Pentsioak

Kotizazio urte gehiago, baina «hoberenak»

Pentsioen kalkulua 25 urtetik 30era zabaltzea proposatu du Espainiako Gobernuko Gizarte Segurantza ministroak

Jose Luis Escriva Espainiako Gizarte Segurantza ministroa. SERGIO PEREZ (EFE)
jokin sagarzazu
2022ko azaroaren 29a
18:15
Entzun

Lan urte gehiago beharko dira pentsioak kalkulatzeko. Gaur egun baino bost gehiago: 30 urte, eta horietatik 28 «hoberenak» hartuko lirateke kontuan, eta ez azkeneko 25ak, gaur egun bezala. Proposamen hori egin die Espainiako Gizarte Segurantza ministro Jose Luis Escrivak sindikatuei eta patronalei. Beste neurri bat ere proposatu die: soldata handienen kotizazio oinarria zabaltzea. Urtea amaitu baino lehen akordio batera iritsi behar dute, Madrilek epe hori hitzartu baitu Bruselarekin pentsioen erreforma amaitzeko.

Sindikatuek ez dute ongi hartu kotizazio urteak gehitzeko proposamena, eta patronalek kotizazio oinarrien muga kentzearena. Baina haiek baino gogorrago mintzatu da Unidas Podemos. Yolanda Diaz Lan ministroak esan du neurria ez dutela babestuko, kotizazio urteak gehitzea «eskubide murrizketa bat» delako.

Gaur egun, gutxienez hamabost urte kotizatu behar dira erretiroagatiko pentsioa jasotzeko. Iristen ez denak pentsio ez-kontributibo bat jasotzen du. Pentsioaren %100 jasotzeko, berriz, 37 urte eta bederatzi hilabetetik gora kotizatu dutenek har dezakete erretiroa 65 urtean, baina besteek 66 urte eta lau hilabetera itxaron behar dute; kotizazio epeek handitzen jarraituko dute 2027. urtera arte. Orduan, 38 urte eta sei hilabete beharko dira.

Azkenekoak ez

Prestazio osoa zein aurretiazko erretiroa hartzen dutenena kalkulatzeko, berriz, azken 25 urteetako soldatetako oinarri erregulatzailea hartzen da kontuan. 2011. urtera arte, azkeneko hamabost urteetakoa hartzen zen, baina, aurreko gobernuen erreformengatik, handitu egin da. Orain, modu progresiboan 30 urtera zabaldu nahi du Escrivak, eta, azkenengoak izan beharrean, 28 «hoberenak» kontuan hartzea. PSOEko ministroaren asmoa zen 35 urtera luzatzea eta horietatik 25 hoberenak kontuan hartzea.

Egungo 25 urteetara edo Escrivak proposatutako 30 urteko kotizazioetara iristen ez direnentzat, berriz, mekanismo bat dago, bitarteko kotizazio hutsuneak betetzeko, eta horren kalkuluan «hobekuntza» batzuk ere proposatu ditu Escrivak, bereziki gurasotasunagatik lan etenak egiten dituzten emakume eta gizonentzat. Proposamena «eskasa» dela adierazi du Unai Sordo CCOOko idazkari nagusiak, eta puntu horretan«anbizio handiagoa» galdegin dio.

Aldaketa horiekin, Escrivaren asmoa da pentsioak kalkulatzeko modua «egungo errealitatera» egokitzea. Orain arteko joera izan da kotizaziorik handienak lan karrerako azken urteetan pilatzea. Eskema berriarekin, onuradun aterako lirateke beren lan ibilbidean etenak izan dituztenak; adibidez, azken urteetan langabeziara jo behar izan dutenak edo lanaldi murriztuekin aritu direnak. Aldiz, lan karrera eta soldata igoera egonkorragoak izan dituztenei kalte egingo lieke, urte gehiago hartuko baitira kontutan pentsioak kalkulatzeko. Dena den, ministroak azaldu duenez, neurriak eragin «neutroa» izango luke Gizarte Segurantzaren kontuetan; alegia, poltsan ez litzateke diru gehiago sartuko, ezta aterako ere, baina pentsioak «ekitatiboagoak» izango liratekeela azpimarratu du.

Pepe Alvarez UGTko buruak zalantzak ditu horrekin. «Aurten sartu da indarrean 25 urteko kotizazio aldia, eta oraindik ez dakigu zer ondorio dituen sisteman. Ez badu onurarik ekarriko, hobe litzateke dagoen bezala uztea».

Soldata handiak

Escrivaren beste asmoetako bat da gehien irabazten dutenek gehiago kotizatzea. Hala, gehienezko muga zabaltzea proposatu du. Gaur egun, urteko soldata gordinaren 49.672 eurora arte kotizatzen da, eta hortik gorako zatiarengatik, ezer ez. 2025etik 2050era %30 igo nahi du oinarria; urtero 1,154 puntu. Horri KPIa gehituko litzaioke. Orain arte, unean uneko gobernuek erabaki dute muga igo ala ez, noiz eta zenbat. 2023rako, Pedro Sanchezen gobernuak aurtengo KPIaren batezbesteko igoera ezarriko du.

Oinarria handitzea ez da patronalaren gustukoa, enpresek jartzen baitute kotizazioaren zatirik handiena, eta hala jakinarazi diote Escrivari. Sindikatuek, berriz, uste dute oso txikia dela proposatutako igoera. Ministroak, gainera, gehieneko pentsioak igotzea aurreikusten du, baina ez du zehaztu zenbat. Hori kontuan hartuz, uste dute oinarriaren igoerak Gizarte Segurantzaren poltsan eragin eskasa izango duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.