Qatarko Munduko Kopa. Langileen egoera. Carlos de las Heras. Amnesty Internationaleko Kirol eta Giza Eskubideen arduraduna

«'Kafala' abolitu duela dio Qatarrek, baina ez da egia; erreformatu egin dute»

Azken urteetan langileen baldintzak «zertxobait» hobetu direla dio De Las Herasek, baina uste du funts bat sortu behar dela abusuen biktimak konpentsatzeko, nahiz eta Qatar horren aurka azaldu den.

AMNESTY INTERNATIONAL.
inaut matauko rada
2022ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Amnesty Internationalek (AI) hasieratik salatu ditu langileek emirerrian dituzten lan eta bizi baldintza txarrak, testigantzak jasoz. Carlos de las Herasen ustez (Madril, 1974), eskubide asko ez zaizkie bermatzen oraindik langileei.

Ikusi gehiago:LOTSAREN MUNDUKO KOPA

Ezaguna da Qatarren langile migratzaileek baldintza txarrak dituztela. Zenbateraino da egia?

Lehenik eta behin, lanaldi luzeak dira abusurik ohikoenak, egunean hamasei ordurainokoak. Lan asko kanpoaldean egiten dira, udan ia 50 gradura iristen diren lekuetan. Bestalde, langile askori ez diete soldata ordaintzen, eta beste batzuei pasaportea atxiki diete, lanez alda ez daitezen. Hori da egin den okerrena, Munduko Kopa adjudikatu osteko lehen urteetan batez ere.

2017tik erreforma batzuk jarri dituzte martxan, eta hobekuntza batzuk lortu dira, baina paper hutsean geratu dira gehienak. Errealitatean ez dute islarik, batez ere enpresariek ez dituztelako martxan jartzen. Gutxieneko soldata ezarri zuten 2021ean, adibidez, eta 2020an langileei joan-etorri askeak eta justizia bermatzeko legeak onartu zituzten, esaterako. Hala ere, 2022an oraindik askori ez zaizkie bermatu eskubide horiek.

Lortu al dute kafala sistema amaitzea?

Kafala abolitu duela dio Qatarrek, baina ez da egia; erreformatu egin dute. Izatez, ondo pentsatutako sistema bat da, migrazioa erregulatzea baitu helburu; hau da, enpresariei modua ematen die kanpoko langileak etorri aurretik kontratatzeko. Hala ere, aurrez promesten zaiena eta Qatarren aurkitzen dutena oso errealitate ezberdinak dira; horregatik ez da onargarria. Nepalgo jende askori 300 dolarreko soldatak agindu zizkieten, eta iristean 150 ordaindu zizkieten. Hala ere, esan beharra dago hobekuntzak izan direla, eta egoera ez dela duela zazpi edo zortzi urte bezain kezkagarria.

Hildakoen datuetan ere eztabaida dago. Zer uste duzue zuek?

Ezinezkoa da zehatz jakitea zenbat langile hil diren, eta hala izango da aurrerantzean ere, ez baitago ikerketa independenterik. Guk galdetu diogu Qatarri datuei buruz, eta haiek ematen diguten datu bakarra kanpoan jaio eta Qatarren hil direnen kopurua da: 15.000 pertsona 2010etik 2021era. Hala ere, turistak eta bestelakoak ere sartzen dira zerrenda horretan; horregatik ezin da hartu erreferentzia gisa. Guk esaten dugu milaka hildako direla, gehiago zehaztu gabe.

Zer dira kontratazio gastuak?

Askok, kontratua lortu ahal izateko, kontzesio batzuk sinatu behar izan dituzte, eta horrek esan nahi du batzuek diru bat ordaindu dutela lan egin ahal izateko. Onartezina da hori, langile eta familia ugari zorpetu baitira hori ordaindu ahal izateko. Inoiz, gainera, langilea hil ostean ere familia behartuta egon da zorra ordaintzera.

Bestelako abusurik ikusi duzue han?

Nahiz eta hobekuntza bat izan den, bizi baldintza txarrak aipatuko nituzke. Pilatuta bizi dira, higiene falta handiarekin. Jende askok giltzurrunetako gaixotasunak ditu edateko uraren kalitate txarra dela eta.

Lan arloari begiratuta: soldaten ordainketak atzeratzea, pasaporteak atxikitzea, lan esparruetatik ezin ateratzea, mehatxuak egitea... Bestalde, asko hitz egiten da eraikuntzako langileez, baina etxean lan egiten duten langileek ere, emakumeak ia denak, baldintza negargarriak dituzte: hamasei orduko jardunaldiak, atseden falta, hitzezko abusuak eta fisikoak...

Munduko Kopa amaitzean, zer?

Abusuen biktimak konpentsatzeko funts bat sortzea da orain beharrezkoena, baina gobernuak esana du ez duela halakorik egingo, eta FIFA oraindik baloratzen ari da. Hala ere, guk uste dugu aurrera egingo duela.

Ikusi gehiago:Prezioa: 6.750 langileren bizitza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.