Albistea entzun

Administrazioa

Enplegu Publikoaren Legea onartu du Eusko Legebiltzarrak

Europako Batasunetik kanpokoek aukera izango dute Osakidetzan eta Ertzaintzan lan egiteko. EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta sindikatuek salatu dutenez, arauak ez du amaiaraziko behin-behinekotasun handia.

Langile publikoak, Eusko Jaurlaritzaren administrazio orokorrean satzen
Langile publikoak, Eusko Jaurlaritzaren administrazio orokorrean satzen Raul Bogajo (Foku) Tamaina handiagoan ikusi

Jokin Sagarzazu -

2022ko abenduak 1 13:21

Eusko Legebiltzarrak Enplegu Publikoaren Legea onartu du, Jaurlaritza osatzen duten bi alderdien (EAJ eta PSE-EE) aldeko botoarekin eta PP+Cs koalizioaren abstentzioarekin. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk kontra bozkatu dute, eta gogoratu dute sindikatuen babesik ere ez duela. Lege berriak Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio guztietan diharduten 100.000 beharginen jarduna antolatu eta arautzen du —lan eskaintza publikoak, eskalak, enplegu publikoko organoen eta haien eskumenen erregulazioa, eta abar— 1989tik indarrean zegoen araudia ordezkatuko du, aurreko hiru legegintzaldietan legea berritzeko saioek porrot egin ondoren.

Berrikuntzen artean, Europako Batasunetik kanpokoek aukera izango dute EAEko administrazioan lan egiteko. Aurreko araudiak ez zuen horretarako aukerarik ematen. Orain, esparru jakin batzuetan egin ahal izango dute, baldin eta aldez aurretik horretarako «lege sektorial» bat onartzen bada.

Aldaketa horrekin «behar objektibo» bati erantzun nahi zaio, bereziki langileen falta dagoen arlo batzuetan; Osakidetzan, nagusiki. Osakidetzarako ez ezik, informazio eta komunikazio teknologiekin loturiko lanetarako eta segurtasunekoetarako —Ertzaintza eta udaltzainak— aurreikusita dago berrikuntza hori. EH Bildurentzat eta Elkarrekin Podemos-IUrentzat «motz» geratu da legearen puntu hori.

Horrez gain, funtzionarioek administrazioaren barruan aurrera egin ahal izateko prozedura batzuk berritu dira; nagusiena, Zuzendaritza Publiko Profesionalaren figura edo mekanismoaren sorrera. Horren bitartez, zuzendaritza mailako izendapenak prozedura publikoaren bidez eta merezimenduak baloratuta egingo dira. Orain arte, kargu horietako asko modu zuzenean edo lehiaketa publikorik gabe izendatzen ziren.

Legeak, halaber, «genero berdintasunaren printzipioak» txertatzen ditu; adibidez, sexu indarkeria jasan duen funtzionario batek beste herri edo administrazio batera aldatzeko aukera izango du.

Eta «desgaitasun intelektuala» dutenentzat ere berrikuntza batzuk jasotzen ditu: hautaketa prozesu independenteak egin ahal izango dira.

Euskararen «erabilera bermatzea»

Euskararekin loturik, arauak dio helburua dela bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatzea administrazio guztien barneko zein kanpoko harremanetan. Horretarako, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak dagokion administrazioekin batera zehaztuko du lanpostu bakoitzaren hizkuntza eskakizuna zein den. Hautaketa prozesuetan, euskarak gutxienez puntuazio osoaren %5 balioko du, baina ezingo du %20 gainditu. Derrigorrezkoa ez den kasuetan, meritu gisa baloratuko da.

Legeak PP+Cs koalizioaren abstentzioarekin egin du aurrera. Akordio batera iritsi zen Jaurlaritzarekin Espetxeetako Erakundeetako lanpostuen eskala sortzeko, plaza horiek lehiaketa publikora ateratzeko.

Hori izan da gobernuak onartutako zuzenketa bakarrenetariko bat. Eta hala gogoratu diote EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk. Biek azpimarratu dute araudi berriak ez duela amaituko administrazio publikoan egun dagoen behin-behinekotasun handia (%30etik gorakoa), eta «pribatizazioaren eta azpikontratazioen» atea zabalik uzten duela.

EH Bilduko Pazis Garciak azaldu du behin-behinekotasunari %8ko muga jartzeko eskatu ziotela Jaurlaritzari, baina ez duela aintzat hartu. Horrekin batera, salatu du lege berriarekin ez dela «funtsezko urratsik» egin administrazioa euskalduntzeko.

Elkarrekin Podemos-IUko Jon Hernandezen arabera, arauak ez ditu langileen baldintzak homogeneizatzen, eta horrek «bidegabekeriak» sortzen ditu, soldatetan eta lan baldintzetan. Era berean, salatu du araudi berriak erabakiguneetan sindikatuek duten parte hartzea murrizten duela eta negoziazio kolektiboa indargabetzen duela.

Hain zuzen ere, administrazioan ordezkaritza duten sindikatu guztiak oso kritiko azaldu dira lege berriarekin. ELAren arabera, Patxi Lopezen (PSE-EE) agintaldian bultzatu baina onartu ez zen legearen «kopia» bat da lege berria. Salatu du sektore publikoak dituen arazo nagusiak betikotzen dituela —«behin-behinekotasuna, pribatizazioa, enpleguaren suntsiketa eta murrizketak»—, eta «interes pribatuen eskuetan» uzten dituela langileak eta zerbitzu publikoak. LABen iritzian, araua Espainiako Estatuaren oinarrizko legediaren «garapen hutsa» baino ez da, «anbiziorik gabekoa», eta negoziazio kolektiboa ukatu eta «inposizio eredua» betikotzen du. UGTren ustez, araudi berria «aukera galdu bat» da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Langile bat Haizea Winden lantegian, artxiboko irudi batean. ©Marisol Ramirez / Foku

Industriak ekonomiari bultzada eman dio urtearen hasieran

Iker Aranburu

Eustaten arabera, jardunaldi osoko baliokideak diren 3.400 enplegu sortu ziren lehen hiruhilekoan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Lanbideren bulego bat, Bilbon, artxiboko irudian. ©Monika del Valle / Foku

Maiatzean, 1.558 langabe gutxiago Hego Euskal Herrian

Iker Aranburu

Enpleguak indarrez egin du gora: apirilean baino 8.127 kotizatzaile gehiago ditu Gizarte Segurantzak.

Fagor Ederlaneko langile bat, Bergarako fabrikan. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Azkenean, legean jaso gabe geratu da kooperatibisten kotizazio eredua

Aitor Biain

Pentsioen erreformaren tramitazioa baliatu nahi zuten eredu mistoa testuari eransteko, baina ezbaian geratu da legealdia eten denez. Bazkideek Gizarte Segurantzan eta Lagun Aron kotizatzen dute

Legazpiko lantegian autogintzarako burdin lanak egiten dituzte ©CIE Automotive

Legazpiko CIEko langileek greba mugagabea hasiko dute asteartean

Jokin Sagarzazu

KPIaren gaineko soldata igoerak eskatu dituzte. 205 langile ditu plantak. Legution ere greban daude maiatzaren 15etik.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.