Lan gatazkak

Ertzaintzak lau grebalari zauritu ditu metalgintzako piketean

Arteako Pekos Fabricacion lantegiaren aurrean izan da oldarraldia. Sindikatuek elkarretaratzera deitu dute 17:00etarako, indarkeria gaitzesteko.

Ertzaintzak eragindako zaurietako batzuk. LAB EZKERRALDEA
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko azaroaren 30a
13:10
Entzun

Lehen bi egun lasaien ondoren, hirugarrenean tentsioak gora egin du Bizkaiko metalgintzako sindikatuek deituriko greba astean. Goizaldean, Ertzaintza pikete nagusiaren aurka oldartu da Arteako (Bizkaia) industrialdean, eta lau langile zauritu ditu. Horietatik bi gutxienez LAB sindikatuko ordezkariak ziren, eta ospitalean artatu behar izan dituzte. Eguerdirako Basaurin (Bizkaia) deituriko manifestazioan ere liskarrak egon dira. Sindikatuek elkarretaratzera deitu dute 17:00etarako, indarkeria salatzeko. Bilboko Albia lorategietan da deialdia, EAJk bertan duen egoitzaren aurrean.

Bizkako metalgintzako langileek aurtengo zortzigarren greba eguna dute gaur, eta azken deialdiko honetako hirugarrena. CCOO, LAB eta UGT sindikatuen piketea Hego Uribe eta Arratia eskualdeetako industrialdeetatik mugitu da. Lehenbizi, Ormazabalek Zaratamon duen lantegiaren aurrean bildu dira, eta, handik, Arteara jo dute. Ertzaintzaren oldarraldia han izan da, Pekos Fabricacion lantegiaren aurrean. Sindikatuen arabera, ezustean izan da, ez baita gertatu erreakzio hori justifikatzeko moduko ezer. Poliziek lau grebalari zauritu dituzte, borra kolpez zein ostikoz. Horietatik bi gutxienez ospitalean artatu behar izan dituzte.

Goizeko liskarrek gaiztotu egin dute eguerdian Basaurin eginiko manifestazioko giroa. Jendetza bildu da Sidenorrek herriaren kanpoaldean duen altzairutegiraino deituriko martxan. Irten eta gutxira, oraindik Basauriko kaleetan zebiltzala, Ertzaintzak manifestazioa geldiarazi du. Hamar bat minutuz egon dira geldirik. Astelehenean gauza bera egin zuen Portugaleten, manifestari batek plastikoak birziklatzeko edukiontzi baten barrura suzi bat bota zuenean. Ertzainek berehala itzali zuten, su itzalgailu batekin. Behin herritik irtenda, istiluen aurkako ertzainak furgoietara igo dira, eta manifestazioa giro lasaian iritsi da Sidenorrera.

Hirugarren greba eguna izan arren, ez dago datarik lan hitzarmenaren negoziazioko hurrengo bilerarako. Sindikatuek ez dute FVEMen deirik jaso oraindik. Patronalaren arabera, grebak %17ko erantzuna izan du gaur. Sindikatuetatik, ELA izan da erantzunaren berri eman duen bakarra, eta aurreko egunetan bezala «oso zabala» izan dela nabarmendu du. Bizkaiko metalgintzako lan hitzarmena 52.000 langileren baldintzen oinarria da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.