderatuta ez zelako herri galdeketarik egin

Ikus gehiago: Denak berdin segi dezan

Aurrera begira, berriz, PSNk iaz parlamentuan Foru Hobekuntza berrikusteko lan talde bat osatzea hitz eman zuen, baina oraingoz ez da halakorik egin, eta PSNren botoak beharrezkoak dira urrats hori egiteko.

Ikus gehiago: XXI. menderako akordioaren bila:

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.