EKIALDE HURBILA

Israelgo armadak beste bi palestinar hil ditu tiroz, Zisjordanian

Jeningo errefuxiatuen kanpalekuan egin dute sarekada Israelgo indarrek. Zortzi palestinar hil dituzte 72 orduan, eta hamar astebetean. NBEk onartu egin du 2023an Nakbaren 75. urteurrena oroitzeko ebazpena.

Hainbat lagun, Israelgo armadak herenegun hil zuen palestinar baten hiletan, Beit Rema herrian, Zisjordanian. ALAA BADARNEH / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko abenduaren 1a
11:34
Entzun

Oldarraldiek ez dute etenik Zisjordanian. Palestinako Osasun Ministerioak baieztatu duenez, Israelgo armadak beste bi palestinar hil ditu tiroz, Zisjordanian, Jeningo errefuxiatuen kanpalekuan. Orotara, Israelgo indarrek zortzi palestinar erail dituzte azken 72 orduetan, eta hamar astebetean, 2006tik lurralde okupatu horretan izan den indarkeria boladarik handienean. Israelgo armadak egindako sarekadan, gainera, palestinar bat zauritu dute, WAFA Palestinako berri agentziaren arabera.

Israelgo armadak esan du operazioan agenteei eraso egin dietelako erantzun behar izan dutela haiek tiroka, «ustezko erasotzaileak neutralizatzeko». Hain zuzen, Israelgo armadak baieztatu du Mohammed Ayman al-Saadi dela hil duenetako bat, Palestinako Jihad Islamikoko goi agentea. Poliziaren arabera, Al-Saadik «Israelgo indarren aurkako hainbat eraso egin eta erakundeko milizianoak armaz hornitzen zituen».

Erakunde militarrak, halaber, Naeem Jamal al-Zubaidiren heriotza ere baieztatu du, eta «Israelgo indarren aurkako hainbat tiro erasotan parte hartu duen agente terrorista» gisa identifikatu du. Tokiko iturrien arabera, Al-Zubaidi Al-Aqsako Martirien Brigadakoa zen. Hain zuzen, iturri horiek eta lekukoek EFE berri agentziari esan diotenez, Israelgo konboi militar batek etxe batera zuzenduta zeuzkan misilak.

«Hau da terrorismoaren aurka borrokatzeko modua. Hau da Israelgo herritarrak babesteko modua». Adierazpen horiek egin ditu Israelgo lehen ministro Yair Lapidek, albistea jaso eta gutxira.

Gertakari horrek haserrea eta sumina eragin ditu palestinarren artean. Hala, Al-Fatah Palestina Askatzeko Erakundeko talde nagusiak eta beste zenbait erakundek grebara deitu dute gaurko.

Israelgo armadaren erasoak etengabekoak izaten ari dira Zisjordanian azken egunotan. Atzo, esaterako, 25 urteko palestinar bat hil zuen tiroz, Jabaden, Jenindik gertu, Palestinako Osasun Ministerioaren arabera. Eta herenegun, bost palestinar erail zituen, tartean bi anaia, WAFAk zehaztu zuenez.

2022an, guztira, 158 palestinar hil dituzte —besteak beste, milizianoak, zibilak eta adingabeak— Israelen eta Zisjordania okupatuaren arteko gatazkaren esparruan, Palestinako Aginte Nazionalaren arabera; Israelen bandoan, berriz, 29 pertsona erail dituzte, eta horietatik 21 zibilak izan dira.

Nakbaren 75. urteurrena, gogora

Horrekin guztiarekin lotuta, NBE Nazio Batuen Erakundeko Batzar Orokorrak Palestinaren eta Israelen arteko gatazkari buruzko bost ebazpen onartu zituen atzo, palestinarrek Nakba izenez —hondamendia esan nahi du arabieraz— oroitzen duten ebazpena barne; zehazki, maiatzaren 15a da palestinarrek beren exodoa eta Israelgo Estatuaren sorrera gogora ekartzen dituzten eguna.

Hain justu, 2023an Nakbaren 75. urteurrena oroitzeko ebazpena onartu dute, aldeko 90 botorekin; 30 estatuk aurka bozkatu dute, eta 47 abstenitu egin dira. Israelek gogor kritikatu du hartutako erabaki hori.

Ikusi gehiago: Israelen eta Palestinaren arteko gatazka «borborka hastear» dagoela ohartarazi du NBEk

Onartutako beste ebazpenen artean, Israeli eskatzen zaio geldiaraz ditzala «nazioarteko zuzenbidearen aurkako ekintza guztiak, Palestinako lurralde okupatuen osaera demografikoa eta estatusa aldatzeko eta kokaguneetako jarduera amaitzeko».

Era berean, NBEko Batzar Orokorrak onartutako beste ebazpen batean nabarmendu zuen «premiazkoa» dela ahalegina egitea «negoziazio sinesgarriak» abiarazteko, eta bake justu eta iraunkorra lortzeko, nazioarteko erakundearen ebazpenetan oinarrituta».

Bozketak egin aurretik, Palestinak NBEn duen ordezkari Rijad Mansurrek gainerakoei eskatu zien herri palestinarrarekiko «bidegabekeria historikoa» onartzeko: «Palestinak merezi du jasandako sufrimenduaren aitortza, baita biktimentzako justizia ere». Haren hitzetan, «inpunitatea amaiaraztea da Israelen okupazioarekin bukatzeko modu bakarra».

«Inor ez dago salbu Palestinan, inor ez», nabarmendu zuen Mansurrek, eta salatu zuen 2022a «urterik hilgarriena»dela Zisjordaniako palestinarrentzat, 2000ko irailaren amaieran bigarren Intifada hasi zenetik; Palestinaren independentziaren aldeko matxinada izan zen. Hori dela eta, ohartarazi zuen palestinarrek «nazioarteko babesa» behar dutela.

Bestalde, Gilad Erdan Israelek NBEn duen ordezkariak kritikatu zuen onartutako ebazpenek «Ekialde Hurbilean gertatzen den guztiaren errua Israeli egoztea» dutela helburu, eta «palestinarrak egoera honetan duten erantzukizunetik absolbitzea». Erdanen arabera, «urtez urte, desitxuratutako ebazpen horiek onartu egiten dira, eta, hala, bermatzen da gatazka inoiz ez dela amaituko». Haren iritziz, Israelen eta Palestinaren arteko gatazka, «beste edozein gatazketan bezalaxe, bi aldeak negoziazio mahaian eserita konpon daiteke».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.