Albistea entzun

Kazetaritza

Miel A. Elustondok irabazi du Rikardo Arregi kazetaritza saria

BERRIAn argitaratutako 'Tonban ehortzirik' elkarrizketa sortagatik jaso du saria. Hildako pertsonei egindako elkarrizketak bildu ditu, antolatzaileen arabera «euskarazko kazetaritzan parekorik ez dutenak». Komunikazio saria 'enpresabidea.eus' webguneak irabazi du.

Miel A. Elustondo Rikardo Arregi Kazetaritza saria jasotzen.
Miel A. Elustondo Rikardo Arregi Kazetaritza saria jasotzen. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Julen Otaegi Leonet -

2022ko azaroak 30 09:28

Eman dute aurtengo Rikardo Arregi sarien irabazleen berri. Miel A. Elustondo kazetari eta idazle azpeitiarrak jaso du kazetaritza saria, BERRIAn argitaratutako Tonban ehortzirik elkarrizketa sortagatik. Hildakoei egindako elkarrizketak bildu ditu bertan Elustondok; antolatzaileen arabera, «euskarazko kazetaritzan parekorik ez dutenak». «Dokumentazio lana, pertsonaiarekiko hurbilketa eta egiantzekotasun formala nabarmentzen dira; fikzioaren eta kazetaritzaren arteko mugak hausten ditu», gehitu dute. Elustondok egindako ibilbide luzean erakutsi duen «kalitatea» berretsi du sorta horretan, eta haren ukitua ere nabari da: «kazetari sentsibilitate berezia» erakutsi du. Saria jasotzean, Rikardo Arregiren heriotzeagatik auhenez poema irakurri du Elustondok, Gabriel Arestik Arregiri eskainitakoa.

Kazetaritza saria ez ezik, Rikaro Arregi komunikazio saria ere banatzen du epaimahaiak, «euskarazko komunikazioaren mesedetan urrats berritzaile» izan diren proiektuei. Enpresabidea.eus webguneak irabazi du Komunikazio saria, eta Maite Reizabal Arregi erredakzioburuak jaso du. Informazio ekonomiko eta enpresarialean espezializatutako euskarri digitala da enpresabidea.eus, eta «begi bistakoa den hutsunea» bete du, antolatzaileek azpimarratu dutenez.

Bederatzina mila euroko saria jaso dute saridunek, eta Xabier Laka eskultoreak berariaz egindako oroigarria. Andoaingo (Gipuzkoa) Bastero kulturgunean egin dute sari banaketa. Bertan izan dira bi modalitateetako launa finalistak.

Elustondorekin batera, kazetaritza sariko hiru finalistak hauek izan dira: Amaia Lekunberri Ansolaren Anorexia, bestelako gerturapen bat: Zer dio jateari uzten dionak, jateari uzten dionean? monografikoa —Argia aldizkariko Larrun gehigarrian argitaratu zuen—; eta ETBren bi saio: Aske bizi dokumentala eta Biba zuek magazina. Komunikazio atalean, berriz, Aiaraldea proiektua, Aiora Probatxoa-ren Youtubeko kanala eta Aikotaldea.eus webgunea ere lehiatu dira. Aitormenezko oroigarriak jaso dituzte finalistek, horiek ere Laka eskultorearenak.

Aurtengoa ez da izan Elustondoren lehen izendapena: 2020an ere, finalistetako bat izan zen, Tonban ehortzirik sailagatik orduan ere, eta aurreko urtean ere hautagai izan zen, BERRIAn argitaratutako Zozoen elean elkarrizketa sortagatik.

«Ohorezko mugarri»

Irabazleak eta finalistak ez dira izan ohoratutako bakarrak Rikardo Arregi sarietan. Epaimahaikideek Elixabete Garmendia eta Patxi Baztarrika «ohorezko mugarri» izendatu dituzte. Garmendiari «euskarazko kazetaritzan izandako ibilbide oparoa» aitortu diote. Argia-ren zuzendari izandakoa da Garmendia, eta «berari esker aldizkari zorrotz, moderno eta irekia» plazaratzen zen astero-astero. Patxi Baztarrikari, berriz, Rikardo Arregi saria sortzeko bidean egindako ekarpena aitortu diote antolatzaileek —1988an sortu zuen, Andoaingo Udaleko euskara teknikari zela—. «Sari hauen sorrera landu, bideratu eta hauspotu zuen, eta hari zor zaio sariari behar beste eduki eta irismen eman izana».

Hauek osatu dute finalistak izendatu dituen eta sariak erabakiko dituen epaimahaia: Itxaro Borda eta Aingeru Epaltza idazleek, Pantxika Maitia kazetariak, Miren Gabantxo EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakasleak, Ion Muñoa Dustuko Unibertsitateko Komunikazio graduko irakasleak eta Jon Sarasua Mondragon Unibertsitateko Huheziko irakasleak. Epaimahaiburua Andoaingo Udaleko Euskara zinegotzi Alexander Huitzi izan da, eta idazkaria, Arantza Aguado euskara teknikaria.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Elantxobeko portua, artxiboko irudi batean. ©Marisol Ramirez / Foku

Urpekari bat hilda atera dute uretatik Elantxoben

Berria

10:00ak aldera atera dute gorpua, herritar batek abisua eman ostean. Ikerketa zabaldu du Ertzaintzak.

Suhiltzaile bat lanean, artxiboko irudi batean. ©Juan Carlos Ruiz / Foku

95 urteko gizon bat hil da Bilbon, bere etxeak su hartu eta gero

Berria

02:00ak aldera gertatu da ezbeharra. Gizona bizirik atera dute suhiltzaileek, baina ospitalean hil da.

Ihintz Oliden, AEK-ko Ipar Euskal Herriko koordinatzailea. ©Guillaume Fauveau

«Zaila da irakasleak atzematea eta atxikitzea»

Iñaki Etxeleku - Ipar Euskal Herriko Hitza

Urrian, AEK-k erakundeei galdegin zien laguntzak emenda ditzatela bere irakasleek hilabete sari duinak ukan ditzaten. Ez da deus aitzinatu geroztik, baina ikasleen galdea beti berdin azkarra da.

Erdiz Bizirik-ek manifestazio bat eginen du Iruñean

Erdiz Bizirik-ek manifestazio bat eginen du Iruñean

Iker Tubia

Apirilaren 22an izango da, Landa Eremuaren Nazioarteko Egunean. Erdizen egin asmo duten meategiaren kontrako protestetan ari dira

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.