Hezkuntza Legea

Sindikatuen arabera, grebaren oihartzuna %60koa izan da

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak esan du ikastetxeen %92ren datuak dituztela, eta  irakasleen %35ek,2k egin dutela greba. ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deitu dituzte langileak grebara Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren kontra egiteko.

Ikasle bat Hernaniko Langile ikastolan sartzen, gaur goizean. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko azaroaren 30a
08:59
Entzun

Soka tenkatuta dago hezkuntzan. Horren erakusgarri izango da gaurko eguna: ELAk, LABek eta Steilasek grebara deitu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako unibertsitatera arteko eskola publikoetako langileak. Publikoa, euskalduna eta propioa helburu. Hezkuntza lege aurreproiektu honi ez, legea langileokin eraiki lelopean antolatu dituzte mobilizazioak: Bilbon, 11:30ean eta 18:00etan, Eusko Jaurlaritzaren egoitzatik abiatuta; Gasteizen, 18:00etan, Eusko Legebiltzarrean; eta Donostian, ordu berean, Alderdi Ederren.

Ikusi gehiago:«Konfluentzia» nahi dute EH Bilduk eta LABek, publikoen eta ikastolen «onena» hartuta

Sindikatuek eman dute grebaren oihartzunaren inguruko lehen datua, ohar bidez: «Batez beste langileen % 60k bat egin dute grebarekin». Gainera, haien esanetan, milaka pertsonak parte hartu dute goizean Bilbon egin duten manifestazioan. Deialdiekin bat egitera deitu dute sare publikoko langile oro: irakasleak, Haurreskolak partzuergoko langileak, hezitzaileak eta sukaldeetako langileak nahiz garbitzaileak. Abenduaren 14an izango dute hurrengo greba.

Eusko Jaurlaritzak, berriz, ziurtatu du oihartzun epelagoa izan duela. Azaldu dutenez, ikastetxeen %92ren datuak jaso dituzte, eta horietan irakasleen %35ek,2k egin dute greba, batez beste. Haien esanetan, 9.260 irakaslek bat egin dute deialdiarekin. Asmoa dute egunean zehar datu gehiago emateko.

Hezkuntza munduko zenbait eragilek bat egin dute deialdiekin; esaterako, Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak eta EHIGEk. Ernaik ikasleak deitu ditu manifestazioetan parte hartzera; izan ere, haien irudiko, aurreproiektuak oraingoz ez ditu eskaintzen «sistema hobe baterako oinarriak». Besteak beste, eskatu dute berma ditzala euskalduntzea eta euskal kulturaren transmisioa eta hezkuntzaren doakotasuna.

Alternatiba alderdiak ere babesa adierazi dio grebari, Twitter bidez: «Publikoa defendatzea ezinbestekoa dugu jendarte aske eta justua eraikitzeko bidean. Horregatik, Alternatibak gaurko greba eguna babestu du, eta mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten du euskal eskola publikoaren alde; denona eta denontzat». Baita Elkarrekin Podemos-IUk ere. Koalizioaren bozeramaile Miren Gorrotxategik Onda Vasca irratian ziurtatu du «erabat ados» daudela greba deialdiaren arrazoiekin. Haren irudiko, aurreproiektua ez da nahikoa hezkuntza beharrei aurre egiteko, eta «nabarmenki» aldentzen da hezkuntza akordiotik. Ikoitz Arrese EH Bilduren hezkuntza idazkariak ere egin ditu adierazpenak, Twitterren: «Hezkuntza sistema publikoa, euskalduna eta propioa dugu askok helburu. Batzen gaituenaren alde, balia dezagun aukera, elkarlanean». CNT, CGT eta ESK sindikatuek ere bat egin dute, baita Ikasle Sindikatuak ere.

Hamar punturen bueltan eraiki dute aldarria sindikatuek: Hezkuntza Legeak publikoa izatea «ardatz»; segregazioari aurre egitea eta gizarte kohesioa bermatzea; publifikazio marko eta araudi orokorra eta adostutakoa ezartzea; legea «propioa» izatea; inbertsio eta baliabide nahikoa jasotzea; euskara erdigunean jartzea; betebehar eta kontrol mekanismo zehatzak ezartzea; hezkuntza sistemako langile guztien lana eta «lan baldintza egokiak» bermatzea; merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at egotea; eta lege parte hartzailea izatea, langileak aintzat hartuko dituena.

Eusko Jaurlaritzak ezarria du gutxieneko zerbitzuek zenbatekoak izan behar duten. Ikastetxeetara sar daitekeela bermatzeko, grebak eragindako ikastetxeko eta eraikineko zuzendaritzako kide batek egon beharko du, baita goizerako mendekoen kidegoko langile batek eta arratsalderako beste batek ere; Haurreskolak partzuergoan, zentrora sartzeko kontrola bermatzeko, ikastetxe bakoitzeko koordinatzaile batek edo haren ordezkoak egon beharko du; gainera, «babesa eta osasuna bermatzeko», hezkuntza etapa bakoitzeko irakasle batek egon beharko du, eta Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, matrikulatutako ehun ikasleko beste irakasle batek; eta hezkuntza bereziko ikastetxeetan edo hezkuntza bereziko gela egonkorretan, ikasgeletako langileen erdiek lanera joan beharko dute.

Jaurlaritzarentzat, «ulertezina»

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek hizpide izan du greba deialdia. Gaurkoa hezkuntzarako «egun tristea» dela nabarmendu du, «mugatu» egin dutelako ikasleek hezkuntza garatu ahal izateko eskubidea. «Greba prebentiboa» irizten dio, oraindik egindako ekarpenekin behin betiko testu bat prestatzen ari direlako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.