Albistea entzun

KURDISTAN

SDFek jakinarazi dute eten egin dituztela AEBekin egiten ari ziren operazioak

Milizia kurduak indar nagusitzat dituen eta Pentagonoaren babesa duen koalizioa ohartarazten ari zen Ankarak eraso bat hasiz gero horri erantzutea lehenetsiko zuela. EIren aurkako borrokari eragingo dio

Turkiaren erasoaren aurkako manifestazio bat, azaroaren 20an, Qamixlin.
Turkiaren erasoaren aurkako manifestazio bat, azaroaren 20an, Qamixlin. EFE Tamaina handiagoan ikusi

Igor Susaeta -

2022ko abenduak 2

Turkiak orain dela bi aste Siriaren menpeko Kurdistanen hasitako aire erasoak erabaki bat hartzera bultzatu ditu SDF Siriako Indar Demokratikoak. YPG (Herriaren Babes Unitateak) milizia kurduak indar nagusitzat dauzkan eta
AEBen laguntza militarra jasotzen duen koalizioak jakinarazi du eten egin dituela Pentagonoarekin batera EI Estatu Islamikotik irauten duten zelulen kontra egiten ari den operazioak.

SDFak aspalditik ari ziren ohartarazten Turkiak eraso berri bat hasiz gero horri erantzutea lehenetsiko zutela. Horrek esan nahi du, horrenbestez, baliabide gutxiago eduki dituztela bai EIko kideak hartzen dituen kartzela baten zaintzarako, bai muturreko talde islamista horren ekintzen kontra borrokatzeko. Koalizioaren bozeramaile Aram Hennak jakinarazi du, gaur, eten egin dituztela «terrorismoaren aurkako operazio bateratuak eta horien koordinazioa».

Ankarak erasoaldia hasi zuen duela bi aste; hain zuzen, Istanbulen sei hildako eta 81 zauritu eragin zituen atentatu bat gertatu eta astebetera. Turkiako Gobernuak milizia kurduei eta PKK Kurdistango Langileen Alderdiari egozten die egiletza, nahiz eta haiek ukatu egiten duten.

Horiek horrela, Lloyd Austin AEBetako Defentsa idazkariak Turkiako bere homologo Hulusi Akarrekin hitz egin zuen, telefonoz, herenegun, eta adierazi zion Washington dagoela, «irmoki», Ankara Siriaren menpeko Kurdistanen egiten ari den erasoaren kontra. Hori esan zuen, atzo, Pentagonoko bozeramaile Pat Ryderrek. Mintzatu ziren, gainera, Turkiako armadak lurretik egin asmo duen erasoari buruz. Izan ere, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak baieztatu zuen, pasa den azaroaren 22an, lurreko eraso bat ere egingo dutela.

Ryderrek adierazi zuen, agerraldi horretan, AEBek YPGekin egiten dituen patruilatze lanak murriztu behar izan dituztela, milizia kurduek beren patruilak murriztu dituztelako. Ez zuen ezer esan, ordea, operazio bateratuak eteteaz. Hori bai, ez du nahi «alferrik galtzen utzi» 2017az geroztik SDFekin EIren kontra egindako «ahalegina».

Siriaren menpeko Kurdistango administrazio autonomoko barne desplazatuen bulegoaren burua da Xeikhmous Ahmed, eta Reuters berri agentziari esan dio Al-Hol desplazatuen kanpalekuan operazio humanitarioak eten dituztela azkeneko asteotan. Ohartarazi du, bide batez, horren ondorioz handik alde egiten ahalegindu direla EIra afiliatutako adingabe batzuk.

70 bat hildako
SDFen buru Mazloum Abdi jeneralak aste honen hasieran azaldu zion Reuters berri agentziari Washingtonen aldetik «mezu indartsuago bat» espero duela: «Urduri gaude oraindik. Adierazpen sendoagoak behar ditugu. Turkiak zein asmo duen iragarri du, eta aurrera egiten ari da. Beste herrialde batzuek hartzen duten posizioaz egiten duen azterketak erabakiko du inbasioa hasiko duen edo ez».

Pasa den azaroaren 20az geroztiko bonbardaketetan gutxienez 70 pertsona hil dituzte; hildakoen artean daude milizia kurduetako kideak, Siriako armadako soldaduak, eta baita zibilak ere. Turkiari bonbardaketak bertan behera utz ditzan eskatzeko, manifestazio ugari eta jendetsuak egin dituzte azkeneko bi asteotan Deir ez-Zor, Kobani eta Qamixli hirietan, besteak beste.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Poliziaren indarkeriaren kontrako manifestazio bat, atzo, Atlantan, Georgia estatuko hiriburuan. ©ERIK S. LESSER / EFE

Poliziak Nicholsi eman zion jipoiak protestak piztu ditu AEBetan

Gorka Berasategi Otamendi

Ostiralean publiko egin zituzten bost poliziak gazte afro-amerikarrari eman zioten jipoiaren irudiak. Grabazioetan ikusten denez, bortizki jo zuten, baita aurre egiteko aukerarik ez zuenean ere

 ©EMILIA GUTIERREZ / LV

«Ezohiko egoera bat sortu dugu: epaileek iritzia ematen dute guztiaren inguruan»

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Espainiako botere judizialak joera erreakzionarioa hartu duela uste du Pedro Vallinek, eta hori ez dela kasualitatea. Azaldu du Espainiako Estatuak bere iraupena arriskuan ikusten badu demokrazia «etsaitzat» eta «mehatxutzat» har dezakeela.
Greziatik kanporatutako migratzaile talde bat, baltsa batean, Turkiako kostazainen esku gelditzear. ©ERDEM SAHIN / EFE
Jerusalemgo atzoko erasoan zauritutako bat, esku ohe batean. ©A. SAFADI / EFE

Bi israeldar larri Jerusalemen izandako beste eraso batean

Berria

Erasotzailea 13 urteko nerabe palestinar bat da, Israelgo Poliziaren arabera. 42 lagun atxilotu dituzte Zisjordanian

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...