Txina

Milaka lagun kalera irten dira Txinan, zero COVID politiken aurkako protestetan

Herrialdeko hiri nagusietan izan dira protestak, tartean Pekin hiriburua. Urumqi hiriko sute batean hamar lagun hil izanak leherrarazi ditu manifestazioak.

Zero COVID neurrien aurkako manifestariak, bart, Pekinen. MARK R. CRISTINO / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko azaroaren 28a
18:23
Entzun

Milaka txinatar nazkatzen ari dira Xi Jinpingen gobernuaren zero COVID politikekin. Hori adierazi nahi izan dute, behintzat, milaka lagunek azken egunetan: kalera irten dira, besteak beste, Shanghain, Nanjingen, Wuhanen eta Pekinen, gobernuaren neurriak gaitzesteko. Txinan ez dira ohikoak halako manifestazio jendetsuak.

Egoera leherrarazi duen gertakaria Urumqi hirian (herrialdearen ipar mendebaldean) gertatu zen, ostegunean: eraikin batean hamar lagun hil ziren, sute baten ondorioz. Lekukoen arabera, makal ibili ziren suhiltzaileak. Urumqin, zehazki, ehun egun baino gehiago daramatzate etxean konfinatuta. Hainbat hiritarrek protestetan salatu dutenez, arau zorrotzak ezartzeko zailtasunak direla eta, larrialdi zerbitzuak gainezka eginda daudela eta ez direla garaiz iristen ezusteko gertakarietara.

Gainera, askok uste zuten gobernuak neurriak leunduko zituela urrian egin zen Txinako Alderdi Komunistaren XX. Kongresua eta gero, baina ez da hala izan. Orain, berriz, ikusteko dago Xiren gobernuak egingo dituen hala ez. Manifestazioak, nagusiki, hainbat unibertsitatetan hasi dira, baina litekeena da datozen egunetan indarra hartzen jarraitzea. Orri zuriak bilakatu dira protesten sinbolo.

Oraingoz, ez da Poliziaren eta manifestarien arteko liskar larririk erregistratu, baina Shanghain atxiloketak izan direla salatu dute, tartean Ed Lawrence BBCko kazetariarena. Manifestazioa grabatzen ari zela «jo eta atxilotu» egin zutela salatu du Erresuma Batuko hedabideak; Txinako Gobernuak, berriz, esan du ez zela kazetari gisa identifikatu atxiloketaren unean.

Xiren neurrien onurak ezbaian jartzen dituen beste aldagai bat datuena da: pandemia hasi zenetik izan dituzten daturik txarrenak izaten ari dira Txinan. Gaur bertan, Txinako osasun zerbitzuen arabera, 40.347 kasu atzeman dituzte. 342.000 lagun bakartuta daude birusaren eramaile asintomatikoak izateagatik, eta denera 1,8 milioi lagun daude konfinatuta haiekin kontaktua izateagatik. Parkeetan eta leku itxietan sartzeko, QR osasun kodea erakutsi behar da oraindik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.