Euskara

Ipar Euskal Herriko AEK-k dei egin die instituzioei: «Prekaritatean bizi gara»

Helduen euskalduntzerako erakunde publikoek ematen dituzten laguntza eskasak langileen lansariekin konpentsatzera behartuak direla salatu dute. Euskal Konfederazioak dio Euskararen Erakunde Publikoaren aurrekontuak orain halako bi izan behar duela.

AEK-ko kideak Baionan egin duten agerraldian. BOB EDME
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko urriaren 19a
12:41
Entzun

Alarma gorria piztu du Ipar Euskal Herriko AEK-k. «Urgentzia ekonomikoan gara. Egiturak irauten du AEK-ko langileek prekaritatean lan egiten dugulako. Ez da gehiago jasangarria. Bizitzeko arazoak sortzen dizkigu», adierazi du Amaia Beyrie zuzendaritzako kideak. AEK-ko langileek prentsaurreko masiboa egin dute gaur goizean Baionan, bizi duten egoera azaldu eta erakunde publikoei babesa eskatzeko. «Hizkuntza politikan estrategikotzat jotzen da helduen euskalduntzearen erronka, baina gure aurrekontuaren %30 baizik ez digute bermatzen», salatu dute. Hautetsiei dei egin diete erabakiak har ditzaten. «Duinki lan egin behar dugu».

Euskara dohainik ikasi ahal izatea galdegin zuen AEK-k apirilean Donibane Garazin, eta helburu horri atxikiak direla azpimarratu du Beyriek: «Euskara ikastea eskubide bat da: ez da erosten. Baina ikasleak ez dira lagunduak; ondorioz, AEK-k konpentsatzen du». Biziki prezio apalak proposatzen ditu Ipar Euskal Herriko AEK-k, ordua 2 eta 2,9 euro artean. «Gure jarduera defizitarioa da. Diru laguntzetan konpentsaziorik ez bada, paretaren kontra goaz». Aurrekontuaren %80 lansarietarako erabiltzen dute. «Urtez urte, gero eta gehiago tinkatzen dugu». Gaur egun AEK-n lanean hasten den batek 1.400 euroko hamabi sari ditu urtean; hogei urteko antzinatasuna duenak, 1.700 eurokoa.

Bi diru laguntza mota daude helduen euskalduntzerako: ikasleei ematen zaizkien bekak eta egiturari ematen zaizkion laguntza zuzenak. Garai batean, Errobiko eta Zuberoako herri elkargoek beka batzuk ematen zituzten, baina Euskal Hirigune Elkargoa sortu denetik «lurperatuak» izan direla esplikatu du Beyriek. Prestakuntza trinkoetan diren ikasleak laguntzen ditu gaur egun EEP Euskararen Erakunde Publikoak: urtean hamabost ikasle bakarrik.

Egoera nolakoa den ikusteko, komeni da Hego Euskal Herriko AEK-k dituen baldintzekin alderatzea. Xabier Garzia AEK-ko artezkaritzako kideak eman ditu azalpenak. «Guk nahi baino motelago badoa ere, azken urteetan urrats nabarmenak egin dira». 2021eko apirilean akordioa lortu zuten Eusko Jaurlaritzarekin udal euskaltegien lan baldintzetara hurbiltzeko, eta, gaur egun, AEK-k dituen gastuen %60 eta %70 artean hartzen ditu bere gain administrazio publikoak. Ikasleek dituzten laguntzak ere azpimarragarriak dira: B2 maila arte, matrikulazioaren gastuak itzultzen zaizkie maila lortzen badute. Nafarroan, UPNren gobernuarekin garai gogorrak bizi ondoren, 2015ean izan zen aldaketa, eta, gaur egun, bi milioi euroko laguntza eskuratzen dute herri ekimeneko euskaltegiek. Ikasleek aukera dute matrikularen erdia berreskuratzeko, eskoletara joaten badira. Hala ere, ikasleek dirua aurreratu beharra deitoratu du Garziak, eta Nafarroan euskararen estatusean urratsak egiteko beharra nabarmendu du.

Ipar Euskal Herrian, AEK-k EEPtik eskuratzen du diru laguntza bakarra: 520.000 euro urtean. Duela bost urte emendatze bat lortu zuten, baina, ordutik, berdin dirau. Beyriek azpimarratu du, gainera, diru laguntza ez dela jardueraren araberakoa. «Ikasle kopurua gora doan heinean, pobretzen ari gara». Uztailean izan zuten bilkura EEPrekin, eta «entzun» zituztela erran dute, baina erantzunak ez zituela ase: kutxak hutsak direla, dirua banatua dela eta aurrekontua mugatua dela. «Aterabideak behar ditugu: prekaritate honekin ezin dugu segitu», berretsi du Ihintz Oliden Ipar Euskal Herriko AEK-ko koordinatzaileak. Bide beretik jo du Garziak ere: «AEK-k lan bera egiten du Euskal Herri osoan. Ez zaigu bidezkoa iruditzen langileen eta ikasleen baldintzak hain desberdinak izatea lurraldeen arabera». Instituzioei dei egin die norabide berean arraun egin dezaten.

1630 ikasle aurten

Etengabe handituz doa Ipar Euskal Herriko AEK. Egun, hamalau gau eskola ditu Hendaiatik (Lapurdi) Maulera (Zuberoa), eta 1430 ikasle biltzen dira horietan. Formakuntza profesionalean ere ari dira: 150 ikaslek ikasten dute euskara lan orduetan, Xede taldeen bidez, eta beste 50ek sei hilabeteko ikastaro trinkoetan. Orotara, 1630 ikasle dituzte, eta 28.100 talde oren ematen dituzte –talde bati ematen dioten ikasketa orduari deitzen diote horrela–. Euskal Herriko hiru lurralde administratiboetan erakunde publikoek talde oren bakoitzeko ematen duten laguntza alderatzea esanguratsua da: Eusko Jaurlaritzak 40 euro ematen ditu ordu bakoitzeko, Nafarroako Gobernuak 39, eta EEPk 24 besterik ez.

Olidenen hitzetan, «emeki-emeki» gora doa Ipar Euskal Herriko AEK, eta azken urteetan kontratazioan eta prestakuntzan «indar berezia» egin dutela azpimarratu du. Frantziako Estatuak formakuntza zentroei ematen dien Qualiopi kalitate ziurtagiria lortu dute berriki, adibidez. Gaur egun, 70 langile ditu egiturak. «Hizkuntza politika proiektuan helduen euskalduntzeak dituen erronka handiak azpimarratuak dira. AEK horretarako prest da».

EEPren aurrekontua orain halako bi izatea

Sebastien Castet Euskal Konfederazioko ordezkariak esplikatu du AEK ez dela kasu bakana Ipar Euskal Herriko euskalgintzan, eta EEPk zer funtzio betetzen duen esplikatu du. Erakundeak berak eramaten dituen lan ildoak daude batetik, eta beste eragileen esku uzten dituenak bestetik. Horiei begira «erreferente» izateko ardura du egitura publikoak, mota guzietako laguntza emanez; horietan garrantzitsuena, laguntza ekonomikoa. «AEK-k ez bezala, batzuek harreman onak dituzte, baina diru eskasia handia da; langileak prekaritatean dira beste egitura batzuetan ere».

Galdera ere egin du: «Zer zentzu du elkarlanean aritzeak ondoren dirurik ez bada EEPk ontzat ematen dituen eta batera eraiki ditugun proiektuentzat?». Haren hitzetan, hizkuntza politika proiektua ez da «behar bezala» eramana. Lurralde hitzarmenaren berritzearen harira 2015ean izan ziren gogoetak eta eztabaidak oroitarazi ditu. Euskarari buruzko lantaldean, EEPren aurrekontua ordura arte halako bi izateko beharra azaleratu zuten aho batez, baina, ordutik ez du eraginik izan. Funtsean, 2004an sortu zutenetik, kasik ez da emendatu erakunde publikoaren aurrekontua. «Jauzi kualitatibo eta kuantitatibo bat behar da; orain da garaia», egin du deiadar Castetek. Izan ere, urte bukaera aitzin arraberrituko dute EEPren egitura: Frantziako Estatua, Akitania Berria eskualdea, Pirinio Atlantikoetako departamendua eta Euskal Hirigune Elkargoa biltzen dituen egitura interes publikoko elkargoa da Frantziako administrazioan, eta erabaki behar dute hemendik aitzinera ere hala izan behar duen. Castetek ez du zalantzan jarri egiturak aitzina segituko duenik: «baina ezinbestekoa da EEPren aurrekontua bikoiztea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.