Udal eta foru hauteskundeak

Gasteizerako proiektu «kontinuista eta berritzailea» gidatuko duela esan du Artolazabalek

EAJren Arabako Lurralde Batzarrak Arabako hiru barrutietarako hautagaiak berretsi ditu gaur. EH Bilduk oniritzia eman die Arabako zortzi udalerrietako zerrendaburuei, eta Ahal Dugu-k hiriburuetako hautagaiak aurkeztu ditu.

Beatriz Artolazabal eta Ramiro Gonzalez, gaur, Gasteizen. L. RICO / EFE
Edurne Begiristain.
2022ko abenduaren 3a
15:23
Entzun

Datorren urtean Hego Euskal Herrian izango diren udal eta foru hauteskundeei begira buru belarri ari dira lanean alderdiak. Gaur, EAJk Arabako eta Gasteizko hautagaiak berretsi ditu. Ramiro Gonzalez egungo ahaldun nagusia berriro izango da Arabako Foru Aldundirako zerrendaburua, eta Beatriz Artolazabal Jaurlaritzako Justizia, Berdintasun eta Gizarte Politiketako sailburua Gasteizko Udalerako alkategaia. Haiekin batera, hurrengo hautagaiak berretsi ditu Arabako Lurralde Batzarrak: Irma Basterra Aiarako zerrendaburu eta Batzar Nagusietarako presidentegaia izango da eta Joseba Diez Lur Jareetako hautagaia. Alderdiak aho batez babestu ditu zerrendaburu guztiak.

Bozketaren ondotik hitza hartu du Artolazabalek, eta hark esan du Gasteizerako proiektu «kontinuista eta berritzaile» bat gidatuko duela, hirian «ilusioa eta konfiantza» sortzeko. Azpimarratu du Gasteizko lehen emakume alkatea izan nahi duela eta «ohorea» dela hiriko belaunaldi gazteen eta emakumeen «erreferente» izatea. «Erantzukizunez hartzen dut emakumeentzat erreferente bihurtzeko erronka».

Artolazabalek iragarri du «aste batzuk barru» utziko dituela Eusko Jaurlaritzan dituen ardurak, Gasteizko alkatetzarako kanpainaurreari heltzeko. «Itsasontzia ibilbide eder baten erdian utzi beharko dut», aitortu du, hunkituta. Hortaz, Iñigo Urkullu lehendakariak gobernua berritu beharko du datozen asteetan.

Artolazabal beste lau emakumerekin lehiatuko da Gasteizko alkatetzan: Maider Etxebarria (PSE-EE), Rocio Vitero (EH Bildu), Ainhoa Domaica (PP) eta Garbiñe Ruiz (Ahal Dugu).

EH Bilduko hautagaiak Araban
Bestalde, gaur eguerdian amaitu da Arabako beste zortzi udalerritan udal hauteskundeetako zerrendaburuak hautatzeko prozesua. EH Bilduko oinarriek berretsi egin dituzte Amurrio, Argantzon, Artziniega, Barrundia, Erriberagoitia, Kuartango, Zalduondo eta Zuiako hautagaiak.

Amurrion eta Zalduondon aldaketak izango dira eta Jon Berganza Urruela eta Lurdes Lekuona Laburu izango dira lehen aldiz alkategaiak, hurrenez hurren. Argantzonen, Artziniegan, Barrundian eta Zuian alkatetzak berresteko asmoa dute Pablo Ortiz de Latierrok, Joseba Vivancok, Igor Medinak eta Unai Gutierrez Urkizak, hurrenez hurren. Erriberagoitian eta Kuartangon Josepe Martioda eta Amaia Ruiz de Zarate izango dira berriz zerrendaburuak.Dagoeneko, guztira, EH Bilduk hamasei udalerrietan burutu du zerrendaburua izendatzeko prozesua.

Ahal Dugu
Ahal Dugu-k ere udal eta foru hauteskundeetarako hautagaiak ofizialki aurkeztu ditu Gasteizen. Pablo Etxenike Unidas Podemosek Espainiako Kongresuan duen bozeramailea izan da ekitaldian, etabaita Pilar Garrido Ahal Dugu-ren idazkari nagusia ere. Bilboko, Donostiako eta Gasteizko Udaletarako hautagaiak aurkeztu dituzte: Ana Viñals Bilboko alkategaia izango da, Victor Lasa Donostikoa eta Garbiñe Ruiz Gasteizkoa.

Garridok EAEko Hezkuntza legea izan du hizpide. Esan du Ahal Dugu-k hezkuntza itunean jasotakoa errespetatzen dutela, gainerako alderdiek ez bezala. «Eskola publikoa indartu beharra dago, argi eta garbi».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.