Qatarko Munduko Kopa

Munduko Kopako goi kargudun batek aitortu du «400 eta 500 langile artean» hil zirela azpiegiturak eraikitzen

Datu ofizialen arabera, hiru lagun hil dira lanetan. Horregatik, goi kargudun horrek adierazpenak egin eta ordu gutxira, txapelketaren bozeramaile batek esan du gaur emandako datua okerra dela, eta nahastuta eman dutela.

Qatarko Munduko Koparen aurkako protesta bat, Parisen. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko azaroaren 29a
16:46
Entzun

Etenik gabe doa aurrera Qatarko Munduko Kopa. Baita txapelketaren inguruan sortutako polemika ere. Azken gertakariek sarritan errepikatzen ari den gai batekin dute lotura: Munduko Kopa jokatu ahal izateko eraiki diren azpiegituren lanetan hil diren langileen kopuruarekin. Hassan Al-Thawadi txapelketako goi kargudunak piztu du sua: Erresuma Batuko Talk TV kateko Piers Morgan Uncensored saioari emandako elkarrizketa batean, esan du ez dakiela zehazki, baina 400 eta 500 behargin artean hil direla azpiegiturak eraikitzeko lanetan.

«Ez dut datu zehatzik, baina pertsona bakar bat hiltzea ere gehiegi da», hasi da. «Urtetik urtera, obretako segurtasuna hobetzen ari gara. Badugu erreforma baten beharra, baina hori gure hautagaitza aurkezterako onartu genuen zerbait da. Egin ditugun hobekuntzak ez dira izan Munduko Koparen ondorio, gure balioengatik egin ditugu», esan du Al-Thawadik.

Ordu gutxiren buruan, ordea, Munduko Kopako antolakuntzaren erantzuna iritsi da. Haren bozeramaile batek esan duenez, Al-Thawadik emandako datuak 2014 eta 2020 bitartean emirerrian lanean hildako langileen ingurukoak dira: «Sektore eta jatorri guztiak kontuan hartuta, 414 behargin hil ziren Qatarren 2014 eta 2020 artean», azaldu du.

3 edo 6.750

Txapelketarako azpiegiturak eraikitzeko lanetan hildakoei buruzko datu ofizialak Nasser al-Khater Munduko Kopako kontseilari ordezkariak eman zituen 2021 amaieran: adierazi zuen hiru langile soilik hil zirela lanean, eta bestelako kontaketak «faltsuak» direla. Hala ere, The Guardian-ek ikerketa sakona egin zuen migratzaileen jatorriko herrialdeen enbaxadekin hitz eginda, eta kalkulatu zuten 6.750 langile hil zirela aurreko hamarkadan.

Ikerketa horren arabera, hildako gehienak indiarrak dira, 2.711, eta 1.641, berriz, nepaldarrak. Bangladeshko 1.018 langile hil dira, Pakistango 824, eta Sri Lankako 557. Hala ere, denak ez dira lan istripuen ondorioz hil, asko lan baldintza gogorren ondoriozko giltzurrunetako, biriketako eta bihotzeko gaixotasunengatik hil baitira, nahiz eta Qatarrera joan aurretik osasun probak gainditu.

Ikusi gehiago:Prezioa: 6.750 langileren bizitza

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.