Hiesa

Diagnostikatu gabeko GIB kasuen inguruan ohartarazi dute ECDCk eta OMEk

Pandemia aurreko datuen aldean «ugaritze» bat ikusi dutela esan dute, eta testak egiteko bideak erraztu behar direla; eritasunaren nazioarteko egunaren harira mintzatu dira, gaur baita

arantxa iraola
2022ko abenduaren 1a
12:36
Entzun

Hiesaren Nazioarteko Eguna da gaur. Horren harira, hainbat datu plazaratu dira asteon, eta diagnostikatu gabe dauden GIB kasuez ohartarazi dute Europako gaitz infekziosoen prebentziorako zentro ECDCk eta Osasunaren Mundu Erakunde OMEk, besteak beste; izan ere, halakoak «ugaritzen» ari dira. Gaitzaren sorburua birus hori izaten da, eta, behar bezala atzeman ezean, gaitzaren transmisioa ezin da eten. Birusa berandu atzemanda, halaber, zailagoa izaten da pazientea ez eritzea, eta tratamendu egoki batekin asmatzea. Horregatik da kezkagarria ohartarazpena. Baina horra: iaz, COVID-19aren pandemia hasi aurretik baino %25 gutxiago izan ziren GIB diagnostikoak. Koronabirusaren pandemiak, beraz, ez du eragin onik izan GIBaren kontrako politika publikoetan.

Kontinente osoa kontuan hartuta emandakoa da datu hori. EB Europako Batasuneko herrialdeetara begira diagnostikatu gabekoen kopurua «apaltzen» ari dela esan dute, baina adi egon behar dela beti. Mundu osoko datuetan ere bada zer hobetua. OMEk eman berri dituen azken datuen arabera, munduan 38 milioi GIBdun daude, 5,9 miliok ez dute tratamendurik jasotzen, eta lau milioi inguruk ez dakite birusa dutenik ere.

ECDCk asteon jakinarazi dituen datuetan bada aldagai kezkagarri bat: iaz egin ziren diagnostikoen erdietan baino gehiagotan gaixoek zortzi edo hamar urte zeramatzaten ordurako birusarekin. Hainbat aldagai badira zeintzuen bidez ikertzaileek iragar dezaketen infekzioa noiz gertatu zen, eta horien azterketan oinarrituta eman dute datua. ECDCko zuzendari Andreas Ammonek horren arriskuaz ohartarazi du. «Egoera horretan daudenek arriskua dute larri gaixotzeko, eta, diagnostiko berantiarren ondorioz, hiltzeko ere bai». Era berean, diagnostikatu gabeko positibo horiek arazo larria dira «osasun publikoarentzat», gaitza transmititu baitezakete sexu harremanak dituztenean.

Horiek horrela, ECDCk eta OMEk helburu dute «diagnostiko testak» egiteko bideak erraztea, kasuak lehenbailehen atzeman eta jendea GIBaren kontrako tratamendua hartzen hasteko. Izan ere,tratamenduarekin hasita, birusa atzemanezina izaten da pazienteentzat; eritasunik ez garatzea dakar horrek gehienetan, eta birusaren transmisiorako bidea ere eragoztea.

Bide horretan, gaitzaren inguruan usu agertzen diren «estigmen eta aurreiritzien» kontra ere egin behar dela nabarmendu dute nazioarteko erakundeek, horrek erraztu egingo baititu prebentziorako urratsak ere. «Inork ez du sentitu behar beldurrik, lotsarik, etsipenik edo bakartzerik», esan du OMEko Europako zuzendari Hans Henri P. Klugek.

Drogen kontsumoarekin lotzen zen garai batean gaitza, eta sexu harremanen bidez transmititzeak ere badu zeresana; bi aldagai horien ondorioz, gaitzaren inguruko estigma benetako arazoa da oraindik.

«Ausardia» eskatu du OMEk
Mundu osoko egoerara begira, «ausardia» eskatu du OMEko zuzendari Adhanom Ghebreyesusek. 2030erako hiesak mundu mailako «mehatxu» izateari uztea nahi dute: horretarako, ordea, «lidergo ausarta» behar dela aitortu du, eta adi erreparatu behar zaiela, bereziki, munduko desberdintasunei, traba handia baitira horiek osasun publikoan neurri egokiak hartzeko.

Lehentasunen artean umeak jarri nahi dituzte. Bada zer hobetua. Azken datuen arabera, birusa duten helduen %76k tratamendua jasotzen dute; adingabeen artean %52 baino ez dira.

Nafarroako agerraldia
Euskal Herrian ere hainbat ekitaldi egin dira gaur eguna gogora ekartzeko. Nafarroan, agerraldia egin dute Sarek, Hiesaren Aurkako Batzordeak, Kattalingorrik, Abiaztek eta Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak. GIBdunen errealitatea «ikusarazi» egin behar dela gogoratu dute, eta gaitzaren inguruko «estigma» apaltzera egin behar dela oraindik Euskal Herrian ere.

Diagnostikoak lortze aldera egin beharreko urratsak lehentasunen artean jarri dituzte elkarteok ere. Plazaratu duten kalkulu baten arabera, Nafarroan egun 200 pertsona inguru daude birusarekindiagnostikatu gabe, eta horrek erakusten du arlo horretan zenbat lan egin behar den.

Nafarroako Osasun zuzendari Carlos Artundo izan dute aldamenean agerraldi horretan. Hiesarena usu «ahaztutako izurri» bat dela aitortu du, baina ezinbestekoa dela haren gainean lanean jarraitzea. «Aurrena, hobeto eta gehiago prebenitzen; gero, diagnostikoak ahalik eta azkarren egiten; ondoren, ahalik eta gehien tratatzen; eta, azkenik, gaitzaren inguruko estigmaren kontra egiten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.