«Konfluentzia» nahi dute EH Bilduk eta LABek, publikoen eta ikastolen «onena» hartuta

EH Bildu eta LAB hezkuntzaz aritzeko bildu dira. Aitortza egin diete sare publikoari eta ikastolei. Grebak aipatuta, esan dute bat egiten dutela langileen eskaerekin

Ezkerretik eskuinera: Otxandiano, Otegi, Aranburu eta Tobar bileraren osteko agerraldian, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2022ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Urak harrotuta daude hezkuntzan, eta, pixka bat baretzeko, bilera egin zuten atzo EH Bilduk eta LABek, Donostian. Jarri ziren ados gauza batzuetan. «Konfluentzia» defendatu zuten: «Orube berri bat jarri behar da, hezkuntza tradizio desberdinen, bai ikastolen, bai eskola publikoaren onena jasoz. Konfluentzia da bidea; sare publiko bakar, burujabe eta deszentralizatuan antolatuko den hezkuntza sistema propioa eraikitzen hastea». Bileraren ostean, Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak eta Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak eman zuten agiri adostuaren berri, Pello Otxandiano EH Bilduren programa zuzendariarekin eta Irati Tobar LABen irakaskuntza idazkariarekin batera.

Abiapuntu bateratua jarri dute: uste dute hezkuntzak «eraldaketa sakona» falta duela, eta, alde horretatik, hezkuntza ituna «ona» dela diote, «euskal hezkuntza sistema propiorako trantsizioa egiteko baliagarria den heinean». Ziurtatu dute beren esku dagoen guztia egingo dutela «euskal hezkuntzaren aro berri bat» irekitzeko: «Erronka izango da lege on bat onartzea eta hezkuntza akordioaren garapen on bat egitea». Izan ere, abiapuntua egokia begitandu arren, arriskuak ere ikusi dituzte: «Arriskurik behinena litzateke egungo sistema duala betikotzea». Horren aurrean, lanerako prest agertu dira: «Asko dago jokoan, eta ezker independentistak bere onena emango du herri honen eraikuntzarako lehen mailako garrantzia duen erronka honetan».

Ituna «ona» iruditu arren, bestelako iritzia dute Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren zirriborroaz: «Atzerapausoa ikusi dugu funtsezko hainbat alorretan». Gainera, «kezkatuta» daude hezkuntza komunitatean eta gizartean «giroa nahasten eta polarizatzen» ari delako. Indarrak batzera deitu dute.

«Konfluentziarako» garaia dela diote, publikoen eta ikastolen «onena» hartzekoa. Batzuek zein besteek gaur egun arte egindako lana goraipatu dute. Batetik, sare publikoko komunitatearena: «Aitortza zor zaio eskola publikoaren komunitateari, administrazioaren inbertsiorik ezaren ondoriozko baldintza kaskarretan herrigintzan egindako lanagatik, euskara zabaltzeko egindako ahaleginagatik eta klaseagatiko eta jatorriagatiko segregazioa —gizarte gisa dugun arazorik handienetakoa— eztabaida publikoaren erdigunean jartzeagatik». Bestetik, ikastolena: «Aitortza zor zaie ikastolei ere, kultur transmisioan eta euskararen irakaskuntzan administrazio publikoa egiteko gai izan ez denari eutsi diotelako. Ikastolen sistema gai izan da nazio ikuspegia bere hezkuntza jardunean bermatzeko».

Eginikoak alde batera uzteke, heldu diete epe laburreko gaietako bati ere: sindikatuek gaurko eta abenduaren 14rako sare publikoan deitu dituzten grebei. Ados daude eskaerekin: «Hezkuntza sistemako langileak bakoitza bere eskolan, ikastolan edo ikastetxean mobilizatzen ari dira, eta datozen egunetan eremu publikoan grebara deituta daude. Bat egiten dugu langileen eskaerekin».

Etorkizuneko bidea ere markatu dute: «Hezkuntza akordioak abiatu behar duen trantsizioaren lehen fase honek sistemaren deszentralizazioa ekarri behar du, ikastolen antolaketa eredu komunitarioa oinarri hartuz. Aukera berdintasuna eta hezkuntza eskubideen bermea ekarri behar ditu, eta, horretarako, eskola publikoak ardatza izan behar du. Eta ekarri behar du jauzi bat ere euskalduntzean, laikotasunean, inklusioan eta eraldaketa pedagogikoan».

Begirada nazionala

Hezkuntza Legea Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako baino izango ez bada ere, Euskal Herri osoari erreparatu diote: «Nazio ikuspegiz jokatu behar dugu, gaur hiru herrialdetan egiten diren urratsak eraikuntza nazionalaren parte izan daitezen eta gaur posible ez diren urratsak bihar posible izan daitezen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.