INDARKERIA MATXISTA

Sexu indarkeriagatik kondenatutakoei zigorrak «kasuan-kasuan» arintzea babestu du Espainiako Auzitegi Gorenak

Soilik baietz da baietz legea atzerako eraginez aplikatzeko jurisprudentzia sortu du auzitegiak

Espainiako Auzitegi Goreneko magistratuak. FERNANDO ALVARADO / EFE
Ion Orzaiz.
2022ko azaroaren 29a
15:37
Entzun

Zigorrak murriztu, baina ez era orokortuan, kasuan-kasuan baizik. Hori ebatzi du Espainiako Auzitegi Gorenak Soilik baietz da baietz legearen aplikazioari dagokionez. Arandina auziaren barruan egin du lege berriaren interpretazio hori: magistratuek bederatzi urteko kartzelaldia ezarri diete auzipetutako bi gizonei —Aranda de Dueroko (Espainia) Arandina futbol taldeko jokalari ohiak dira biak—, 2017an adingabe bat bortxatzea egotzita. Fiskaltzak hamar urteko zigorra eskatua zuen, baina, Soilik baietz da baietz legeari helduta, urtebetez murriztu diete espetxean eman beharreko denbora.

«Sexu Askatasuna Erabat Bermatzeko Lege Organikoa auzipetuaren mesedetan aplikatu ahalko da, orain zigor txikiagoa ezartzea dagokien kasuetan», adierazi du Gorenak, ohar batean. Ñabardura egin du, hala ere: arau berriaren aplikazioa «kasuan-kasuan» egin behar dela adierazi dute magistratuek, «kasu bakoitza aztertuz, eta ez era orokortuan, bai epaiketaren zain dauden auzietan, bai apelazio eta kasazio helegiteetan eta baita betearazpen prozeduretan ere».

Espainiako Auzitegi Gorenak Soilik baietz da baietz legearen gaineko interpretazioa egiten duen lehen aldia da hau, araua urriaren 7an indarrean sartu zenez geroztik.

Irizpide kontrajarriak Nafarroan eta Bizkaian

Euskal Herrian, interpretazio kontrajarriak egin dituzte auzitegiek orain arte: atzo, Nafarroako Auzitegiak iragarri zuen sexu indarkeriagatiko sententziak ez dituela berrikusiko, ezta zigorrak murriztuko ere, Soilik baietz da baietz legearen parametro bertsuetan baldin badaude.

Aurreko astean, berriz, Bizkaiko Probintzia Auzitegiak erabaki zuen legeak eragina izan dezakeen espediente guztiak «banan-banan» berrikusiko dituela.

Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak etzi erabakiko du auziaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.