Audientziak

ETB2k %7,7ko ikusle kuota izan du azaroan, 2019ko udatik lortutako txikiena

ETB1en, lau eta erdikoaren finalak %24,5eko ikusle kuota lortu zuen, eta %1,9ko batezbestekoa izan du azaroan. ETB3k %0,2ko ikusle kuota du.

Ezkudia-Altuna finala. ARITZ LOIOLA / FOKU
urtzi urkizu
2022ko abenduaren 1a
13:52
Entzun

ETB2 katearen ikusle datuak ez dira onak azkeneko hilabeteetan, batez ere aurreko bi urteetako batezbestekoekin alderatuz gero. Irailean %8,2ko ikusle kuota izan zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; urrian, %8ra jaitsi zen; eta, azaroan, %7,7ko ikusle kuotaraino jausi da. 2019ko abuztutik ez zuen kate publikoak hain datu txikia lortzen. Izan ere, 2020. urte osoan %10eko ikusle kuota bereganatu zuen ETB2k, eta iaz,%10,1ekoa. Horrenbestez, aurreko bi urteetako datuetatik nabarmen behera dabil. Teleberri albistegia da kateari datu onenak ematen dizkiona azkeneko hilabeteetan, nahiz eta behera egin duen. Azaroan, %16,9eko ikusle kuota izan dute ETB2ko albistegiek. Arratsaldeko programek zailtasunak dituzte azkenaldian ikusleak bereganatzeko.

ETB1ek, berriz, %1,9eko ikusle kuota lortu du azaroan. 2021eko urte osoko batezbestekoarekin alderatuta, txikiagoa da, %2,2ko kuota izan baitzuen iaz euskarazko kateak. Dena den, ETB1en kuota azaroan txikiagoa izango litzateke lau eta erdiko txapelketako finalerdiak eta finalak eman izan ez balitu. Sekulakoa izan zen Ezkurdia-Altuna finalak lortu zuen datua: %24,5eko ikusle kuota —euskaldunen artean, %38,3koa—. 322.000 herritarrek egin zuten bat uneren batean pilota partidaren zuzeneko emanaldiarekin. Azkeneko bost urteetako lau eta erdiko finalen artean ikusle daturik onenak lortu zituena izan zen Ezkurdiak Altunari 22-21 irabazi ziona.

Haurrentzako ETB3 katea, bestalde, eskas samar dabil: %0,2ko ikusle kuota du. Bere horretan mantentzen da ETB4 katea, %0,8ko kuotarekin.

Katalunian, TV3 katalanezko kate publikoa liderra da, %14,8ko ikusle kuotarekin. Galizian, galegozko TVGk %11,7ko kuota izan du azaroan.

Telebista kontsumoari dagokionez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan herritar bakoitzak egunean 196 minutu pasatu zituen telebista tradizionalaren aurrean. Galizian, kontsumoa 207 minutukoa da. Eta Katalunian, 178 minutukoa.

EITBko irratien datuak
Estudio General de Mediosek denboraldiko lehen neurketaren datuak eman ditu. Horren arabera, Euskadi Irratiak 126.000 entzule ditu «Euskal Autonomia Erkidegoan eta eragin esparruan». Gainera, euskarazko kate publikoa liderra da Gipuzkoan. Radio Euskadik, berriz, 146.000 entzule ditu eremu geografiko berean. Gazteak 77.000 entzule ditu, aurreko neurketa batzuetan baino gutxiago. EITB Musika irratiarentzat, berriz, datua oso ona da: 40.000 entzule, azkeneko lau urteetako onena. Radio Vitoriak 24.000 entzule ditu.

Telebistari dagokionez, EGMren arabera, 686.000 ikus-entzulek egiten dute bat egunero ETBko kateekin. Irratiak eta telebistak batuz gero, EITB taldeak 1.067.000 ikusle eta entzule ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.