Krisia Osakidetzan

Sagarduik ez luke karguan segitu beharko, EH Bilduren arabera

Elkarrekin Podemos-IUk eta PP+C’s-k agerraldi bat egiteko eskatu diote sailburuari Eusko Legebiltzarrean. PP+C's-ek Sagardui kargutik kentzeko eskatu dio lehendakariari.

Rebeka Ubera eta Maddalen Iriarte, Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudian. RAUL BOGAJO/ FOKU
Edurne Begiristain - Julen Aperribai
2022ko abenduaren 5a
12:28
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik Donostiako ESIan gertatutakoa argitzeko egindako agerraldiak gogortu egin ditu EH Bilduren kritikak. Haren azalpenak eskatuak zituen Rebeka Ubera legebiltzarkideak goizean, baina, sailburuaren prentsaurrekoaren ondoren, Unai Urruzuno EH Bilduren bozeramaileak adierazi du Sagarduik ez lukeela karguan jarraitu behar: «Harrokeriak eta itsutasun politikoak ezin dute ezein administrazioaren gobernantza eredua gidatu. Ezin da premiazko prentsaurreko bat deitu krisi politiko baten erdian eta bertan herritarrei adierazi bost axola zaizkiela pertsonal sanitarioaren, profesionalen, sindikalaren eta oposizio politiko guztiaren kritikak eta salaketak». Jarrera horrek «larriagotu» baino ez du egin Osakidetzaren «krisia», Urruzunoren arabera. Jaurlaritzako Osasun sailari dagokiona «krisiak aitortzea eta horiei irtenbideak eskaintzea» dela esan du, eta, hain justu, kontrakoa ari dela egiten.

Ikusi gehiago:>> Osakidetzaren «politika suizida» salatu dute Donostiako ESIko 30 bat zerbitzuburuk

Lehenago, Uberak salatu du Osakidetzaren egoera «oso larria eta kezkagarria» dela, eta ohartarazi Osakidetzaren «kudeaketa txarra eta desegokia» dagoela azken egunetan izan diren kargugabetze eta dimisioen atzean. Uberaren iritziz, ez da kasualitatea Osakidetzak orain duen egoera, «gobernantza eredu jakin baten ondorio» baizik. «Erabakiak modu bertikalean inposatzen dituen gobernantza eredua dago Donostia aldeko ESIan piztu den polemikaren jatorrian eta muinean. Eta gobernantza eredu hori da Osakidetzak ezinbestean errotik aldatu behar duena».

Besteak beste, Donostia aldeko ESIan haserrea piztu du Gurutzetan zentralizatu nahi izateak Donostian aitzindari izandako minbizi peritonealaren tratamendua. Uberak azpimarratu duenez, hori ez da Osasun Sailaren zentralizazio prozesuaren adibide bakarra: are, jakinarazi du Osakidetzaren 2023ko memorian jasota dagoela beste sei espezialitate zentralizatzeko asmoa dagoela. Horregatik guztiagatik, EH Bilduk azalpenak eskatuko dizkio Sagarduiri Eusko Legebiltzarreko hurrengo kontrol batzarrean, Donostia aldeko ESIko kargugabetzeak eta dimisioak argitu ditzan. Osakidetzako zuzendaritzaren jokabidea babesten badu, dimisioa eman beharko du, EH Bilduren ustez.

Elkarrekin Podemos-IUk, berriz, Sagarduiren agerraldia eskatu du Eusko Legebiltzarrean. Miren Gorrotxategi bozeramailearen iritziz, «onartezina» da Osakidetzak profesionalak kargutik kentzea kudeaketa ereduaren gabeziak agerian utzi dituztelako. Uste du Osasun Sailak zerbitzu publikoak defendatu behar dituela, eta, Donostia aldeko zerbitzuburuen iritzia entzuteaz gain, atzera bota behar dituela kargugabetzeak.

Eusko Legebiltzarrean erregistratutako agerraldi eskean, berriz, EP-IUk azpimarratu du Donostia aldeko ESIren krisia inoiz ez bezalakoa dela, eta agerian uzten duela nolako gabeziak dauden Osakidetzaren kudeaketan. «Kontrolik ez dago, eta gure osasun publikoa suntsitzera bideratutako kudeaketa bat egiten ari dira».

PP+C’s-k, berriz, Sagarduiren agerraldia eskatu du, baina ohartarazita karguan ezin dela «minutu bat gehiago» egon. Hala, kargutik kentzeko eskatu dio Iñigo Urkullu lehendakariari.

Ikusi gehiago: Agustin Agirre izendatuko dute Donostia aldeko ESIko jarduneko zuzendari

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.