Qatarko Munduko Kopa. Langileen egoera

Prezioa: 6.750 langileren bizitza

Qatarrek hamar urte eskasean eraiki behar izan ditu Munduko Kopa egiteko azpiegitura gehienak. Antolatzaileek diote hiru langile hil direla 2010. urtetik, baina milaka izan dira.

inaut matauko rada
2022ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Hastear da. Lau urteren ostean, 32 herrialdetako futbol jokalariek Qatarko estadio berrietako zelaiak estreinatuko dituzte, eta milioika pertsona begira izango dituzte. Zelaiak, baina, milaka langile migratzaileren izerdiz eta odolez daude bustita, hamar urte eskasean eraiki behar izan baitituzte ia denak.

Ikusi gehiago:LOTSAREN MUNDUKO KOPA

Partidak jokatuko diren zortzi estadioetatik zazpi hutsetik eraiki dituzte, baita hainbat errepide, aireportu eta hiri ere. Abenduaren 18ko final handia, esaterako, Lusail hiriko estadioan jokatuko da, 2010ean ia existitzen ez zen hiri batean. Erronka handia izan da hori hasieratik Qatarrentzat, eta langileei lan baldintza oso gogorrak ezarriz egin diote aurre desafio horri. Emaitza: 2010 eta 2020 bitartean 6.750 langile migratzaile hil ziren emirerrian, The Guardian-en ikerketa baten arabera.

Inoiz izan ez den bezalako lehiaketa izango da aurtengoa, Munduko Kopa ez baitzen inoiz herrialde arabiar batean egin gaur arte. Are gutxiago Nafarroaren tamaina duen eta izendapenaren urtean 1.715.000 biztanle zituen herrialde batean, basamortu baten erdian eta muturreko klima baldintzekin. Klima hori dela eta, txapelketa azaro eta abenduan jokatuko da lehenengoz, baina langileek ez dute atsedenik izan azken urteetan, udan termometroak 50 gradura iritsi diren egunetan. Qatar Munduko Kopa antolatzeko azpiegiturak eraikitzen hasi zenetik, munduko hainbat gobernuz kanpoko erakunde eta elkarte langileen baldintza txarrak salatzen hasi ziren, eta ohartarazi zuten horietako askok bizia galduko zutela: 2015ean Nazioarteko Konfederazio Sindikalak —ITUC ingelesez— aurreikusi zuen 7.000 langile inguru hilko zirela.

Ez da erraza kalkulatzea zenbat langile hil diren, zailtasun eta oztopo asko jarri baitizkie emirerriak kazetariei eta GKEetako langile eta boluntarioei. Hori dela eta, oso ezberdinak dira antolatzaileek emandako datuak eta ikerketa independenteek lortutakoak. Nasser al-Khater 2022ko Qatarko txapelketako kontseilari ordezkariak 2021 amaieran adierazi zuen hiru langile soilik hil direla lanetan, eta bestelako kontaketak «faltsuak» direla. Hala ere, The Guardian-ek ikerketa sakona egin zuen migratzaileen jatorriko herrialdeen enbaxadekin hitz eginda, eta kalkulatu zuten 6.750 langile hil zirela aurreko hamarkadan.

Ikerketa horren arabera, hildako gehienak indiarrak dira, 2.711, eta 1.641, berriz, nepaldarrak. Bangladeshko 1.018 langile hil dira, Pakistango 824, eta Sri Lankako 557. Hala ere, denak ez dira lan istripuz hil, asko lan baldintza gogorren ondoriozko giltzurrunetako, biriketako eta bihotzeko gaixotasunengatik hil baitira, nahiz eta Qatarrera joan aurretik osasun probak gainditu.

Behin emirerrian, migratzaileek lan eta bizi baldintza gogorrak izan dituzte. Human Rights Watch GKEaren arabera, lanera joan direnen %68k 1.333 dolarreko kontratazio gastuak ordaindu zituzten batez beste, eta, horretarako, familia askok zorpetu egin behar izan dute. Langile gehienak enpresak adjudikatutako lan esparruetan bizi dira, estadioen inguruan eta hirien kanpoaldean, joan-etorriak aske egiteko inolako eskubiderik gabe. Izan ere, ez dute garraio publikorik, ezta auto partikularrik erosteko aukerarik ere. Hiru, lau, bost edo sei pertsonako geletan bizi dira, baldintza osasungaitzetan.

Lan mundua datutan

Eraikuntzan, etxeko lanetan eta garraioan aritzen dira Qatarren bizi diren migratzaile gehienak. Qatarko Antolamendu eta Estatistika Agintaritzak 2018an egindako inkesta baten arabera, herrialdeko langile guztiak kontuan hartuta, %42 eraikuntzan dabiltza: 2.097.000 langiletik 882.000.

Hala ere, nahiz eta migratzaile gehienak gizonezkoak izan, badira ehunka mila emakume ere Qatarrera lanera joan direnak, etxeko lanak egitera batez ere. 173.000 etxeko langile daude emirerri horretan, eta horietako bat ere ez da han jaiotakoa. Herrialdean lan egiten duten emakumeen %44,3 etxeko langileak dira, eta Qatarko biztanleen %62k aitortua dute etxeko langile bat baino gehiago dutela. 2017ra arte, etxeko lanak ez zeuden lege bidez erregulatuta.

Horiek dira, hain zuzen ere, lanaldirik luzeenak pairatu behar izaten dituzten langileak, GKEen arabera. Izan ere, gehienak etxeko langile egoiliarrak dira, eta lo egiten ez duten ordu guztiak ematen dituzte lanean, garbiketan, zaintzan edo sukaldean.

Desoreka demografikoa

Qatarko demografia aspalditik dago desorekatuta. NBEren arabera, 1985ean gizonezkoak emakumeak halako bi baino gehiago ziren: 248.000 gizon, eta 123.000 emakume. 1995. urtetik, etengabe hazi da Qatarko biztanleria, lanera joan diren migratzaileengatik batez ere, eta 2005etik hona boskoiztu egin da jende kopurua: 594.000 lagun ziren 2005ean, eta 2.931.000 iaz.

Petrolio eta gas natural erreserbak aurkitu zituztenetik, migratzaileak beharrezko izan ditu Qatarrek makineria ekonomikoa garatzeko, are gehiago azken urteetan, eraikuntza erritmo intentsiboari eusteko. Hori dela eta, emirerrira lanera joan diren migratzaileen portzentajea munduko handienetakoa da aspalditik. NBEren arabera, 2019an Qatarko biztanleen %80 ziren. Migratzaile gehienak pobrezia handiko eta lan aukera urriko inguruko herrialdeetatik hartu ditu, Indiatik, Bangladeshtik, Nepaldik eta Pakistandik gehienbat.

Lanbide maskulinizatuetan izan da langile beharrik handiena azken hamarkadan; horregatik izan da askoz ere handiagoa gizonen migrazioa emakumeena baino. Horrek areagotu egin du bien arteko arrakala: 734.000 emakume bizi dira han, eta 2.197.000 gizon, emakumeak halako hiru ia.

Ikusi gehiago:«'Kafala' abolitu duela dio Qatarrek, baina ez da egia; erreformatu egin dute»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.