Giza eskubideak

Dora Maria Tellezi emango diote Rene Cassin saria

«Giza eskubideen sustapenean, defentsan eta zabalkundean duen konpromisoagatik» sarituko dute.

Tellez, 2008ko ekaineko mobilizazio batean, Managuan. MARIO LOPEZ / EFE
jon olano
2022ko abenduaren 2a
13:00
Entzun

Dora Maria Tellez Argüello (Matagalpa, Nikaragua, 1955) historialari eta ikertzaileak jaso du 2022ko Rene Cassin saria. Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, epaimahaiak «bereziki balioetsi» du «giza eskubideen, emakumeen eskubideen eta Nikaraguako demokraziaren defentsan eginiko ibilbide luzea eta ekina».

Tellez preso dago iazko ekainetik. Joan den irailean gose greba hasi zuen, bere eta kideen askatasuna eskatzeko eta Nikaraguako espetxeetako baldintzen eta haietan jasotzen duten tratuaren aurka protesta egiteko.

«Gerrillari den aldetik, haren bizitza arriskuan jarri zuen, Anastasio Somoza jeneralaren diktadura amaitzeko, eta gakoa izan zen ondoren etorri zen bitartekaritza eta elkarrizketa prozesuan», Jaurlaritzak nabarmendu duenez: «Gobernu sandinistako Osasuneko ministroa eta Movimiento Renovador Sandinista (MRS) mugimenduaren –2007an Ortegak legez kanpo utzi zuen indar politikoa– sortzaile den aldetik edo Latinoamerikan genero politiken sustatzaile den aldetik, beti izan da emakumeen eskubideen, demokraziaren eta zuzenbide estatuaren aldeko defendatzaile irmoa».

Tellez Politika Zientzietako honoris causa doktorea da Helsinkiko Unibertsitatean (2011). Aurrez, Iraultza Sandinistako komandante gerrillaria izan zen, eta Osasun ministroa 1985etik 1990era bitartean.

Saria emateko ekitaldia Gasteizen izango da, bihar zortzi. Bertan izango dira, besteak beste, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.