Krisia Osakidetzan

Agustin Agirre izendatuko dute Donostia aldeko ESIko jarduneko zuzendari

Osakidetzako zuzendaritzak ostiralean kendu zuen kargutik Itziar Perez. Loreto Marquet erizaintzako zuzendariordeak ere dimisioa eman du.

Agustin Agirre. GOIENA KOMUNIKAZIO TALDEA
jon olano
2022ko abenduaren 5a
10:13
Entzun

Joan den ostiralean Osakidetzako zuzendaritzak Itziar Perez Donostia aldeko ESI erakunde sanitario integratuaren zuzendari kudeatzaile kargutik kendu eta gero, EITBk gaur jakinarazi du Agustin Agirre izango dela haren ordezkoa, behin-behinean. Agirre Bidasoaldeko ESIko burua da gaur egun.

Aurrez, Agirre Basurtuko ESIko zuzendari medikua izan zen, eta, Bidasokora lekualdatu aurretik, Debagoieneko Ospitaleko zuzendari medikoa izan zen. Erietxe horretan aritu ziren lanean 2018ko udaberriko lan eskaintza publikoan egondako iruzurrak salatu zuten hiru anestesiologoak, eta, Agirre bertako arduradun zela, auzia salatu ondoren Agirrerengandik jasandako tratua salatu zuen Roberto Sanchez anestesiologoak aurtengo maiatzean, Eldiario.es atarian argitaratutako artikulu batean. Izen-abizenik aipatu gabe, BERRIAn ere salatu zuten jasotako tratua. Lan eskaintza publikoko iruzurraren ondorioz, Debagoieneko ESIko Maria Jesus Mujikak dimisioa eman zuen, eta hura ordezkatu zuen Agirrek.

Bidasoko ESIan hilabeteak zeramatzan Agirrek. Haren aurretik, Jose Manuel Ladron de Gebara zegoen arduradun, baina hark maiatzean dimititu zuen, ebakuntza geletako obren proiektuak sortutako eztabaidaren testuinguruan.

Gainera, El Diario Vasco egunkariak zabaldu duenez, Loreto Marquet erizaintza zuzendariordeak ere dimisioa eman du.

Osakidetzak ostiralean kendu zituen kargutik Perez eta Donostia ospitaleko zuzendari mediko Idoia Gurrutxaga, eta gaur gauzatuko dira beste bi dimisio: Adolfo Begiristain Donostia ospitaleko kirurgia zerbitzuko zuzendariorde medikuarena eta Maite Martinez mediku zuzendariordearena.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren agendan ez da ekitaldirik ageri hilaren 15era arte, baina gaur gaiari buruzko adierazpenak egingo dituzte. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk ere azalpenak eskatu dizkiote Sagarduiri, eta PP+C's-ek Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariari eskatu dio Sagardui kargutik kentzeko.

Ostiralean bertan, Donostia aldeko ESIko zerbitzuburuek protesta egin zuten kargugabetzeen kontra, eta gaur gutun bat zabaldu dute, Osakidetzaren «politika suizida» arbuiatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.