Hizkuntza politika

Euskalgintzaren prekaritateari aurre egitea «zaila» izanen da energiaren kariotze garaian, Kurutxarriren ustez

Ipar Euskal Herriko Euskal Hedabideek emankizun berezia egin dute goizean, Baionan. Euskaraldiaren biharamunean, bilana egin dute, eta euskalgintzaren prekaritatea ere izan dute aipagai.

Euskal Hedabideen emankizuna, goizean, Baionan. KANALDUDE
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko abenduaren 3a
12:35
Entzun

Euskaraldiaren eta Euskararen Nazioarteko Egunaren karietara, Ipar Euskal Herriko euskarazko bost hedabideak elkarlanean aritu dira gaur, Euskara, hedabideetatik karriketara! programa berezian. Baionako merkatutik zuzenean, Arantxa Idieder kazetariak eraman du saioa, Menane Oxandabaratz eta Kriztof Arotzarene kazetarien laguntzarekin. Euskaraldiaren bilanaz, hizkuntza politikaz eta euskalgintzaren prekaritateaz aritu dira.

Antton Kurutxarri Euskararen Erakunde Publikoko lehendakaria izan dute gomita, Euskal Konfederazioko Sebastien Castetekin batean. Euskalgintzako eragileen prekaritatea ekarri dute mahai gainera. Urrian, alarma gorria piztu zuen Ipar Euskal Herriko AEK-k, langileen prekaritatea salatu eta «urgentzia ekonomikoan» direla deitoratzeko. Ildo beretik, Castetek euskalgintzak eta euskararen biziberritzeak «behar ekonomikoak» behar dituela erran zuen. Kurutxarriren aburuz, euskalgintzako eragileen kezka heldua da instituzioetara, eta eztabaida hasia dute jada. «Eragile nagusi batzuk egoera gorrian ikusteak kezka sortzen du, eta eztabaida horretan sartzen ari gara. Baina ez dugu xantzarik: eztabaida horretan sartzen ari gara denetan energiaren prezioa igotzen ari delarik eta instituzioek ikaragarrizko gastu emendatzea izanen dutelarik horrekin. Negoziaketa tinko eta gogorra izanen da zerbaiten erdiesteko».

Euskararen ezagupen ofizialaz ere jardun dute biek. Honela mintzatu da Kurutxarri: «Behar dugu estatus edo ezagupen ofizial bat. Egun, ez da geriza juridikorik euskararentzat eta hori aldarrikatzen dugu. Molac legearen momentuan aldarrikapen hori biziago zen, eta orain berpiztu behar dugu. Dudarik gabe, desmartxa juridiko batzuk desblokatuko lituzke». Casteten ikuspegitik, ordea, ezagupen ofiziala «ez da nahikoa». Irlandako adibidea ekarri du gogora, erranez herrialde horretan hizkuntzak ezagupena baduela, baina oso egoera kaskarrean dela. «Beraz, ezagupen ofizialak ez du dena egiten. Lege kuadroa ematen du, baina behar dira ere diru baliabideak».

Azkenik, Kurutxarriri galdetu diote azterketak euskaraz pasatzeko negoziazioen harira Paristik berririk izan ote duen. Segurtatu du azken hiru hilabeteetan «berri izpirik ez» dutela izan. Emankizuna baliatu du François Xavier Pestel akademia ikuskariari dei egiteko, «ez dezan euskara ahantzi».

Euskaraldiaren hamaseigarren eguna

Euskaraldiaren bilana egin dute Zilia Hirigoien Ipar Euskal Herriko Euskaraldiko arduradunak eta Eneko Gorri Erabil kolektiboko kideak. Hirigoienek «balorazio ona» egin du: «Euskaraldia ez da euskararen aldeko kanpaina bat baizik eta ariketa sozial masibo bat. Gizartean ezaguna izaten hasi da, eta finkatzen ari da ere bai».

Bilan «kontrastatuago» bat egin du Gorrik. «Halere ariketa bitxia da. Euskaldunek oraindik bi txapa eman behar ditugu euskaraz naturalki bizitzeko. Badugu patologia bat. Euskaraldiak ez du bere potentzialitate guzia erakutsi aurten, baina, haatik, hamabostaldi kultural ederra izan da eta hori herri bat bizi den seinale da».

Euskaraldiaren bilan nahiko positiboa egin dute Castetek eta Kurutxarrik ere. Kurutxarri: «Eremu biziki frantsesetan ibiltzen naiz ene egunerokoan, eta leku gutitan ikusi ditut txapak. Haatik, elkargoan baziren ariguneak: EEPn adibidez, jendea txapa zuelarik entseatu da ariketa hobeki egiten, bereziki lehen astean». Castetek, ildo beretik, euskararen biziberritzeko prozesuan erabilera sustatzea ezinbestekotzat jo du. Halere, nabarmendu duenez «dena ez da herritarren gain uzten ahal, instituzioen laguntza ere beharrezkoa baita».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.