Laguntzak

Mugiren deskontuaren luzapenak talka eragin du erakundeen artean

Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri du 2023an ere egungo deskontuari eutsiko diola, baina neurri hori nork ordainduko duen ez dago argi.

Donostiako Dbuseko autobus bat. GORKA RUBIO / FOKU
xabier martin
2022ko abenduaren 1a
11:55
Entzun

Gipuzkoako Garraio Agintaritzak kopuru bat jarri dio 2023an Mugi txarteletan %50eko deskontuei eusteak eragingo duen gastuari: 24,3 milioi euro. Gipuzkoako Foru Aldundiak asteon iragarri du gaur egun indarrean dagoen laguntza mailari eutsiko diola datorren urtean ere, garraio publikoa sustatzeko egokitzat ikusten duelako, baina ia 25 milioi euro horiek nork ordainduko dituen ez dago argi, eta, azken orduetan, erakundeen arteko talka eragin du kezka horrek.

Donostiako alkate Eneko Goiarentzat, «arduragabekeria» da deskontuak aurrera egingo duela iragartzea, oraindik ez baitago argi Espainiako Gobernuak gastu horren %30i aurre egingo ote dion, orain arte bezala. Eusko Jaurlaritzak deskontuaren %10 hartzen du bere gain, eta horrek ere bere horretan segituko duen ikusteko dago, Goiaren arabera. Baina zergatik kritikatu du Donostiako alkateak Gipuzkoako Aldundiaren erabaki hori, erakunde biak EAJren esku daudela jakinda eta gutxitan ikusten den aurkakotasun bat azalerazita?

Erakunde bakoitzaren aurrekontuetan dago erantzuna. Mugiren inguruko erabakiak aldundiari eragingo liokeen 9,5eko milioi eurorainoko defizita estaltzeko gai da foru erakundea, funts bat daukalako gorderik bere aurrekontuetan horretarako. Donostiako Udalak, ordea, 7,5 milioi euroko zuloari aurre egin beharko lioke Dbusek biltzeari utziko liokeen kopuruagatik.

PSEren ekinbidea

Gipuzkoako Foru Gobernua EAJk eta PSEk osatzen dute, eta azken alderdi horrek kudeatzen duen esparrutik abiatu da Mugiren egungo deskontuei 2023an ere segida emateko ekinaldia. Rafaela Romero Mugikortasun diputatuak deskontuen jarraipena iragartzen duen lehen herrialde gisa jarri du Gipuzkoa, eta, horrekin batera, tirabirak hasi dira Jaurlaritzako bazkideen artean, baina baita aldundian eta zenbait udaletan ere.

Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk garbi esan du «bidezkoa» dela garraio publikoaren %50eko deskontuei aurre egiteko finantzaketa gaur egun bezala egitea datorren urtean ere. Alegia, deskontuen %30 Espainiako Gobernuak ordaintzen segitzea nahi du Urkulluk. Beste %20 euskal erakundeen artean ordaintzen dute.

Baina hori horrela izango den ala ez ezin da ziurtatu oraingoz. Hasteko, Espainiako Gobernuaren ordezkari Denis Itxasok beste ikuspuntu bat helarazi du gaur bertan. «Garraio esparruan baditu eskunduntzak Euskadik, eta baliabide nahikoa ere bai garraioaren laguntzei eusteko», esan du Radio Euskadin. Erantsi du Espainiako Gobernuak eutsi egingo diola aldiriko trenen doakotasunari, eta 2023an tarte luzeko autobus batzuen txartelak ere ez direla pagatu beharko.

Beste garraio batzuetan eskunduntza euskal erakundeena dela gogoratu ondoren, Itxasok «ihes egiteko ariketak» aipatu ditu EAJko zenbait agintariren adierazpenak aztertzean, betiere ardurarekin lotuz jarrera hori. «Eskunduntzak bete daitezen hain jarrera zaindaria badugu, onerako eta txarrerako izan behar dugu», esan du.

Eta garbi helarazi du finantzaketa osoak euskal erakundeen esku egon beharko lukeela 2023an. Espainiako Gobernuaren ordezkariak uste du «Euskadik gaitasun nahikoa» duela %50eko deskontu guztia finantzatzeko, «erkidego aberatsa baita». Madrilek deskontuaren %30 finantzatzeari utzi beharko liokeela adierazteko, halaber, gogoratu du hazkunde handia dagoela ogasunen aurtengo bilketan: «Hain handia, ezen errenta zergan deflatazioak egitea ere proposatzen ari baitira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.