Osasungintza

Sindikatuek manifestazioa egingo dute Basurtun bihotzeko kirurgia ixtearen kontra

Satse, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek eskatu diote Osakidetzari helegiterik ez aurkezteko erabakia eteten duen ebazpen judizialari.

Basurtun bihotzeko kirurgia ixtearen kontrako manifestazio bat. MARISOL RAMIREZ / FOKU
gotzon hermosilla
2022ko azaroaren 29a
12:09
Entzun

Arabako Administrazio Auzitegiak behin-behinean erabaki zuen Basurtuko ospitalean (Bilbo) Bihotzeko Kirurgia Zerbitzuaren itxiera bertan behera uztea. Osakidetzak iragarri zuen helegitea aurkeztuko zuela ebazpen judizial horren kontra, eta orain SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek mobilizaziora joko dute «Osakidetzaren alde eta Basurtun bihotzeko kirurgia ixtearen kontra», eta Osakidetzako zuzendaritzari eskatzeko ez dezala helegiterik jar auzitegiaren erabakiaren aurka.

ELAko Esther Saavedrak eta SATSEko Inma Aizkoak, sindikatu guztien izenean, esan dute Basurtun bihotzeko kirurgiaren inguruan puzturiko gatazka «Osakidetzaren jarrera inposatzailearen adibide argia» dela, eta hura ixtea «guztien aurka» hartutako erabakia dela. Gogora ekarri dituzte Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduiren hitzak: Sagarduik adierazi zuen beharrezkoa zela «kultura aldaketa» bat, eta osasun zentroen espezializazioaren ondorioz herritarrek ohitu beharko zutela urruneko zentroetara joatera, inguruko ospitaleetan topatzen ez zituzten zerbitzuak erabili nahi bazituzten.

Sindikatuen iritziz, Sagarduik erabilitako «eufemismo» horren atzean egungo osasun arreta murrizteko asmoa dago, eta Basurtun bihotzeko kirurgia ixteko erabakia norabide horretan emandako pausotzat jo dute. Gogorarazi dutenez, gaur egun Araban eta Gipuzkoan zerbitzu hori ez da osasungintza publikoan eskaintzen, eta osasungintza pribatuarekin azpikontratatzen da; Bizkaian, berriz, Basurtun eta Gurutzetan (Barakaldo) eskaintzen da, baina, Osakidetzaren asmoek aurrera egingo balute, Gurutzeta izango litzateke horrelako ebakuntzak egingo lituzkeen EAEko ospitale publiko bakarra.

Sindikatuen ustez, Basurtuko ospitalearen auziarekin gertatutakoak laburbiltzen ditu Osakidetzaren jarreraren ezaugarriak: negoziazioari uko egitea, pribatizazioa, «irizpide ekonomizistak eta aurreztekoak» gailentzea eta zerbitzuaren kalitatea murriztea.

Horiek guztiak eta Osakidetzan dauden gainerako arazoak ez dira, sindikatuen ustez, «fenomeno meteorologiko» hutsak, eta COVID-19aren izurriaren ondorioz sortutakoak, ezpada «azken urteetan aplikatutako erabaki politikoen eta murrizketen ondorio zuzena».

Horregatik, sindikatuek manifestazioa egingo dute ostiralean, abenduaren 2an, 17;30ean, Basurtuko ospitaletik abiatuta. Mobilizazio horrekin sindikatuek eskatu nahi diote Osakidetzari ez dezala errekurritu bihotzeko kirurgiaren itxiera eteten duen autoa, atzera egin dezala erabaki horretan, eta «negoziazioaren bidea» berreskura dezala, «osasun sistema publikoak pairatzen dituen egiturazko arazo larriei premiaz heltzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.